EUSKAL herria

'Ateak Ireki' ataria itxi du Auzitegi Nazionalak

'Ateak Ireki'-k Twitter bidez jakinarazi du berria. Webgunea itxita dago. Ohar bidez jakinarazi dutenez, Herrira mugimenduarekin lotuta hartu du erabakia Espainiako Auzitegi Nazionalak. Beste hiru atari ere ixteko agindua eman du. Bideoa: Luis Goñi atxilotu zutenean gertatutakoari buruzko bideoa. [YouTube]http://youtu.be/cF7cizRP5Mo[/YouTube]

Berria.info
2013ko azaroaren 13a
18:54
Entzun

Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz itxi dituzte Ateak Ireki ataria eta sare sozialetako bere bi kontu, Herrira-ren operazioarekin lotuta. Horrekin batera www.egindezagunbideadonostia.com, www.etengabe.wordpress.com eta zarauzkoherrira.wordpress.com atarietara sarrera blokeatzea agindu die telefono enpresei, Europa Press agentziak aginduaren autoa aipatuz berri eman duenez.

Velascok Espainiako Ministerio Fiskalaren onespenez hartu du erabakia eta Guardia Zibilak interneteko atariok eta kontuok blokeatzeko egindako eskaerari erantzunez, "ETAren alde Herrira-ren legez kanpoko ekintzak" saihesteko asmoz. Esaten duenez, atari eta kontu "zigorgarri eta kaltegarriok" interneten jarraituz gero "betikotu" dezakete kausa honetan ikertutako legez kontrakoak.

Ateak Ireki aldaketa politiko eta soziala bultzatzen duten herritar eta herri mugimenduaren ahotsa izateko sortu zen. Nafarroatik mundu osora, Euskal Herrian gertatzen denaren berri emateko asmoz.

"Egun tristea demokraziarentzat"

Adierazpen eta informazio askatasunen kontrako erasoa izan dela salatu dute ´Ateak Ireki´-ko kideek. Gogora ekarri dute Nafarroako dozenaka kazetariren ekimenez sortu zela webgunea, Auzitegi Nazionalak Apurtu.org atariaren aurka egin ondoren. "Gaur Euskal Herriko demokraziarentzat egun tristea dela uste dugu, eta berriz ere, Auzitegi Nazionalak erabaki duela zer den eta zer ez den herritarrek irakurri behar dutena, espainiar inkisizioaren estiloa jarraituz. Gure aldetik, eraso antidemokratiko honi aurre egiteko asmoa erakusten dugu, gure esku dugun arma bakarrarekin: adierazpen askatasunaren erabilera".Gertakari askoren lekukoak.

2011. urtean hasi zen lanean Ateak Ireki, komunikazio arloko dozenaka lagunen babesarekin. Izan ere, urte horretako urtarrilean itxi zuten ´Apurtu.org´ webgunea Auzitegi Nazionaleko epaile Fernando Grande-Marlaskaren aginduz. Hilaren 18an lau lagun atxilotu zituen Espainiako Poliziak, eta Askatasunaren "propaganda aparatuko" kide izatea egotzi zien, webgune hori kudeatzeagatik. Haietako bat, Miguel Angel Llamas "Pitu", urte eta erdi inguruz izan zuten kartzelan.

Aurrez ere salatu zuten beren aurkako "kriminalizazioa" ´Apurtu.org´-eko kideek. 2009an, eraso informatiko bat jasan zuen webguneak, eta itxita egon zen zenbait astez.

Sarean aritu den denboran Nafarroaren eta Euskal Herriaren egoera sozioekonomiko eta politikoari oso lotuta egon da. Euskal Herriko auziarekin zerikusia duten gaiak jorratzen hasi zen, eta pixkanaka aldaketa sozialaren alde lanean ari den herri mugimenduaren erreferenteetako bat bilakatu da.

Desahuzioak, ikasle borrokak, ekologistenak, greba orokorrak, eta aldaketa eskatzen duten mugimendu eta ekintza orori hitza ematen aritu da, bozgorailu izaten, eta, presoen eskubideen urraketa, politikarien eta polizien gehiegikeriak, eta torturak salatzen.

Gertaera garrantzitsuen lekukoak

Ateak Ireki Euskal Herrian azken aldian izan diren gertaera garrantzitsuen lekuko izan da. Herrira-ren atxiloketen harira Ertzaintzak Hernanin egindako karga da horietako bat, irailaren 30ean, non Amalur Mendizabal kolpatu zuten, liskar gehiago gerta ez zitezen saiatzen ari zela.

Bideoa: Hernanin irailaren 30ean.

2010eko Sanferminetan ikurriña txupinean sartzeagatik 11 pertsona inputatu zituztenean, haiekin egindako bideoa, gertatu zenaz, eta ikurriñak duen esanahiaz.

Bideoa: Azaroaren 9an jasoa.

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak 197/2006 doktrinari buruzko erabakiaren zain senideak eta lagunak. Garai berrien esperantza eta poza islatzen duten lekukoak.

Bideoa: urriaren 21ekoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.