Ruper Ordorika (Musikaria)

Ruper Ordorika (Musikaria): "Jatorrizkoen erreferentziarik gabe ere entzun daiteke diskoa"

'Azukre koxkorrak' bertsioen diskoan dauden kantuak haren gutiziak dira. Saiatu da musikari hasi zeneko sasoiko taldeak bere esparrura ekartzen, horretara lerratzen "eta kantari haien arnasa begirunez gordetzen". [youtube]http://youtu.be/yaqSW2Htxss[/youtube]

Igor Susaeta - Oñati
2013ko urriaren 5a
11:13
Entzun

Kultur etxetik atera, sasoi batean eskola bat izan zeneko eraikinaren pareko plazara iritsi, eta oroitzapenen putzuan murgildu da Ruper Ordorika (Oñati, Gipuzkoa, 1956). "Futbolean aritzen ginen hemen, baina Cara al sol kantatzen genuen tokia ere bada". Sasoi bat ekarri du akordura, eta musika taldeak herriko plazan aho zabalik deskubritzen zitueneko garaia ere bada hura. Orduko eta baita geroxeagoko doinu batzuk ere bildu ditu Azukre koxkorrak diskoan (Elkar). Osatze prozesua «gozagarria» izan da, eta azken bospasei urteotako Mugalariak —Hasier Oleagarekin (bateria), Arkaitz Miner (gitarra, biolina eta mandolina) eta Fernando Neirarekin (baxua)— izan ditu bidelagun horretan. Iturenen (Nafarroa) emango du lehen kontzertua hilaren 31n, eta urtea amaitu bitartean beste sei kontzertu dauzka lotuta: azaroaren 16an Mirafuentesen (Nafarroa), 24an Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, 29an Durangoko Plateruenan, abenduaren 14an Bilboko Kafe Antzokian, 27an Gasteizko Jimmy Jazzen, eta 29an Elgetako (Gipuzkoa) Espaloian. Diskoa LPan ere kaleratuko du, abenduan.

Zergatik erabaki duzu bertsioen disko bat egitea?

Ba ez dakit zergatik... Nire ustez, musikari ibiltzearen ondorioz etorri da. Egia da inoiz ez naizela interpretea izan, ez bada nire kantuena. Niretzat gauza berria da disko bat horrela planteatzea. Baina ez da, nola esan, gauza estrategiko bat.

Iazko Aste Santuan Galiziara gonbidatu ninduten, argitaratu zutelako euskal poesiaren antologia bat galegoz: Alén da fronteira. Horretan baziren, besteak beste, Xabier Leteren poema batzuk. [Bernardo] Atxaga, [Joseba] Sarrionandia eta Luigi Anselmi musikatuta neuzkan, eta pentsatu nuen onena zela Leteren beraren kantu bat ematea han. Eta horrela... Gero, taldekideekin-eta jolastuz, esan nien: "Nola egingo genuke hau?". Uste dut hori egin eta gero pentsatu nuela sartuko nintzatekeela beste esparru batean.

Kasu honetan, kantua bera sortu behar ez duzunean, alegia, nolakoa izan da sorkuntza prozesua?

Oso ezberdina. Kantuak niri berba egiten didanean jakiten dut aski den; edo noraino landu behar dudan; edo noiz eman behar dudan bukatutzat. Aukeratzen nuen kantu bat, ekartzen nuen nire alorrera gutxi gorabehera, maite ditudan gauzak atontzen nituen... Badira bospasei urte musikari hauek —oraingo Mugalariak— eta ni elkarrekin gabiltzala, eta ezagun da diskoan. Bat etortzen zara... Hori oso polita da. Ez dago lasaiki musikariekin aritzea baino gauza hobeagorik.

Eta zergatik, hain justu, hamabi abesti horiek? Askoz ere gehiago al zenituen buruan?

Abesti batzuk berehala etorri zaizkit, eta beste batzuk bidean geratuko ziren ziurrenik. Topikoari jarraiki: dauden guztiak badira, baina ez daude diren guztiak.

Gure bazterrak-en moldaketa egin zenuen 2010ean, Mikel Laboaren omenezko Txinaurriak (Bidehuts) diskorako. Orduan hasi al zen zure barrenean ideia egosten?

Ez, baina badago disko honen oinarrian. Zergatik? Sentitu nuelako jauzi handi bat zela. Hainbeste miresten eta ezagutzen duzun kantari baten kantu bat hautatzean, batzuetan lehendabiziko joera izaten da bazter ilun horietara joatea. Hartara, salbu sentitzen zara, ez duzulako kantu esanguratsu bat hartzen. Baina kantu hori aukeratu eta gero sentitu dudan erantzuna kontuan hartuta, uste dut badagoela disko honen oinarrian, bai.

Abesti berriena, Balerdi Balerdiren Non duzu zauria?, 1994koa da. Geroztik euskaraz egin diren kantuek ez al zaituzte hainbeste erakartzen?

