Albistea entzun

Gizartea

Elbeteko mutil dantzetan "denendako" aukera bazela zehaztu du besta batzordeak

Joan den ortziraleko dantza saioak talde batzuenak zirela argitu dute, baina nahi zuten guztiek bazutela dantzetan aritzeko aukera, talde horiek bukatutakoan. Plazara Dantzara taldeak erantzun du Elbeteko Herriak eta besta batzordeak ez dutela gaitzetsi emakumeek joan den astean jasandako irainak eta oihuak.

Berria -

2013ko irailak 20

Elbeteko Besta Batzordeak kritikatu egin ditu mutil dantzak "zapuztu" zituztenak. Elbeteko Besta Batzordearen esanetan, "denendako" aukera bazen mutil dantzetan aritzeko, eta dantzen erdira sartu ziren emakumeek bestak "izorratu" zituzten jokabide horrekin.

Emakumeek ezin dutela mutil dantza horietan parte hartu salatzeko asmoz, dantzara sartu ziren emakume batzuk aurreko asteburuan Elbeten (Nafarroa), Garbiñe Elizegi Baztango alkatea tartean. Dantzak gelditu egin zituzten; txistu eta oihu egin zietela salatu zuten emakumeek.

"Besta batzordea eta Elbeteko herriak" sinatutako ohar batean, azaldu dute besten aurreko egunetan Plazara Dantzara taldearen "presioak" eta telefono deiak "jasan" zituela —emakumeak dantza horietan parte hartzeko asmoz sortu zuten Plazara Dantzara, ekainean—. Hala ere, bestetako egitarauan "denen gustuak eta sentsibilitateak" kontuan hartu zituela azaldu du besta batzordeak.

Plazara Dantzara ekimenak, beste ohar batean, erantzun du "inondik ere" ez duela presiorik egin. Informazioa emateko eta eskatzeko egin zituela deiak: "Gaur egun norbaitek presioa jasaten badu, horiek plazetan libre dantzatu nahi duten emakumeak dira, inolako zalantzarik gabe".

Ez datoz bat batzuen eta besteen bertsioak. Besta batzordeak azaldu du joan den ortziralean, goizean, Elbeteko mutildantzarien saioa programatu zutela, eta, 21:00etan, Baztango Mutildantzari Taldearena. Bi taldeetan mutilak soilik aritzen dira, baina taldeak dira, eta taldeen emanaldiak antolatu zituen batzordeak.

Horien emankizunen ostean, "ordutegi ofizialean", 22:00etan alegia, "denendako" mutildantzak programatu zituen besta batzordeak. Jakinarazi dute, gainera, "mutildantza mistoaren alde" dauden pertsona batzuekin hitz egin zutela egitarauari buruz.

Istilurik ez gizon bat sartu zenean

Plazara Dantzara taldeak, berriz, adierazi du emakumeak dantzara sartu zirenean hasi zirela istiluak. "Dantzara taldekoa ez zen gizonezko bat sartu zenean dantzak lasai segitu zuen. Emakumezkoa sartu zenean, berriz, alde egin zuten dantzariek".

Baztango Mutildantzari Taldea "baztertzailea" dela, espazio publikoa modu "partikular eta pribatiboan" bereganatzen duela, eta "emakumeen parte hartzea saihesteko helburu garbiarekin" sortu zutela berretsi du Plazara Dantzara-k. Elbeteko Herriak "jokaldi baztertzaile" horretan parte hartzea "kezkagarria eta onartezina" iruditzen zaio taldeari.

Elbeten dantzara sartu ziren emakumeek irainak eta oihuak jaso zituztela berretsi du talde horrek, eta jakinarazi du neskato bat bultzaka ere ibili zutela.

Ordea, Elbeteko Besta Batzordeak azaldu du sentsibilitate guztiak" aintzat hartuta antolatu zituela jaiak, eta, horiek guztiak aintzat hartu gabe, emakume batzuk dantzen erdian sartzeak ikuskizuna "izorratu" zuela. "Jarrera oldarkor eta egoskorra" agertu zuten dantzara sartu zirenek, eta horrek ikusleak haserretzea eragin zuen, adierazi duenez.

"Bizikidetza errespetua eskatuz lortzen da, baina, aldi berean, erabaki eta sentsibilitate desberdinak dituztenenganako errespetua izanik, eta ez larderiazko jarrera intoleranteekin, ezta inposizioekin ere", adierazi du batzordeak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.