Myrtha Chokler. Psikologian doktorea eta psimotrizista.

"Familia eta haur eskolaren arteko konfiantza ez da dekretuz ezartzen"

Hik Hasi pedagogia elkarteak Familia eta eskola: haurraren garapen osorako harremanak jardunaldiak antolatu ditu gaurko Donostian. Myrtha Chokler Psikologian doktore, psikomotrizista eta Pikler pedagogian adituak hitz egin du bertan. Gaur BERRIA-n argitaratutako elkarrizketaren bertsio luzeagoa da hau.

jarraia84904.jpg
Jon Rejado.
2013ko urriaren 19a
15:05
Entzun

Umea inguratzen duten eremuen arteko harremanak azalduko dituzte, eta horiek umeengan duten eragina aztertuko. Choklerrek haur bakoitzaren berezitasuna errespetatzearen garrantzia nabarmendu du, baita eragile guztiek elkarren artean ezagutzeko denbora aldarrikatu ere.

Haur eskola gehienetan egokitzaldi ofiziala bukatu da. Zer garrantzia du prozesu horrek?

Nire ustez, ezin du egon egokitzapen etapa ofizial bat, denboran zehaztuta. Ume bakoitzak denbora tarte berezi bat behar du bere egokitzapena egiteko. Prozesu hori ondo egitea oso garrantzitsua da umeak eskolarekin izango duen harremanarentzat, hezitzaileekin izango duenarentzat. Tarte horretan konfiantza hartuz joango da klasekideekin, hezitzaileekin, baita zentroko langileekin ere. Egokitzaldiari aste bat, bi, edo hilabete bat zehaztea... formulismo soila da. Inork ezin dio beste bati agindu bere sentimenduak kontrolatzeko, eta are gutxiago umeei edo familiei.

Eta ondo egiten ez bada...

Umeren bat klasean geratuko da, baina ez dakigu zenbateko sufrimendua eraginda. Egoitza batean bizitza onargarria egitera ohitzen dira batzuk, baina ez dakigu zeren lepotik. Gizakiaren jokabidea ez ulertzearen isla da sufrimendu hori, prozesu pertsonalak eta norberaren berezitasunak ez ulertzearen isla. Helduon artean ulertezina litzateke etxe handi batera joan, eta hiru egunetan hizkuntza ezberdin batera ohitu behar izatea, kode ezberdinetara, arau ezberdinetara. Inork ezin du horren eragina neurtu. Sufrimendu maila... Gaixotasunera eraman gaitzakeen
egokitzapen pasiboa.

Gaixotasunera?

Gero harritu egiten gara eskoletan zenbat umek dituzten arazoak, arreta faltaren nahasmenduengatik besteak beste. Hori gertatzen da pentsatzen dugulako umeek adin zehatz batekin gauza zehatz bat egin behar dutela. Gure pentsaeraren oinarrian dago umeak beharrik gabe jaiotzen diren sinesmena. Burokraziaren ulertezintasunaren parte
dela uste dugu.

Zer alorretan eragiten du ulertezintasun horrek?

Umeen buru osasunean, gurasoen buru osasunean eta hezitzaileen buru osasunean. Helduak behartuta daude modu batean jokatzera. Ez diete haien buruei tartea ematen umeekin errespetuan oinarritutako harremanak sortzeko, bakoitzaren erritmoetara ohitzeko. Protokoloak azkar egiteak esan nahi du behar bezala ez egitea, eta horrek emaitza batzuk ditu. Bakoitzak nahi duena egin dezake, baina ezin ditu ondorioak
saihestu.

Nola kudeatu beharko lukete familiek eta haur eskolek egokitzapen hori?

Denbora eta espazioak eman behar dizkiote elkarri, elkarren ezagutza errazteko. Harremanetan jartzeko. Familiak bere asmoak eta nahiak ezagutarazteko aukera izango du, baita eskolak haien pentsaerei buruz ere... Baina hori gerta dadin, elkar ezagutza funtsezkoa da. Familiaren eta eskolaren arteko konfiantza ez da dekretuz ezartzen. Konfiantza eraikitzen da, eta probatuz joan behar da; denbora behar da.

Eta nola lor daiteke denbora hori?

Aldez aurretik ondo pentsatu behar da, inprobisazioari tarterik utzi gabe. Eskola profesionalek kudeatzen duten eremu bat da, eta familiek ahal dutena egiten dute. Haiek ez dute jaso familia izateko ikastarorik, eta gauza batzuk dakizkite; irakurri dutelako, bizi izan dutelako... Hori azaleratu dadin espazioa eta denbora eman behar
zaie, eta denbora eta espazio hori pertsonala da. Ez da burokratikoa.

Familiek eta hezitzaileek alor batzuetan irizpide ezberdinak badituzte, nola bideratu daiteke egoera hori?

Familia bakoitzak bere itxaropenak ditu, baina eskolara heltzean hogei ume daude. Hogei familiaren itxaropenak. 40 guraso, eta 40 iritzi ezberdin, eta aiton-amonak eragiketan sartuz gero, zer esanik ez. Denbora behar da adostasunak lortzeko. Etxean irizpide batzuk izan ditzakete, umea bakarra delako, edo bi, edo hiru. Elkarri
errespetua izateko elkar ezagutzea ezinbestekoa da.