Ez, kontua ez da hori. Hautaketa bat egitean, irizpide batzuk behar dituzu. Bestela egingo nuke Azukre koxkorrak I, Azukre koxkorrak II, Azukre koxkorrak III... Pentsatu nuen ona izango zela ni musikari hasi nintzeneko denboretan aurrean ikusten nituen kantariak, mundu hura, nolabait —modu anarkikoan esanda, Etxahun Iruri, esaterako, ez bainuen ezagutu—, ekartzea. Niko Etxart, Benito Lertxundi eta Antton Valverde ere, esaterako, kantari handiak dira bakoitza bere alorrean, baina ikusten ditut haiena egunero-egunero berritzen. Pentsatu nuen hobe nuela lerratzea beste alor horretara.

Ariketa sentimental moduko bat izan da, orduan?

Ez, gehiago da kantu horiek etortzen zaizkidala burura. Nire eginkizuna izan da kantariaren aldean jartzea eta kantuak orduan ikusten ziren bezala ikustatzen saiatzea. Adibidez, baldin bazegoen aldaketa harmoniko bat erdi hippya, eta gero solo bat, ba horretan sartzea egungo moden edo araudien arabera zuzendu gabe. Kantuan sartu, eta hori esan nire ustez taldeak ikusten zuen bezala, edo nik sentitzen nuen bezala. Kantariaren posizioan jarri naiz, haren begietatik ikusteko, arnasa hori gordetzeko begirunez. Gainera, kantu guztietan saiatu gara ñabardura horiek atxikitzen.

Ezin dira konparatu, adibidez, Sigarrillos Amariyos (Hertzainak) Emazurtz-ekin (Oskorri); edo Non duzu zauria? (Balerdi Balerdi), Ama Euskadi-rekin (Etxahun Iruri). Zuk, ordea, sonoritate jakin bat eman diezu denei, atmosfera bat sortu duzu. Hori izan al da zailena?

Disko hau egin dut inoiz ez bezala; izan ere, lehendabiziko hiru kantuak orain urte eta erdi-edo grabatu genituen. Beraz, soseguz jolastu dugu kantuekin, eta puntua harrapatu eta gero, estudiora jo dugu. Nire anaiarekin [Jonan Ordorika], eta [Angel] Katarainekin-eta aritu gara han. Zintatan grabatu dugu, ia dena analogikoki, eta denok batera. Harrapatu nahi genuen momentu hori, tempo goxo bat kantua ondo esateko-eta... Orduan, hiru kantu horiek egin genituen, beste bi aukeratu, eta hiru hilabetera grabatu genituen, gero beste bi... Horrela, urtebeteko epean gutxi gorabehera, kantuok ondu ditugu.

Baina abesti horiek zure sonoritatera ekartzea izan al da zailena?

Zailena da kantuen arnasa hartzea. Bueno, hitza ez da zaila... Oso polita da, gozagarria... Ez dut kritikariaren tokian jarri nahi: ez dut antologia bat egin. Niretzat gauza handia zen gisa horretako taldeak zuzenean ikustea, eta gauza ona hartu nahi izan dut.

Hortaz, haiei egindako aitorpen bat ere bada.

Baita ere. Saria-edo, nire ordaina... Kantuak horretarako daude, gainera: bizirik irauteko, berpizteko, ahazteko, berriro pizteko...

Bertsioen disko soil bat izan beharrean helburu jakin batekin egindako lana dela, alegia

Niretzat bai. Ikasbidean nabil beti, eta hau egiteke neukan. Horrelako zerbait egiteko gogoa nuen, baina ez nekien noiz egin.

Diskoko doinuen hitzen egileak ez dira nolanahikoak.

Diskoak zeharka ukitzen ditu autore batzuk: [Xabier] Lete, [Gabriel] Aresti, [Daniel] Landart, [JosAnton] Artze, Pello Lizarralde, Etxahun Iruri, Joseba Alkalde... Hor ere bada testigantza bat. Taldeek nahi zuten edan ur onetik, idazleekin uztartzeko ahalegina egon da beti. Horrek ere merezi du interpretazio kritiko luze bat...

Euskal Herrian, beharbada, inon baino gehiago egin da uztarketa hori.

Nire ustez, bai. Esan dut ez dudala interpretazio kritiko hori egin nahi, baina uste dut badagoela zer pentsatua. Ez ote dagoen horren atzean orduan bereziki geneukan, edo zeukaten, segurtasun falta hizkuntzarekin. Eta gero harreman natural bat ere badago; lilura hitzaren aurrean... Polita da.

Eta nondik dator diskoaren izenburua? Azukre koxkorrak goxotasunarekin lotzen dira...

Nire gutiziak-edo direla adierazi nahi nuen. Gure entseguak-eta goxatzeko, gauza polita da abesti horiekin hastea. Batzuetan deskubrimendu handiak izan dira kantuak nire musikarientzat. Bestalde, inportantea izan da haiek ere euskaldunak izatea, beste era batera irakurtzen delako orduko gauza. Halere, ez nuke indartu nahi euskal musikaren ideia estilistiko hori...

Agian diskoak balioko du jendea berriro kantu horiek aditzen hasteko, edo talde horiek deskubritzeko.

