Musika

Ia nostalgiarik gabe

Aurrera begira ospatu nahi izan ditu Jabier Muguruzak bakarlari gisa egindako hogei urteak. 'Beste hogei' izeneko diskoa osatu du horregatik, hamar kanta berrirekin. BERRIAk esklusiban aurkeztu du bideoa.

Inigo Astiz
2013ko urriaren 24a
19:16
Entzun

Hogei urte egin ditu bakarlari gisa, eta disko berria dakar. Baina argia da Jabier Muguruzaren jarrera: “Gehiago interesatzen zait diskoa urteurrena baino”. Orainean ditu begiak. Geroan. Ez hainbeste iraganean. Horrek ez du esan nahi efemeridea ospatuko ez duenik, ordea. “Bultzada bat da lan honentzat urteurrena. Garaiotan ez da bultzada askorik izaten (aldekoak), eta baliatu egin dut horregatik”. Nostalgiarik gabe ospatu nahi izan du, halere. Edo “ia nostalgiarik gabe”, zehaztu duenez. Hamar kanta berri dituen diskoa kaleratu du horretarako. Beste hogei deitu du lana urteurrenari erreferentzia eginez. “Desio” bat formulatu nahi izan du Muguruzak horrekin. “Kantagintzarako hain zailak diren garaiotan aurrera egiteko desio azaldu nahi izan dut. Maila pertsonalean, bai, eta  maila kolektiboan ere bai, Euskal Herriko kantaria bainaiz”.

Bere ibilbidearen balantzea ere egin du Bilbon gaur, diskoaren aurkezpen prentsaurrekoan. “Oso urte emankorrak izan dira”. Eta eman ditu datuak bere balorazioa justifikatzeko: 12 disko, 500 kontzertu, sariak... Etengabe bere buruari galderak egiten jarraitu beharrak bultzatzen du aurrera halere. “Sortzaileak etengabe egin behar dizkio bere buruari galderak. Jarrera hori da egileari dagokio jarrera, berdin idazlea, musikaria edo eskultorea izan”. Eta dioenez, jarrera hori da orain aurkeztutako diskoaren oinarrian dagoena ere. Orain arte landutako ildoan jarraitzen duela ere azaldu du, halere. Bromazale. “Nire adinean, ez nago aldaketa bortitzetarako”.

Brassens abiapuntu

Azaldu du diskoaren abiapuntuan dagoen anekdota ere. Liburua eskutan hartu, eta ispilu bat aurkitu zuen bertan. Izan ere, Georges Brassens kantariaren biografia leitzen hasi, eta bere burua ikusi zuen orri haietan. Eta hortik hartu du diskoaren izenburua. Brassensek 60 urte bete, eta egun batuzk gehiago bizitzera, kantagintzan 30 urte egingo zituela irakurri zuen irundarrak. Eta bere kalkuluak egitera eraman zuen horrek. “Nik 20 urte bete behar nituen musikagintzan, eta, beraz, 10 falta zitzaizkidan Brassensek ia-ia lorturikoa lortzeko. Pentsatu nuen anbizio handiagoz jokatu behar nuela, eta 20. urteurrenean beste 20 eskatu behar nituela. Eta horregatik diskoaren titulua: Beste hogei”.

Ez da atzera begirako horretan bakarrik aritu, halere. Iñaki Irazu idazlea izan du alboan, esaterako. Maiz kolaboratu dute elkarrekin, eta elkarrekin aritu dira oraingoan ere. Eder deskribatu du, gainera, idazleak musikariaren ibilbidea. “Gizarte modernoaren kronikagile bat da”. Mikel Azpiroz piano jotzailea ere izan du aurkezpenean alboan Muguruzak. Lau disko grabatu ditu harekin, eta haren pianoa da azken bi lanen oinarri nagusia. Eta Muguruzaren ibilbidearen balorazio bat egin du hark ere: “Oso interesgarria zait beti haren kontzeptu estetikoa. Gertutasunaren eta xumeatasunaren aldeko printzipio estetiok hori. Oteizak aipatzen zuen hutsunearen kontzeptua oso ongi aplikatzen du musikara”. Eta horretan dabil orain ere, piano jotzailearen hitzetan.

Kolore zertzelada batzuk

Hain zuzen, xumetasun eta minimalismotik jo du oraingoan ere Muguruzak. Bikote bat diskoarekin egindako apustu beretik. “Halere, badira kolore zertzelada batzuk”, zehaztu du. “Jose Luis Zumeta margolariak eman zidan gomendioa. Berak esaten du emozioa pinturan koloreen bidez transmititzen dela, eta jarraitu egin dut haren aholkua”. Diskoan izan dituen kolaborazioak dira kolore zertzelada horiek, musikariaren hitzetan. “Puntuala da haien agerpena diskoan, baina ez anekdotikoa”. Ez direla edergarri hutsak, alegia. Kontzeptua laguntzen dutela. Taldea “luxuzkoa” izan dela ere aitortu du, halere. Uxia kantari galegoa, Joseba Tapia tritikitilaria, Gorka Benitez saxofoi jotzailea, Txema Garces kontrabaxu jotzailea, Chirs Case tronpeta jotzailea eta Francisco Herrero biolin jotzailea, besteak beste.

Hamar abesti berrik osatzen dute lana, eta Muguruzak garbi du bere asmoa zein den: aurrera jarraitzea. Irautea. "Ez zait iruditzen konformista naizenik horregatik". Bere ohiko gaiez gain, gaurko gaiak ere hizpide ditu. Errua nirea da abestia, esate baterako, gaur egungo gizartea bere aukeren gainetik bizi dela dioen esaldian oinarritzen da, modu ironikoan.

Bideoa esklusiban

Muguruzak hamabigarren lana izango du gaur kaleratutakoa. BERRIAk diskoaren bideoa aurkeztu du esklusiban, webgunean. Hamar abestik osatzen dute diskoa, eta Errua nirea da izenekoa aukeratu dute bideoklipa egiteko. Angel Katarainek eta Ana Gonzalez Katarainek grabatu dute bideoa, Azkaraten. Bideoan Oihana Altube dantzariak ere parte hartu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.