euskal presoak

Gose greban dira Sevilla II espetxeko 11 preso, tratu txarrak eta bizi-baldintzak salatzeko

Ohartarazi dute kartzelako langileek jipoitu eta "bakartze modulu berezian" dituztela. "Bizitza duin bat eta osasuna zaintzeko bermea" lortu nahi dute.

2013ko urriaren 28a
15:35
Entzun

Kartzela horretan dauden euskal presoek gutun bat igorri dute, baraualdiari ekiteko erabakiaren berri emanez. Iker Agirre, Gurutz Agirresarobe, Koldo Aparicio, Asier Arzalluz, Juan Mari Etxebarri, Garikoitz Etxeberria, Jesus Goikoetxea, Manuel Gonzalez, Juan Lorenzo, Roberto Lebrero eta Urtzi Paul dira greba hasi dutenak.

Azaldu dutenez, duela lau urte Sevilla II espetxera eraman zituztenetik, "beti bakartze modulu berezian" eduki dituzte: "Ez digute inolako aktibitaterik eskura jarri, eta, ondorioz, lau orduko patio aldia baino ez dugu egunean; bertara hirunaka ateratzen gaituzte, goizez edo arratsaldez". Horrek, bi egunez behin, ziegan 26 ordu jarraian igaro beharra eragiten die.

Presoen esanetan, patiora irteterakoan metal detektagailutik igaroarazten dituzte, eta gorputz osoa miatu, "noiznahi barrabilak edo zakila igurtzera helduz aldioro tentsio uneak sortuz". Horiekin batera, mehatxu eta irainak, oheari eskuburdinekin lotu eta jipoiak jasan izana salatu dute. Miaketak ez dizkiete soilik presoei egiten, haien esanetan: "Senideei ere miaketak egin izan dizkiete aurrez aurrekora edo mintzalekuetara sartzeko, eta, horren ondorioz, zenbait bisita galdu ditugu".

Gogorarazi dute euskal preso ugarik gaixotasun kronikoak dituztela, eta ohartarazi sendagilearen asteroko kontsulta ez zaiela bermatzen: "Ezin larriagoa bilakatzen den egoera da hau". Egoera konpontzeko, hainbat aldiz espetxeko zuzendaritzarekin bildu dira, "baina hark ez du sekula adierazitakoa bete, eta behin eta berriz jan izan du bere hitza". Epaile zein espetxeetako idazkaritza nagusiari eginiko kexa eta salaketek ere emaitza "hutsalak" izan dituzte, salatu dutenez.

Hori ikusirik, gose grebara jo dute: "Helburua bizitza duin bat eta osasuna zaintzeko bermea eskuratzea da. Horretarako, beharrezkoa izango da bakartze mugagabea amaitzea, kide guztiok batera egotea, gutxieneko eskubideak bermatuak izatea eta gure aurkako erasoaldiak etetea. Hauek dira gure oinarrizko aldarrikapenak, Euskal Preso Politikoen Kolektibo osoarekin batera Euskal Herriratzen ez gaituzten bitartean. Sakabanaketa bukatzea da honelako egoerak behin betiko amaitzeko modu bakarra".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.