Txileko estatu kolpea

Zumardiak odolustu ziren

Irailaren 11n berrogei urte beteko dira Augusto Pinochet buru zuten militarrek estatu kolpea eman eta Salvador Allenderen gobernu demokratikoa eraitsi zutenetik; horren ondorioz sorturiko diktadura Txileren historiaren pasarterik beltzena izan zen.

gotzon hermosilla
2013ko irailaren 8a
13:41
Entzun

Irailak 11 zituen. Tankeek inguratua zuten Moneda jauregia, Errepublikaren presidentearen egoitza, Santiagon (Txile). 10:45ean, militarrek kontrolatzen ez zuten irrati bakarra erabiliz, azken mezua bidali zion Txileko presidente Salvador Allendek bere herriari: "Jarrai iezaiozue jakiteari, berandu baino askoz lehenago, zumardi handiak berriro irekiko direla, eta handik pasatuko dela gizaki librea, gizarte hobea eraikitzeko". Ordu laurden geroago hasi ziren jauregiari bonbaz erasotzen.

Berrogei urte igaro dira hura gertatu zenetik. Hurrengo egunetan, eta militarren agintaldiak iraun zuen hamazazpi urtean ere behin baino gehiagotan, odolez bete ziren Txileko zumardiak, gizaki librearen pasabide izan behar zuten horiek. Orain, berrogei urte geroago, txiletarrek ederto dakite gizarte hobea eraikitzeko lehenengo urratsa iraganaren makurrak ezagutu eta oroitzea dela.

40. urteurrenaren karietara, diktaduraren eta memoria historikoaren gaia Txileko agenda politikoan kokatu da berriro, indarrez kokatu ere. Liburu ugari argitaratzen ari da, ekitaldi eta jardunaldi asko antolatuko dituzte, eta, hori guztia, herrialdea hauteskunde giroan sarturik dagoenean, azaroaren 17an egingo baitituzte presidente berria hautatzeko bozketak.

Gerra Hotzaren epelera

Alexander Ugalde EHUko irakaslea da, eta Latinoamerika eta Kariberi buruzko Ikerketa Taldeko kidea. Bere ustez, Txilen gertatutakoa garai hartako testuinguruan kokatu behar da, hots, Gerra Hotza izenaz ezagutzen den bi blokeen arteko lehian. "Aurreko hamarkadetan, Latinoamerikako ezkerreko indarren saiakera guztiek boterea eskuratzeko porrot egin zuten bertako indar armatuek galarazi zutelako edo, azken buruan, AEB Ameriketako Estatu Batuen esku hartzea zela eta".

Kuba izan zen salbuespen bakarra. Kubaren iraultzaren ereduari jarraikiz, mugimendu gerrillariek indar handia hartu zuten 1960ko hamarkadan Latinoamerikako zenbait herrialdetan, baina guztiek porrot egin zuten. Testuinguru horretan ulertu behar da "sozialismorako bide txiletarra" izenez ezagutu zen saioa: ezkerreko indarren koalizioa, hauteskundeen bidez boterea eskuratu eta sozialismorantz urratsak egiteko helburua zuena.

"Bide txiletar" horrek bazituen zenbait ezaugarri: lehenengo eta behin, esan bezala, hauteskunde bidea lehenestea bide armatuaren aurretik. Bigarrenik, koalizio zabala osatu zuten hauteskundeetan lehiatu ahal izateko, "Alderdi Sozialista indar nagusi zuena, baina komunistak, erradikalak eta ezkerreko eta zentro-ezkerreko beste indar batzuk biltzen zituena". Aniztasun horrek bazituen abantailak, baina desadostasun eta tentsio iturri ere izan zen zenbait unetan.

Ugaldek hirugarren ezaugarri bat nabarmentzen du: Unidad Popular koalizioaren programa politikoak, ezkerrekoa izanik ere, "gutxieneko aldaketa batzuk" baino ez zituen proposatzen: "Arazoa da sektore batzuek, batez ere oligarkiak, armadaren zati batek eta AEBetako multinazionalek, gutxieneko horiek ere ez dituztela onartzen". Horren adibide, kobrearen nazionalizazioa aipatzen du Ugaldek: "Nahiko arrazoizkoa ematen du herrialde batek bere ondare ekonomikoaren jabe egin nahi izateak. Batzuetan ahaztu egiten da, baina gogoratu behar da Txileko Kongresuan kobrearen nazionalizazioa bozkatu zenean, proposamena aho batez onartu zela. Demokrazia kristauak eta eskuinak ere egokitzat jotzen zuten Txilek oinarrizko ondare hori berreskuratu nahi izatea".

AEBen eskua

Orduan, zergatik hainbesteko herra, hain tema handia Allenderen gobernua erorarazteko? AEBen interesak hartu behar dira kontuan azalpen bat ematean. Ez da inongo sekretua Richard Nixonen gobernuak, Henry Kissinger Estatu idazkariaren bidez, esku hartu zuela Txileko estatu kolpean. Beti egon dira horren inguruko susmoak, baina orain, sekretupean mantenduriko agiri eta grabazioak desklasifikatu dituztenean, argi gelditu da hori.

