Montse Maritxalar: "Teknologiaren sorkuntzan egon behar dugu emakumeok"

Teknologiak gizartearen komunikatzeko eta erlazionatzeko moduak markatzen ditu, eta, Donostiako Informatika Fakultateko Akademia Antolakuntza dekanordearen ustez, emakumea ezin da hortik kanpo gelditu.

Irune Lasa.
2013ko azaroaren 3a
17:07
Entzun


Bera informatika ikasten ibili zenean, ikaskideen %40 ziren emakumezkoak. Duela urte batzuk, Montse Maritxalar eta Donostiako Informatika Fakultateko beste irakasle asko kezkatzen hasi ziren, urtero iristen ziren ikasle berrien artean gero eta emakumezko gutxiago zetozela ikusi zutenean. 2006. urtean e-makumeak taldea sortu zuten, Informatikako Ingeniaritzan emakumeek duten egoeraz informazioa biltzeko eta zabaltzeko.

Gero eta gutxiago dira emakumeak zuen fakultatean.

Bai, aurten matrikulatu diren ikasleen %12 dira emakumezkoak. Beste ingeniaritzetan, kristalezko sabaia hor egon arren, goranzko joera bat sumatzen da. Baina hemen joerak beherantz jarraitzen du. Orain dela urte batzuk, geletan neskak desagertzen ari zirela ikusi genuen, eta hori aztertzen hasi ginen. Beherakada nabarmena zegoela ikusi genuen. 1980-85. urteetan, %40 inguru ginen emakumeak. Eta ikusi genuen mundu anglosaxoian aztertzen urteak zeramatzaten fenomeno bat zela.

Deigarria egin zait gertatzen ari den hori azaltzeko ematen diren arrazoietako bat: informatika ikasketak egiteko emakumezkoei atzera eginarazten dieten gauzetako bat informatikarien estereotipoa, geek irudi hori omen da.

Azterketa mordoa daude gertatzen den horren kausak aztertzeko, eta ondorioztatu dute faktore asko daudela hor atzean. Eta hor dago, adibidez, zuk aipatzen duzun hori, informatikarien irudiarena. Hezkuntza ere badago: lehen hezkuntzan neskak eta mutikoek joera bertsua izaten dute ordenagailuen aurrean, baina bigarren hezkuntzan joera hori aldatzen hasten da. Curriculum ezkutuaren kontua da, nola askotan ez garen kontziente barneratuak ditugun aurreiritzi batzuk transmititzen direla. Adibidez, 70eko hamarkadan psikologia eta hezkuntza arloan mutilei matematikarako gaitasun handiagoa aitortzen zieten esperimentuak ugaritu ziren, oinarri zientifiko batzuen arabera. Jakina, oso kritika gogorrak izan zituzten, baina ideia hortxe ibili zen.

Beste faktore bat erreferentziazko eredu falta da.

Bai, denok dakigu zein den Einstein edo Galileo Galilei. Baina Marie Curie? Ziur aski bai, eta Ada Lovelace, historiako lehenengo programatzailea? Bigarren hezkuntzan bertan, nik uste badagoela lana emakumezko zientzialarien lana erakusteko. Beste faktore bat ere badago horri lotuta. Haurrek ordenagailuekin duten lehen kontaktua jolasa izaten da.

Jokoak.

Bai. Eta horiek normalean borrokarekin lotutakoak izaten dira; gehienetan emakumezko pertsonaiak otzanak dira... Azkenean, gizartean dauzkagun eredu maskulinoak oso nabarmen islatzen dituzte. Eta lehen harremana hori bada eta eredu hori zurekin bat ez badator...

Gero, faktore psikologikoak ere aipatzen dituzte egin diren azterketek, emakumeok geure buruari buruz daukagun pertzepzioa. Adibidez, PISAko probetan, ezagutzari buruzko azterketa objektiboez gain, euren pertzepzioari buruz ere galdetzen zaie ikasleei. Eta matematiken eta oro har zientziaren inguruan, nahiz eta antzeko emaitzak izan neska-mutilek —batzuetan pixka bat hobeagoak dira neskenak, baina ez dira datu adierazgarriak—, ikerketa batzuek diote emakumezkoek benetan direna baino okerragoak direla uste dutela.

Beste ikerketa batzuek azaldu dute ordenagailua ez dela lotzen pertsonei laguntzeko tresnekin, eta genero femeninoan badago hori nolabait, ezta? Laguntza, zaintza... Teknologia alor horretan ere aritzen den arren, izkutuan gelditzen da.

Eta lehen aipatu dugun informatikarien estereotipoarena?

Baina pertsona arraro, berezi, antisozial irudi hori informatikarekin lotzen da telebistak-eta ari direlako islatzen. Baina horrelako pertsona arraroak toki guztietan daude, medikuen artean, psikologoen artean, edo arkitektoen artean. Informatikari izanagatik ez zara bihurtuko antisozial.

Gero kristalezko sabaia eta sare informalen kontua dago, arlo profesional guztietan agertzen direnak, ez informatikan soilik. Ibilbide profesionalean gorantz egiteko orduan, sare informalak osatzen dira, futbolaz hitz egiteko, bazkaltzeko... Horiek asko lagun dezakete norbaiten ibilbidean baina emakumeak horietatik kanpo gelditzen dira, eta, modu oso sotilean ikusezin bihurtzen dira. Eta gizonezkoak gehiengo diren arloan hori larriagoa da.

Garai batean, ez zegoen halako informatikariaren estereotiporik; asko jota, matematikarekin lotzen zen gauza bat zen. Informatika ikastea lana lortzeko bide ontzat jotzen zen, eta hor gizonezko-emakumezko ratioak antzekoak ziren.

Bueno, egia da garai hartan ez genekiela zer zen informatika, baina gaur egun ere jendeak ez du garbi informatika zertan datzan, gauza bat delako erabiltzea eta beste bat erabiltzen duzun hori sortzea. Inor ez da mediku bihurtzen aspirina bat noiz hartu behar duena dakielako, ezta? Era berean, inor ez da orojakilea informatikan ordenagailuarekin zerbait egiten dakielako.

Eta horregatik kezkatzen gaitu kontu honek, gaur egun gizartearen komunikatzeko eta funtzionatzeko modua teknologiatik dator hein handi batean. Teknologia markatzen ari da komunikatzeko eta erlazionatzeko modua eta hor, gizarte berriaren diseinu horretan, emakumezkoak egon behar dugu, ezin gara hortik kanpo gelditu. Eta ez dakit ondo jabetzen garen horretaz.

Zer esango zenioke zein karrera egin erabakitzekotan dabilen emakume bati?

Informatika arloak aukera ematen dizula bizitzan gustatzen zaizunean aritzeko. Hain da diziplina artekoa... Hemen badaude taldeak behar bereziak dituzten pertsonekin lanean aritzen direnak, badaude taldeak hizkuntzaren prozesamendurekin aritzen direnak, datu baseekin, medikuekin lanean, adimen artifizialean... Bukaeran beti aplikazio bat duenez, gizartearen edozein arlotan eragina duenez, aukera ematen dizu benetan zure kezka pertsonalak garatzeko. Gero, polita dela ere esan behar dut, eta zientzia gustatzen bazaizu are gehiago. Gainera, sortzaile izateko aukera ematen dizu, sortzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.