Etxe kaleratzeak

Etxegabetuak ostikoka

Madrilgo Carabanchel auzoko etxe multzo hau bi urtean egona zen hutsik, harik eta hainbat aktibistak eta familia etxegabetuk okupatu zuten arte. Sekula ez zuten apartamentu bat bera ere saldu. Orain, 50 bat lagun bizi dira.

Daniel / Guillermo Rivas Pacheco
2013ko irailaren 22a
16:29
Entzun

Eskailera zulotik behera datoz 2.F-ko bizilagunaren oin hotsak. Esnatu berria da. Goizaldeko bostak dira, eta "ogi birziklatu" bila doa zabor ontzietara, Madril hegoaldean Carabanchel auzoko etxebitzitza multzo bateko 30 apartamentu okupatuentzat jarriak dituztenetara.

Eskailera buruetan, entzuten hasiak dira egun-argiko zarata hotsak: ateak dinbi-danba, 2.B-ko txakurra zaunka, haur bat garrasika eta abar. 50 bat pertsona esnatu berri, ez urik eta ez argirik gabe ekin beharrean beste egun bati. Ziurtasunik ere gabe, Poliziak noiznahi etxegabetuko ez dituela.

Aste Santuaz geroztik, aterpetxe bihurtua da bost solairuko eraikin huts bat. Etxepe horri, Charca corrala izena eman diote, eta auzoaren alderdi horretako estetika urratzen du. Bi solairuko etxe multzo apalen artean, bistako adreiluzko dorre bi egin zituzten, igerileku eta jolasleku eta guzti.

Lanak amaitu ostean, abandonatu egin zuten, eta, gero, enkantean erosi zuen Banco Popularrek. Porrot egin bide zuen enpresa eragileak, Unifo-k. Etxe multzoa bi urtean egona zen hutsik, harik eta hainbat aktibistak eta etxegabetuk okupatu zuten arte. Sekula ez zuten apartamentu bat bera ere saldu.

2.F-ko bizilaguna, Guillermo, goizeko zortzietan itzuli da corrala -ra. Poltsa bat bete ogi eta opilekin. Gosaria dakarkio Reyes emazteari; eta elkarren haurtxo pareari; eta hainbat bizilaguni: Luisi, Florari, Mariari eta etxepeko gainerako bizilagunei.

Guillermo eta Reyes, etxerik gabe geratu artean, Charcatik oso gertu bizi izan ziren, auzo berean. Alokairuaren ordainketa hainbat aldiz atzerarazi ostean, etxegabetu egin zituzten. Beren historia grabatuta daramate larruan, soinean eta txapinetan. Hilabetean etxerik gabe bizitzeko zorigaiztoa egokitu zaie, egunero aterpe bila ibili beharra, Samara eta Jeray 2 eta 4 urteko seme-alabak hartuta. "Hori gutxi ez, eta gizarte zerbitzuetakoengandik iheska ibili izan behar genuen, haurrak ken ez ziezazkiguten", adierazi du Guillermok.

Eguzkiak kiskalia eta zimurtua die larruazala. "35 kilo izateraino eskastu zen Reyes. Eta erreparatu txapin hauei, apenas duten hilabeterik!", esan du Guillermok, haien zola leun marragabea erakutsiz.

Hara-hona ibili ziren hilabete hartara doakie solasa behin eta berriz. Hainbat esan errepikatzen eta beste hainbat oroitzapen gogorarazten dituzte, trauma ondoko estresak jota baleude bezala. Guillermok, ia burusoil, hezurra eta azala besterik ez dela eta begiak handituta dituela, zera dio: "Seme-alabengatik, edozer. Ez zaiela zer janik falta. Oraintxe berriketan ari garen bezalaxe, zuri lapurtzeko gauza nintzateke banketxeren batetik irteten harrapatuko bazintut. Bai horixe!".

Corrala-ko etxea aurkitu aurreko astean, muturrera iritsia zen Guillermoren familiaren egoera. Gauero, auzoko obraren batean sartzen ziren, isil-gordeka, eta langileek aldagela gisa darabiltzaten tegi horietan lo egiten zuten. Goizaldean alde egiten zuten, 05:30 inguruan, inork ikus ez zitzan. Gero, alderrai ibiltzen ziren, parketik metrora, bidaldiren batetik zetorren familia baten plantak eginez, beren maleta eta guzti. "Azkeneko egunean, Poliziak harrapatu gintuen, baina alde egiten utzi ziguten, haurrez errukituta. Kalean barrena gindoazen, goizaldeko laurak inguruan-edo, eta Charcarekin topo egin genuen", esan du Reyesek.

Astebetean batetik bestera iparra galduta ibili ostean, orain badute atsedenleku bat. «Ibilian-ibilian, odola zeriela nituen oinak», esan du Reyesek, sandalietara begira. "Corralan sartu ginenean, zera esan zidaten Jerayk eta Samarak: 'Ama, hementxe geratuko gara azkenean, ezta?'".