"Kissinger-en memoria liburua, batez ere Txileri buruzko atala, irakurtzea besterik ez dago horretaz jabetzeko", dio Ugaldek. "AEBentzat, arazoa ez zen soilki Txileko egoera, edo AEBetako enpresek Txilen zituzten interesak. Arazorik handiena zen Txile eredu bat izan zitekeela munduko beste herrialdeen aurrean. Hori ezin onartuzkoa zen".

Horregatik, botere ekonomikoek eta eskuin politikoak, AEBek sustaturik, ahalegin guztiak egin zituzten Allende boterera irits ez zedin, eta gobernua eratu zenean, lehenengo momentutik saiatu ziren horren ibilbidea oztopatzen, eskura zituzten tresna guztiak erabilita.

Alde horretatik, Ugaldek uste du paralelismo handiak daudela Txilen 1970etik 1973ra gertatutakoaren eta Venezuelan Hugo Chavezen agintaldian jazotakoaren artean: "Historian gauza berri gutxi egoten da, eta Venezuelako kasua aztertzen badugu, ikus dezakegu antzeko tresnak erabili zituztela batean zein bestean: estatu kolpeak, komunikabideen erabilpena, ugazabek sustaturiko grebak eta abar".

Irailaren 11ko estatu kolpeak hainbat ondorio ekarri zituen. Ondoriorik lazgarriena, jakina, errepresioa izan zen, hildako, desagertu, atxilotu eta torturatuen segizio amaigabea. Baina ondorio politikoak ere ekarri zituen: "Hasteko, errotik moztu zuen ezkerreko indarren esperimentu hori, sozialismoa legezko bideak erabilita lortzen saiatzearena, eta zalantza hori gelditu zen, zer gertatuko zatekeen esperientzia horri garatzen utzi izan baliote". Era berean, Latinoamerikan iraultza baketsurik egitea ezinezkoa zela uste zuten ezkerreko sektoreak indartu zituen, eta, hurrengo urteetan, bide armatua lehenetsiko zuten Nikaragua, El Salvador, Guatemala eta beste zenbait herrialdetan.

Errepresioa

Augusto Pinochet jeneralaren estatu kolpeak bertan behera utzi zuen herritarrek aukeraturiko gobernu demokratikoa, berme demokratikorik gabeko egoera ezarri zuen diktadurak iraun zuen bitartean, eta langile eta klase ertainen pobretzea ekarri zuen. Baina, dudarik gabe, erregimenak erabilitako errepresioaren bortizkeria izan zen Pinocheten agintaldiaren ezaugarririk behinena, eta, seguru asko, orban horrekin igaroko da historiara. Diktadura gehiago izan zen Hego Ameriketan XX. mendean; gehienak ez ziren nabarmendu giza eskubideak aintzat hartzeagatik, baina gutxik erdietsi zuten Txilekoaren ankerkeria maila.

Datu ofizialen arabera, giza eskubideen bortxaketen biktimak 40.000 inguru izan ziren diktadurak iraun zuen bitartean. Estatuaren indarren eskutik bizia galdutakoak 3.216 izan ziren. Horietatik mila inguru desagerrarazi egin zituzten, eta horien artean badago oraindik argitu gabeko auzi ugari. Torturatuak, berriz, 38.254 izan ziren.

Maria Jose Eva Parada da AI Amnesty International erakundeko ikerlaria Hego Amerikarako, eta, besteak beste, Txileren auziaz arduratzen da. Gogoratzen duenez, giza eskubideen urraketen salaketak lehenengo momentutik gertatu ziren: "AIren batzorde batek herrialdea bisitatu zuen 1973ko azaroan, eta lehenengo txostena 1974ko urtarrilean plazaratu zuen. Txosten horretan, tortura eta giza eskubideen urraketa larriak salatzen zituen AIk. Geroztik, salaketak etengabeak izan dira".

Maria Jose Evak dioenez, Txilen "pauso asko" eman dituzte errepresioaren biktimei justizia egiteko bidean, baina, oraindik, zer egin badagoela pentsatzen du AIko ikerlariak: "Egia da, esaterako, zenbait desagertze kasuk argitu gabe jarraitzen dutela, eta, beste aldetik, hilketa auziekin alderatuta, torturak salatu dituztenen auziek ez dutela hainbeste aurreratu. Horrek azalpen bat izan dezake: Retting txostena idatzi zutenean, 1991n, hildako eta desagertuen kasuak baino ez zituzten aztertu, eta torturatuenak askoz geroago hartu zituzten aintzat, Valech batzordeak bere txostena idatzi zuenean, 2004. urtean".

Baina, Evaren aburuz, justizia egiteko oztopo nagusia Amnistia Legea da: "Egia da epaile batzuek erabaki dutela lege hori kontuan ez hartzea, eta, seguru asko, egon daitezke bideak hori saihesteko. Baina giza eskubideen urraketak zuritzen dituen lege bat egote hutsa oztopo handia da".

Horregatik, horixe da gaur egun Amnesty Internationalen eskari nagusia, Txileri dagokionez: Amnistia Legea bertan behera uztea. Helburu horrekin, kanpaina bat jarri dute abian, eta sinadurak biltzen ari dira, sarean ere, www.amnistia.cl/web gunean, eskari hori sustatzeko. Sinadurak Txileko Gobernuari emango dizkiote irailaren 11 baino lehen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.