Ipar Irlanda

Alec Reid hil da

Ipar Irlandako bake prozesuan oso garrantzitsua izan zen haren lana. Euskal Herriaren konponbideari begira ere makina saio egin zituen. Dublingo ospitale batean hil da.

jarraia86061.jpg
2013ko azaroaren 22a
14:24
Entzun

IRAren eta alderdi politikoen arteko bitartekari izan zen Alec Reid (Nenagh, 1932, Dublin, 2013). Ordena erredentoristan sartu zen 1950ean, eta zazpi urte geroago egin zen apaiz. Belfast iparraldeko Clonarden ia berrogei urte egin zituen, eremu katolikoaren eta protestantearen erdian, 1980ko hamarkadan gatazkaren unerik gordinenetakoan.

1980ko hamarkadan Reidek hainbat bilera antolatu zituen Sinn Feineko Gerry Adamsen eta Alderdi Laboristako John Humeren artean, IRAk su-etena eman zezan, eta Erresuma Batuko Gobernuarekin elkarrizketak hasteko asmoz, bake prozesu baten estrategiari begira. Ondoren, errepublikanoen eta Erresuma Batuko gobernuaren artean bitartekari isil bilakatu zen.

Bake prozesuan garrantzitsu bilakatu zen, eta IRAren desarmatzearen lekuko izan zen Harold Good apaizarekin batera. Ostiral Santuko 1998ko akordioaren ondoren, lanean jarraitu zuen gizarte demokratiko eta baketsua garatzen. 2005ean, IRAk arsenal guztiak suntsituko zituela iragarri zuenean, Reid, Goodekin batera, prozesuaren lekuko bilakatu zen, Desarmerako Nazioarteko Batzorde Independenteak zainduta.

Ipar Irlandaren esperientzia Euskal Herrira ekarri zuen, eta 2002tik hainbat egonaldi egin zituen. Martin McGuinness Ipar Irlandako lehen ministrordeak izaera "ezohikoa eta umila" nabarmendu du gaur.

Euskal Herriari begira

2002tik Euskal Herrian aritua zen alderdietako solaskideekin sukalde lana egiten. Ipar Irlandan elkar ulertzearen eta bakearen alde egindako lanagatik, Rene Cassin saria eskuratu zuten Reidek eta Goodek, 2005ean; Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak urtero banatzen duen saria da, eta "jarrera eredugarria" izateagatik jaso zuten. Ipar Irlandako bake prozesuaren alde egindako bitartekari lanak esperientzia nahikoa eman zien Alec Reid apaiz katolikoari eta Harold Good artzain protestanteari, eta Euskal Herriak duen gatazka politikoaren amaieraren inguruan itxaropentsu mintzatu ziren. Biak ala biak ziur ziren bakea "berandu baino lehen" iritsiko dela Euskal Herrira, uste baitzuten eragile eta alderdi guztiek elkarrizketaren eta negoziazioaren aldeko jarrera dutela.

IRAk su-etena iragartzea prozesu politikoari bultzada emateko "pauso erabakigarria" izan zela iritzi zion, eta ostean armak uzteko hartutako erabakiak prozesuari are eta gehiago lagundu ziola. Reiden iritziz, ordea, ETA ez zen Euskal Herriak duen gatazka politikoaren arazoa, aferaren "sintoma" edo "adierazle" baizik.

"Akordio demokratiko batekin, denak irabazle"

Elkarrizketa oinarri hartuta, euskal gatazkari "irtenbide demokratikoa" bilatzeko eredua alderdi guztien artean hitzartu behar dela uste zuen Reidek. Horretarako ezinbestekoa dela alderdi politiko guztiak mahai batean eseri eta irtenbidea lortzeko "konpromiso sendoa" hartzea. "Akordio demokratiko batekin ez du inork galduko, denek irabaziko dute".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.