Bizilagunen arteko elkartasuna

Eraikineko bizilagunek badakite legearen muturrean bizi direla. Hala eta guztiz ere, Madrilera ekarri nahi dute corrala kontzeptua, duela urtebete baino gehiago Sevillan sortutakoa. Bankuen etxeak pertsona etxegabetuei entregatzeko ahalegin bat da, alegia, beren bizilekuak galdu dituzten eta bazterreko bihurtzeko zorian dauden familiei ematekoa.

Atea ostikoz jo eta Charcan sartu aurretik, eraikinaren %50 familia etxegabetuentzat izatean nahi zuten okupatzaileek, eta beste erdia, aktibistentzat. Aurrez inongo pertsona etxegabeturekin harreman zuzenik izan gabe, ur eta argi hornidurarik gabe, eta legezkotasunetik kanpo jardunda, "nekeza izan zen hautagaiak aurkitzea»" onartu du Gabik, lehenengo egunetik beretik corrala -n bizi den Alucheko gazte batek.

Guillermo itzuli, eta Florak alde egin. Haren bizilaguna da, eta lanera doa. Lidl supermerkatu batean aritzen da, kutxazain, eta etxegabetu eta biharamunean sartu zen Charcan. "Hamaika urtean nabil lanean enpresa berean, haur baten ama naiz, eta 800 euro irabazten ditut hilean. Zorionekoa naiz, badakit; baina, hala ere, ezin dut alokairurik ordaindu". Goizean, Flora lanean den bitartean, haren sei urteko semea Tere-renean geratzen da, korridorearen barrenean bizi den kanariar irribarretsuarenean.

Guillermo, Reyes eta haien haurrak; Flora, Tere eta Dyer; eta Maria; denak ere elkarren bizilagunak dira. Ekuadorkoa da Maria, eta haren semetxo Alexis Espainian sortua da. Beste bi familiak ere lo egiten dute bigarren solairuan; eta Luis Fernandezek, aktibista beteranoa bera, eta langabeen elkartearen sortzailea. Nor bere apartamentuan bizi da, nor bere altzariekin eta dekorazioarekin. Bizileku izandako hura berregin nahian.

Soldata gabe iraun bizirik

Kaleko instrukzio saio baten gisakoa da bidelaguntzat Luis Fernandez 2.B-ko bizilaguna hartuta ibiltzea. Pausoz pauso, ezker-eskuin begira dabil, zigarrokinik non aurkituko, haiek egiteko papera zerekin bete izateko. "Tabako hautatua erretzen baitut!", esan du barrez. Meharra da Luis, gose itxurako gorpuzkera du, eta motots batean bilduak ditu txima ilun-urdinak.

Charcan sartu ziren lehenengo maizterretako bat da. Orain, paleten oholtzarrak darabiltza txakurrak eta biek bizilekutzat dutena janzteko. Edonolako krisitan zaildua da Luis, larrutik bizi izan baititu: gose greban egon zen 80 egunean, jaki solidorik jan gabe, Espainiako Diputatuen Kongresu aurrean geldi. Elkarte batean ere badihardu, langabeei kontseilu ematen.

Corrala-ren eta Carabanchel auzoaren inguruko egitasmoaren jirabiran bizi da Luis. Egunez, etxe hutsen bila aritzen da, Espainian hutsik dauden 2 milioi etxebizitzen artean, gero horiek okupatzeko asmoz. Gutxi gorabeherakoa da kopuru hori, sekula ez baita inolako erroldarik egin.

Berriro eraikinera itzulitakoan, txakurrarekin pasierara abiatu da Luis. Eskaileretan, Guillermorekin topo egin du. Badira lau ordu esnatu zela, eta lehenengo eta bigarrengo solairuak erraztatzen ari da: "Ez dut nahi nire haurrak bebarru hautseztatu batean jolas daitezen". Egunero garbitzen ditu.

Sarrerako patioan dabil Maria, Alexisen ama; kartoizko kaxak biltzen ari da, ahizparekin batera. Kiloko, 85 zentimo ordaintzen diete. Ekuadortarrak dira biak, lanik gabe daude, eta Ekuadorrera itzultzeko bidaia txartela ordaintzeko lain baino ez dute irabazi nahi.

Etxean bertan bizita lan egiten duten garbitzaile horietako bat zen Maria; duela urtebete egotzi zuten lanetik. Martxoan iritsi zen Charcara, 6 hilabeteko ahurrarekin. Eta Tererekin batera jarri zen bizitzen, Dyerren zaintzailearekin, 2.A apartamentuan. "Ekuadorren ez naiz aberatsa ere, baina sekula ez dut goserik pasatu, eta hemen bai". Bere herrialdean, beste hiru haur ditu zain, baina Alexisek lotzen du Espainiara, Espainian sortua baita. "Krisialditik suspertu beharra dauka Espainiak. Hemengoa dut semea, eta aukera bat izan dezan borrokatuko naiz".

