Norma Morroni (Hildako manifestari baten ama): "Gobernuaren dirua onartzea semearen bizitza saltzea litzateke, eta hori ez"

2013ko urriaren 25a
10:56
Entzun

1994ko abuztuaren 24an, Fernando Morroni gaztea lanetik heldu zen Montevideoko Lavalleja auzoko bere etxera. Oso baldintza xumeetan bizi ziren morronitarrak; oraindik, uralitazko xaflek eta nola hala elkartutako adreiluek osatzen dituzte etxe gehienetako teilatu eta hormak. Egun hartan, Filtro ospitalera zihoala esan zion amari, euskal iheslarien estradizioaren aurka protesta egitera. "Kontuz ibili", esan zion hark, "irratian esan dute Polizia militarra erotuta dabilela".

Egun hartan, semea ez zitzaion etxera itzuli Norma Morroniri (Colonia, Uruguai, 1944): Poliziaren hamabi balak harrapatu zuten. Filtroko sarraskian ofizialki hildako manifestari bakarra da. Gertakari haren ostetik, manifestazioetako lehen ilaran hartu zuen lekua Normak. Ia hogei urte geroago, erantzuleak epaitzeko eskatzen jarraitzen du.

Filtroko sarraskia gertatu aurretik, bazenuen errefuxiatuen berri?

Mundu guztia zegoen horrekin adi. Ez soilik euskal herritarrak zirelako: urteak zeramatzaten hemen lanean, eta hemengo politikariak ere joaten ziren haien jatetxera. Gainera, bagenekien ez zeukatela aukerarik, Espainiako Gobernuak ibilgailu militarrak eskaini zituelako estradizioen truke. Hemen, Frente Ampliok egina zeukan ospitale aurrean kontzentratzeko deia, eta jende asko elkartu zen: familiak, pertsona helduak, denak. Kanpaldiak egiten zituzten, mate termoekin eta aulkiekin.

Fernando ere joan zen. Zuri zer esan zizun?

Tarte baterako zihoala esan zidan, gero urtebetetze festa bat zeukalako. Badakizu, gazteek esaten dituzten gauza horiek. Goizeko ordubata aldera, bere lagunak deika etorri zitzaizkion: "Nando, Nando!". "Nor dabil Fernandori deika?", galdetu nuen: "Zuekin ez al zegoen, bada?". Baietz esan zidaten, baina tiroka hasi zirenean korrika hasi zirela, eta bigarrengo aldiz atzera begiratu zutenerako, ez zegoela beraiekin. Eroria zen ordurako.

Poliziak ez zizun deitu?

Hasieran ez zekiten ezer, baina polizia etxean izena esaten ari nintzen unean miliko bat agertu zen, esanez ospitale militarretik deitu zutela, familia hara joan zedila. Iritsi nintzenean, hiru mediku agertu zitzaizkidan: prestatu nahi ninduten. "Ez, ez dut entzun nahi", esaten nien, "semea ikusi nahi dut". Eta azkenean erakutsi zidaten. Etsai okerrenari ere ez diot desio ikusi behar izan nuena. Ezin nuen sinistu. Eroaren pare jarri nintzen: "Atera ezazue hemendik!". Etxera iritsi nintzenean, beste seme-alabak zain neuzkan: "Ama, eta Nando?". Dakidan bakarra beraiek kontatu didatena da: ohe gainean saltoka hasi nintzela, "hil egin didate, hil egin didate" oihukatzen.

Errefuxiatuek bazuten horren berri: beldurtuta joan zitzaizkizun.

Tramiteak egiten ari nintzela, lagun batzuk etorri zitzaizkidan, esanez kanpoan Euskal Herriko brigada bat zegoela. Esan zidaten: "Errespetua adierazi nahi dizute, baina ez dakite entzun nahiko diezun". Sartzeko esan nien: haiek ez zeukaten ezeren errurik. Nire semeak ikasitakoa baino ez zuen egin: solidarioa izaten, laguntza behar duenari ematen.

Hor hasi zinen militatzen.

Hor hasi nintzen semea gabe bizitzen ikasten, eta kalera ateratzen. Lehenbizi, ikusten eta entzuten; gero apurka sartu nintzen injustiziaren, zigorgabetasunaren, tratu txarren eta ulertzen ez ditudan gauza horien guztien mundu horretan.