Ez dakit. Askotan esaten dudan bezala, disko bat ez da biribiltzen jendeak entzun arte. Hori horrela da beti, baina kasu honetan gehiago. Izan ere, kantu horiek ez dira sortu disko honetarako; berpiztu egin ditut, berrinterpretazio bat egin dut. Batzuek ez dakite Koska zer den, edo Etxahun Iruri... Edo Errobi! Mixel [Ducau] hor ari da, Anje [Duhalde] ere bai... Dena den, hori ez da asmoa. Disko gisa egin dut, eta uste dut entzun daitekeela jatorrizko abestien erreferentziarik gabe, baina osatuagoa da erreferentziak entzunda. Halere, abesti hauek entzun eta gero jendeak jatorrizko erreferentzien bila joko balu, ederra litzateke.

Biran zabiltzanean ez zarela abesti berriak konposatzeko gai esan izan duzu. Kasu honetan, aldiz...

Bai, baina lan ezberdina da, nire ustez. Gure entseguetako tarte batzuk-edo aprobetxatzen genituen, edo bakarrik honetarako geratzen ginen. Esaterako, badira bi abesti [Ben] Monderrekin [bere ohiko estudioko gitarra jotzailea azkeneko hemezortzi urteotan] bakarrik grabatu nituenak. Gasteizko Jazzaldira etorri zen iaz, eta estudioan banituen prestatuta abestiak. Nirekin etorri zen Azkaratera, eta arratsalde batean grabatu genituen. Beste guztiak poliki-poliki egin ditugu.

Prozesu hau kantu propioak sortzea baino arinagoa, lasaiagoa dela dirudi kanpotik.

Bai... Nire ustez, disko hau ez genuen egingo ohiko diskoak grabatzen diren bezala; abesti guztiak batera grabatuz, alegia. Horrela ezin daitekeela egin uste dut... Honek badu beste sosegu bat. Zoriak zoriari bere tartea utzi dio.

Estudioko lana eta zuzenekoa ere bereiztu ohi dituzu. Oraingoan, aldiz, zure azken urteetako zuzeneko musikariekin egin duzu estudioko lana, grabaketa. New Yorkeko lagun musikarien aldean Mugalariek abesti hauekiko gertutasun handiagoa sentitzen dutelako egin duzu, batez ere, hautu hori?

Denetariko arrazoiak daude. Ez dituzte, beharbada, kantak banaka ezagutuko, baina bai mundu hori, gure mundu hau. Normala den bezala gorabeherekin bada ere, esparru berean gabiltza taldekideak eta ni, eta elkar ulertzen dugu. Ez baita soilik gauza musikala. Hizkuntzarena, bestalde, ez da txorakeria bat, lehen aipatu dudan alde on hori hartzerakoan.

Ama hizkuntza ingelesa duen musikari batek ez luke hain erraz hartuko?

Bai, baina agian beste norabait joango ginen. Ez dakit, musika horrelakoa da; hori du dohaina. Baina uste dut oso polita izan dela.

Prozesua bera.

Bai, eta horrek asko balio du.

So'ik so' (Nuevos Medios, 1995) Mugalariekin grabatu zenuen. Geroztiko estudioko lanak, ordea, New Yorkeko lagun musikariek ardaztu dituzte. Mugalariekin zorretan zeundela sentitzen zenuen?

Beti sentitzen dut zor hori... Asko ikasten dut musikari horiekin. Niretzat unerik onenak izaten dira helburu jakinik ez duten entseguak. Elkartzea eta jotzea da gauzarik handiena. Beti esaten dut kantuek berek gauza bat edo bestea eskatzen didatela. «Egin ezazu hau». «Nahi dut honek jo dezala». Kasu honetan eskatzen zidaten taldearekin jotzea.

Orain bi urte New Yorken Hodeien azpian (Elkar, 2011) grabatzen ari zinela, han egon arren, zure eginkizuna Euskal Herrian zegoela esan zenuen.

Nire esparru naturala da nire kantuak ulertzen dutenena. Kantuak ulertzea zer da? Ez da bakarrik hizkuntza ulertzea, bistan denez. Musika harago doa, eta hori ez da topiko bat. Iruditzen zait disko honetan nahiko nukeela ikusi neure burua katebegi baten gisa, kate askoz ere luzeago batean. Diskokoak ikusi ditut katebegi gisa. Ikusi ditut oholtza handietan, edo Oñatiko plazan; ni bezalatsu aritu dira orduan...

Haien bidea jarraitu duzula, alegia.

Bai, nolabait. Izan ere, hau esanda, borrokatzen naiz euskal musikaren ideia homogeneo horren kontra. Iturri oso kaltegarria dela uste dut, eta euskaldunok elikatu egiten dugu. Gure mundukoa ez denak ikusiko du euskal musika, eta zer zerikusi du Etxahun Irurik Su Ta Garrekin, adibidez? Beste hizkuntza guztietan horrelako kasuak daude, eta ez dira kaxoi batean denak batera sartzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.