Albistea entzun

Analisia (martxelo otamendi)

Arnasaldi juridikoa

Azken asteotan Espainiako Gobernuaren mugimenduek adierazten zutena (Galindo, Herrira, ingeniaritza juridikoa gehiago ez aipatu...) eta Estrasburgoko Auzitegiaren logika juridikoak iradokitzen zuena bete da, kosta bada ere. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak, egunerokoan Estrasburgokoa deritzona, arrazoia eman dio Ines Del Rio euskal preso politikoari, 'Parot doktrina' indargabetuz.

Martxelo Otamendi -

2013ko urriak 21

Bukatu zaizkio Espainiako Gobernuari euskal preso politikoak kartzelan legeak agintzen duen baino denbora gehiago edukitzeko kartutxoak. Saiatu da ahalik eta gehien atzeratzen Ines del Rioren kaleratzea, baina erre ditu erretzeko zeuzkan guztiak. Lardaska juridikoan ibil liteke, egunak, asteak edo hilabeteak atzeratuz, baina euskarri juridikorik gabe geratu da.

Zer egingo du orain, behin Estrasburgokoen zaplaztekoa jasota, Madrilgo gobernuak? Horixe da askok azken hilabeteotan geure buruari egin diogun galdera. Azpimarratzekoa da Espainiako Barne ministro Jorge Fernandez Diazen diskurtsoak azkenaldian izan duen aldaketa. Duela hilabete batzuk galdetu zioten kazetariek zer egingo ote zuen gobernuak Estrasburgok Parot doktrina behin betiko atzera botaz gero, eta ohi duen tonuarekin esan zuen “ingeniaritza juridikoa” egin zitekeela; alegia, bide-zor juridikoak martxan jartzeko asmoa zeukatela Estrasburgoko erabakiari izkin egiteko. Bakarren batek esan zion horrelako harrokeriak oso gaizki ikusita daudela jurista serioen artean, eta ez zela modurik eraginkorrena Estrasburgoko magistratuak konbentzitu eta bere alde jartzeko.

Ingeniaritza juridikoa ministerioaren tiraderan hondoan sartu eta oso bestelako jarrera erakutsi zuen Fernandez Diaz ministroak duela astebete. Esan zuen Estrasburgoko magistratuen sententzia aplikatzeko erabakia [Auzitegi Nazionaleko] epaileek hartu beharko zutela, eta gobernuak bete egingo zuela epaileek erabakitakoa. Hau da, kexuak Genova-Prim kaleetara bideratzeko, ez Castellanara.

Ostiralerako Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoaren osoko bilkura deituta dago, gaur Estrasburgok kaleratu duen sententziaren gaineko balorazioa egin eta nola aplikatu erabakitzeko. Epaile epaitzaileek osatzen dute areto hori, eta aspaldi lehen lerro informatibotik desagertuta dagoen Grande Marlaska epailea da aretoaren lehendakaria. Zigor Aretoko magistratu batzuek, sektore progresista eta kritikoa osatzen dutenek, uste dute atzerapenik gabe aplikatu behar zaiela Estrasburgoko epaia Ines del Rioren kasuan dauden presoei. Kaleratzeko orduan, formak zaintzearen aldekoak dira, alegia, ez dezala amnistia bat eman, denak batera ateraz; baina atera behar dutenak luze gabe atera, lardaska juridikoetan ibili gabe.

Bere burua Parot doktrinaren aitatzat jotzen duen Javier Gomez Bermudez magistratuak berak esana du Estrasburgok doktrina hori atzera botaz gero Auzitegi Nazionaleko magistratuek bete egin beharko luketela epaia, inolako duda eta atzerapenik gabe.

Zer egin lezake orduan Espainiako Gobernuak? Hurbilean, lehendabizi, Estrasburgoko epaia irentsi, eta gero ETAren biktimak goxatu, presio handia egingo diotelako erakunde horiek. ETAren biktimen haserrea apaltzeko ahalegin horretan, oso gogorra eta zorrotza izango da presoak kaleratu ondoren herrietan egin diezazkiekeen harrera ekitaldiekin.

Konpentsazioaren legearen aplikazioan, Rajoyren gobernuak Herrira-ren aurkakoa bezalako makro-operazioak errepikatzeko tentazio mendekatia eduki lezake; gobernuak eta, batik bat, estatuaren barruan estatu propioa osatu eta prozesua haustea nahiko luketen polizia indar batzuek.

Gaurko epaiak galdera bat baino gehiago sortzen du, eta horietako bat da orain arteko espetxe politika hertsian eraginik eduki ote duen. Zuzen-zuzena ez du izango, baina espetxe politika hori onartezina uste dutenentzako helduleku ona da Estrasburgoko erabakia. Espainiako Gobernuak esango du epaia Parot doktrinari buruzkoa dela bakarrik, eta ezin dela hortik ondorioztatu espetxe politika orokorrari egindako zeharkako kritika denik, eta irmo eutsiko diola orain arteko espetxe politikari. Hau da, presoen oinarrizko eskubideak urratzen segituko dutela urrunketarekin, bakartzeekin, etengabeko espetxe aldaketekin, preso gaixoak kaleratu gabe...

Epaia lagungarri izango da garai berriari dagokion espetxe politika exijitzeko, baina orain arte baino indar handiagoarekin —indartsuago eta indar desberdin gehiago batuz— eragin beharko da, Madrilgo eta Frantziako gobernuen jarrera aldatzeko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...