Donostiako Zinemaldia

'Amaren eskuak' filma Donostiako Zinemaldian estreinatuko dute

Mireia Gabilondok zuzendutako filma irailaren 24an emango dute lehenengoz, Zinemira sailaren galan. Sail horretan Euskal Herrian ekoitzitako zortzi film luze aurkeztuko dituzte, eta horietako bost estreinaldiak izango dira. Bideoa: 'Amaren eskuak' filmaren trailerra sareratu dute. [youtube]http://youtu.be/ZY3-ICjy4WY[/youtube]

Berria.info
2013ko abuztuaren 23a
17:06
Entzun

Donostiako Zinemaldiko Zinemira sailaren aurtengo ekitaldian Euskal Herrian ekoitzitako zortzi film luze aurketzuko dira, eta haien artean bakarra izango da fikziozkoa: Mireia Gabilondoren Amaren eskuak, Karmele Jaioren izenburu bereko eleberrian oinarritua eta Zinemaldian bertan estreinatua.

Gainerako zazpiak dokumentalak dira. Zinemirako zazpi dokumental horietatik lau jaialdian estreinatuko dira, Amaren eskuak bezala: Amaia Merino eta Aitor Merinoren Asier eta biok, Alfonso Andres eta Javier Barajasen Una esvástica sobre el Bidasoa, Enara Goikoetxea eta Monika Zumetaren Izenik gabe, 200X133 eta David Arratibelen Oírse.

Beste hirurak aurretik estreinatuak dira: Eneko Olasagasti eta Jone Karresen Alardearen seme-alabak, Olivier Van der Zeeren Encierro, Bull Running in Pamplona eta Jorge Gil Munarrizen El método Arrieta.

Zinemiran estreinatuko diren bost filmak Euskal Zinemaren Irizar saria irabazteko lehian ariko dira. Lehiakide izango dituzte osorik edo parte batean Euskal Herrian ekoitzi eta Zinemaldiko beste hainbat sailetan estreinatuko diren beste hiru lan: Fernando Francoren La herida —Sail Ofizialean estreinatuko da—, Fran Araujo eta Ernesto de Nova Roldanen El Rayo —Zuzendari Berriak sailean estreinatuko da— eta Luiso Berdejoren Violet —Zabaltegin estreinatuko da—.    

Horrez gain, atzo jakinarazi zuten aurtengo Zinemira saria Juan Bautista Berasategi zuzendariari emango diotela Zinemira sailaren galan, haren ibilbide osoaren aitormen gisa.

ETBren galan, irailaren 23an, DSS 1913-2013 dokumentala emango dute. Kimuak katalogorako hautatutako zazpi film laburrak ere emango dira jaialdian, profesional eta akreditaziodunentzako saioetan.Haien artean Asier Altunaren Zela Trovke eta Izibene Oñederraren Hotzanak, For Your Own Safety daude.

Zinemaldiaren beste sail batzuetako Euskal Herriko ekoizpenen, erabat edo zati batean euskaraz diren filmen, euskarara bikoiztu diren filmen eta euskarazko azpidatziak dituzten beste sail batzuetako filmen zerrendak ere ezagutarazi dituzte antolatzaileek.

Mireia Gabilondoren Amaren eskuak irailaren 27an iritsiko da zinema aretoetara, Zinemaldiko estreinaldiaren ondoren. “Tragikomedia bat bezalakoa da pelikula. Sentsazio ona pizten duen alde positiboa dauka. Gustukoa izatea espero dut”, azaldu du Gabilondok. Film luzearen minutu eta erdiko iragarpenak gonbit egiten du ama-alaben artean sortzen den istorio horretan murgiltzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.