Jateko, eltzekada makarroi gertatzen ari da Guillermo. Etxeetan, ez dut sukalderako hornigairik; horregatik, hainbat su komun dituzte lehenengo solairuan, gasez dabiltzanak. Avecrem apur bat eta txorizoa bota dio eltzekoari, eta tipula eta piperberdea txiki-txiki eginda. Ez zaie ogirik faltako, Guillermok poltsa handi bat ekarri baitu, goraino bete-beteta.

Jan usainak erakarri ditu eraikineko gazteenak, eta aholku bila joan zaizkio, zerbak nola gertatu jakin-minez. "Badaki josten, lisatzen, eta sukaldean ere ederki moldatzen da!", esan du barrezka Reyesek. Ongi moldatzen da Guillermo. Eraikuntzan ibilitakoa da, baita trailer eta taxi gidari ere, baina 2008az geroztik lanik gabe dago. "Hemen, nork berak dakiena dakar", adierazi du Guillermok. "Lehenengo egunean, hemengo gazte hauek arranpilan erretako xerrak ekarri zizkieten gure seme-alabei, eta ez da berehalakoan ahaztekoa", baieztatu du.

Charcako sukaldean, artez apaltzen da gosea. Guillermok diru sarrera bakarra izan du aurten, langabeziako diru laguntza gutxienekoa: 426 euro. Eta irailean amaituko zaio. Horregatik, Caritasek emandakoak ditu makarroiak. Hala ere, jasotako jakiak ez dira bi haur txikirentzat eta bi pertsona heldurentzat lain: kilo bat arroz edo makarroi, kilo bat dilista, litro bat olio, eta sei litro esne 15 egunerako. Horregatik, patioko parterrean duten ortuko barazkiekin betetzen dute urdaila corrala -ko bizilagunek. "Seme-alabak behar ditut bizitzeko. Eurek ez zuten eskatu mundura ekartzeko, neuk ekarri nituen, eta neure erantzukizuna dira". Ahaltsua da buruz Guillermo; seme-alabak aipatzean, hunkitu egiten da, eta negarrez hasten.

Bestelako elkarbizitza

Azkenburukoen orduan, Tereren eta Dyerren oin hotsek oihartzun egiten dute korridore mortuan barrena. Flora, Dyerren ama, itzulia da Lidleko lanalditik, eta etxean dago haien zain. Goiz iluntzen du, eta Florak argizari gutxi batzuk jarri ditu egongelako mahaian, semeak hantxe afal dezan. Eguzki orduen araberakoa da etxeko jarduna. "Argirik ez dagoenez, Dyer lasaiago dago, eta lehenago lokartzen da", azaldu du emakumeak.

Sugar txikiek ñabardura urrekarak marrazten dizkio Florari begitarte beltz petrolio kolorean. Afrikarra da sortzez, Ekuatore Gineakoa, Espainiaren garai bateko koloniakoa; 44 urte ditu, baina duela 11 bizi da Espainian. Charcara, berriz, apirilaren 17an iritsi zen, alokairupean zegoen etxetik egotzi bezperan. Gainez eraginda zegoen, eta, bat-batean, ezustean harrapatu zuen ezagunak ere ez zituen pertsona haien guztien erantzunak: "Etxetik alde egin behar nuenean, jende ezezagun mordoa azaldu zen, eta nire gauza guztiak batzen lagundi zidaten", kontatu du.

"Proba bat bestearen atzetik gainditzea da horrela bizitzea, eta bestelako elkarbizitza bat ikastea. Baina, noiz izango da hurrengo etxegabetzea?", dio Florak deitorez, argizarien ilunpean duela begitartea.

Baikorra izaki, etxeari buruzko azterketa bat egiten ahalegindu da Tere, ikuspegi orokor batetik: "Espainiarrok soldaten beldurrez bizi izan gara, iparra galtzeraino. Nahitaezkoa zen geure burua galtzea, berriro ere lehengoratzeko". Guillermok eta Reyesek ozta-ozta kontatu ahal dute zenbaterainoko beldurra pasatu duten eta pasatzen ari diren: "Beste etxegabetze bat, beste prozesu judizial bat, haurrak kentze...".

Gaby, berriz, taldeari tasun ideologiko bat itsasten ahalegintzen da, ikur bat bihurtzearren Charca: "Corrala hedabideetan agertzea nahi dugu, etxegabetuak okupatzera anima daitezen, eta mentalitate aldaketa iraunkor bat mamitu dadin".

Isiltasunak hartzen ditu Charca osoko zokondo guztiak. Eskaileretan zein eskailera buruetan, lasaitasuna dute estalpe zalantzek eta itzalek. Etxeko zarata hotsik txikienak ere isilduz doa. Beldurrari toki egiteraino berriro.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.