Kalte-ordainik jaso duzu inoiz?

Astebetera eskaini zidaten. Beraiek horrela konpondu nahi dute dena: negoziatzen. Abokatua etorri zen paperekin. Han zeuden gure kideak; asko, zaurituak. Eta paperak atera zituen: "Ea, hainbeste ipiniko dugu zaurituengatik, hainbeste hildakoengatik...". Semea hil zidaten, eta gainera ordaindu nahi izan zidaten! Zero askoko zifra bat eskaini zidaten, baina niri ez zitzaidan axola. Manera onekin, mahaitik altxatu nintzen, eta barkatzeko eskatu nien kideei. "Baina Norma", esan zidaten, "zuk behar duzu dirua". Semea ez zidaten itzuliko. Pobreak ona daukan bakarra duintasuna da: behar ditudan gauzak edozein kideri eska diezazkioket, baina haien dirua onartzea neure semearen bizitza saltzea litzateke. Eta hori ez. Orain, behintzat, lasai etzaten naiz ohean. Eta ikusten duzu ez daukadala ezer: hainbeste urteren ondoren, kideek kanpoko laguntza lortu didate etxea osatzeko.

Fernandoren heriotza onartu zuten, baina beste bi isilarazi egin zituzten.

Beste gazte bat goizaldean hil zuten, Roberto Facal. Auzoko zinegotzia zen, eta batetik bestera ibiltzen zen argazkiak egiten eta irratikoekin hizketan. Manifestazioaren ostean etxera zihoala harrapatu, hil eta etxeko lorategian utzi zuten botata. Gero homosexualen arteko arazoak zirela esan zuten, baina gezurra da dena: etxetik ostu zizkioten gauzak kutsu politikoa zutenak ziren. Ikurrin bat eraitsi zioten, Che-ren irudiak, liburuak... Bestea militar baten semea zen: Alejandro Font. Aitak ez zuen nahi izan Filtrokoarekin nahasterik.

Ordutik zer moduzko harremana izan duzu gobernuarekin?

Ezta bat ere. Orduan ez ziren gerturatu, eta gerora ere ez. Filtrokoa gertatu zen lekuan merkataritza gune handi bat egingo dute orain. Ahazten ari da kontua: nork pentsatuko du hor jendea hil zutela? Pentsatuko dute zein polita den saltoki handi bat.

Gobernu aldaketarekin ere ez zen ezer aldatu?

Ez. Izan zitekeela uste genuen: ateren bat zabal ziezagukeen bakarra zen. Baina ezta hori ere. Ministerioari paperak eskatu genizkionean, ezertarako balio ez zuten batzuk eman zizkigun, besteak galdu zirela esanez. Baina gehiago ez: Tabare Vazquez, Pepe Mujica... ez da inor hurbildu.

Baina Frente Ampliok babestu zuen Filtroko manifestazioa.

Ospitale aurrean biltzeko deia egin zuten, eta beraiek ere agertu ziren oldartu baino lehentxeago. Zergatik alde egin zuten gero? Politikariak han geratu izan balira, ez zuketen tiro egingo. Baina joan egin ziren, eta deitutako jende berbera hantxe utzi zuten.

Diktaduran errepesioa sufritutako gobernu batengandik beste zerbait esperoko zenukeen.

Denak MNLkoak ziren, eta orain gobernuan daude: presidente, Barne ministro, Defentsa ministro... eta ez diezazkietela milikoak ukitu! Mujica han goian eseri da, eta orain Obamarekin paseatzera doa. Eta hemen, herria zigortzen dute. Orain izkinan geratzen zaituzte eta eraman egiten zaituzte: han bezala da.

Ez al dago memoria historikoa lantzen duen instituziorik?

Ez, ez dute onartzen. Jazarri egiten dituzte. Abuztuaren 14an ikasle martirien omenezko manifestazioak egiten dira urtero; aurtengoan Polizia infiltratu zen, eta gazteak kolpatu zituen. Beldurraren bidez egiten dute presio, jendea ez dadin gehiago manifestazioetara joan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.