MUNDUA

Siriako eraso kimikoa "gerra krimen bat" dela esan du Banek

NBEko idazkari nagusiak Ghutako erasoaren egileak justiziaren aurrera eramateko eskatu du. Ikertzaileek txostenean diote frogak "argiak eta sinesgarriak" direla, baina ez diote inori leporatu erantzukizuna.

Berria.info
2013ko irailaren 16a
19:06
Entzun

NBE Nazio Batuen Erakundeko ikertzaileek Sirian arma kimikoak erabili direla frogatutzat jo dute. "Misioak ondorioztatu du arma kimikoak eskala handian erabili zirela Ghutako eremuan, Damaskon, Siriako gerra zibilaren testuinguruan. Erasoak hildako asko eragin zituen, zibilak gehienak", adierazi du Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak, txostenaren aurkezpenean. Ikertzaileen arabera, jaurtigaietan sarin gasa bota zuten. Banek esan du "gerra krimen bat" izan zela, eta erantzuleak justiziaren aurrera eramateko eskatu du. Aurrez jakinarazia zuen bezala, ordea, ez diote inori egotzi erasoaren erantzukizuna.

Ikertzaileen txostena Interneten dago irakurgai NBEko desarme gaietarako bulegoaren webgunean. Banen arabera, 1988tik egindako eraso kimiko handiena izan da Ghutakoa. 1988an, Irakeko armadak 5.000 lagun inguru hil zituen Halabjan, Kurdistan hegoaldean. Ghutako erasoa, berriz, joan den abuztuaren 21ean gertatu zen. Gobernuak eta oposizioak elkarri egotzi zioten erasoa.

Dokumentua "ikaragarria" izango zela iragarri zuen Banek joan den ostiralean. Halaber, Baxar al-Assad Siriako Gobernuko presidenteak "gizateriaren aurkako krimen asko" egin dituela gaineratu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.