'Haika-Segi auzia'

Gazte mugimenduen eta ETAren artean ez dela loturarik izan nabarmendu dute auzipetuek

Olatz Dañobeitia, Garikoitz Etxeberria eta Ugaitz Elizaran auzipetuek deklaratu dute gaur 'Haika-Segi auziko' epaiketan. Etxeberriak ukatu egin du Jarrai, Haika edo Segiko kide izan dela. Dañobeitiak eta Elizaranek, ostera, hurrenez hurren, Jarraiko eta Haikako militante izan direla agertu dute; areago, Jarraiko bozeramaile izan zela Dañobeitiak eta Haikako diruzain Elizaranek. Hala ere, erakunde horiek ez dutela inoiz ETArekin zein kale borrokarekin harremanik izan ziurtatu dute.

2005eko otsailaren 14a
17:40
Entzun
Dañobeitiak Jarrairen funtzionamenduari buruzko hainbat azalpen eman ditu. Agertu duenez, erakunde harek hainbat alderdi eta gizarte eragilerekin zituen harremanak; ez, ordea, akusazioetan jasotzen den bezala ETArekin. Beren xedea gazte mugimendua egituratu eta sustatzea zela esan du, eta, ondorioz, arlo politikoan, sozialean eta kulturalean lan egiten zutela. Ildo horretatik, ukatu egin du kale borroka egituratu eta bultzatzen zutela.

Tankera bertsuko azalpenak eman ditu Elizaranek Haikari buruz. Erakunde horretako kide eta diruzain izan zela onartu du, eta, horrenbestez, Haikaren diru kontuek nola funtzionatzen zuten adierazi die epaileek. Bereziki nabarmendu du kale borrokarako dirurik ez zuela inoiz bideratu Haikak.

Deklaratu duen beste gazteak, Garaikoitz Etxeberriak, ostera, ukatu egin du Jarrai,Haiko edo Segiko kide izan dela.

Epaiketa abiatu aurretik, gaur ere nahasmena izan da nagusi Auzitegi Nazionalean. Izan ere, auzi hori hasteko ordu eta leku berean kale erasoak leporatzen dizkieten gazte batzuen kontrako epaiketa zegoen aurreikusita. Gainera, defentsako abokatu zenbait —zehazki, Jone Goirizelaia eta Arantza Zulueta— berdinak dira bi epaiketetan. Azkenean, kale erasoengatiko epaiketa bertan behera uztea ebatzi dute, eta 'Haika-Segi'-renari ematea lehentasuna. Horrenbestez, hamarretan hastekoa zen saioa hamaikak pasatxo zirela abiatu da.

Ostiraleko saioan, 39 auzipetuetatik seik deklaratu zuten, eta gaur gainerakoen txanda izango da.

Ostiraleko saioan tentsio une ugari bizi izan ziren, Alfonso Guevara epaileak, epaimahaiko presidenteak, oso jarrera oldarkorra izan baitzuen defentsarekin. Halaber, itzulpenekin arazoak izan ziren.

Fiskaltzak 654 urteko zigor eskaera egin du 39 auzipetuentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.