Familiaren eta eskolaren topaleku horiek haur eskolek izan behar al dute? Umeen gelak?

Eskolak dituen azpiegituraren araberakoa da. Prestatzen dituen guneen araberakoa. Lantaldearen araberakoa. Egindako gogoeten araberakoa, inguruko komunitatea kontuan hartuta. Ulertu behar da prozesua luzea eta zaila dela, eta arreta handia eskatzen duela. Umeak ordu asko daude eskolan, eta merezi du horretan arreta jartzeak.

Pertsona beste kasu egongo den arren, gizarteak umeak gero eta gazteago eskolaratzeko beharra sortu al du?

Zer da eskolaratzea? Gizarte batean non familiek lan egiteko eskubidea duten, eta lan egiten duten, komunitatearen laguntza beharko dute seme-alaben ardura hartzeko ordu zehatz batzuetan. Garai batean zaintzarekin lotu zen zerbitzu hori, baina, nolabaiteko utzikeria iruditik ihes egiteko, beste muturrera igaro ziren egoitza horiek.

Zein da mutur hori?

0 eta 3 urte arteko umeentzako lekuak ikuskizunaren guneak izango balira bezala egituratu zituzten, eskolan egongo balira bezala: dantza, musikoterapia, informatika, ingelesa... 3 urterekin bertatik ateratzean laneratzeko agiri ofizial bat jasoko dutela ematen du. Umeak 2 urterekin ikasi behar du unibertsitaterako prestatzen egongo balitz bezala. Umeak ez baztertzeko asmo horrek eragindako gehiegizko exijentziak marketin izugarria ekarri zuen: jostailu didaktikoak, estimulatzeko programak...

Eta horrek guztiak zer eragin du?

Nire ustez, horrek haurtzarorako eskubidea lapurtu die ume askori. Umeek aurrerago ikasi zitzaketen gauzak ahalik eta azkarren ikasteko asmoa sortu zen, oraindik heldu gabe zeudenean. Jean Piagetek esan zuen ume bat irakurtzeko eta idazteko prest dagoela 7 urterekin. 6 urtetan dago egun, ados. Gero 5, 4, 3... Ikaskuntzak
aurreratzen saiatzen ari dira, eta, gure ustez, ikasketak aurreratzea porrotak aurreratzea da.

Zergatik?

Psikologikoki eta neurologikoki heldu gabe dagoen ume bati bere gaitasunekin bat ez datorren zerbait irakatsi nahi izatea egoera behartzea da, eta horrek kanpora edo barrura eztanda egin dezake. Ezagutza gutxi dago haur hezkuntzari buruz, oraindik.

Ezagutza hori sustatze aldera, eta jatorrizko ideietara itzuliz, haur eskolen eta familien arteko harremana indartu beharko litzateke?

Komunitate bat dagoela pentsatzen badugu, eta haurren heziketa komunitateari dagokiola pentsatzen badugu, hala beharko luke, ideia bateratuak izateko. Komunitateko partaide bakoitzak rol ezberdinak izango ditu, baina ideiak
konpartituko dituzte, kalterik ez egiteko. Familien eta haur eskolen arteko harremanean familiek desoreka sentitu dezaketela aipatu dute lehen hizlariek [Hik Hasi-ren topaketetan]; familiek eman, baina jasotzen ez duten sentsazioa.

Hori, kasu batzuetan, izan daiteke familiak azterketa batean egongo balira bezala sentitzen direlako. Familia ona naiz, nire umeak ez dituelako arazoak: ondo lo egiten du, ondo jaten du... Baina informazio hori testuinguru zehatz batekoa da. Umeek etxean egiten dutena kontu bat da, baina aiton-amonekin egiten dutena beste bat da. Ekintza zehatz bakoitza norbaitekin lotuta dago, eta norbait horrekiko harremanaren araberakoak izango dira ekintzak. Pertsona batekin haserretuta badago, horrekin ez du jango, ezta lorik egingo ere. Ordea, janari bera edo okerragoa beste norbaitekin gustura jango du.

Harreman horien guztien ondorioz, eta kasu bakoitza ezberdina dela kontuan hartuta, nola bizi du haurrak egokitzapena? Nola kokatzen du bere burua beste klasekideen artean?

Umea sortuz doa segurtasun eremu bat, hedatuz doa poliki-poliki. Ezin da pentsatu ume bat familia eremu batetik ateratzen denean areto handi batera zabalduko dela. Ikusi beharko da zein den ume bakoitzaren jokabidea, eta zeintzuk, behar dituen lekuak eta denbora. Aurreko urtean leku berdinean egon arren, udan izandako bizipenek harreman hori alda dezakete. Hezitzaileak arreta jarri behar dio umeak esaten duenari, nola esaten duen, begiradak, jarrerak, keinuak, interesa... Horri arreta jarrita, eremuak egokitu ahal izango ditu, baita denborak ere, ume zehatz hori hedatuz joan dadin. Zaila da ume asko daudenean, baina klasean batzuk besteak baino hobeto doaz, eta horrek errazten du begirada berezia behar duten horiei begiratzea.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.