Albistea entzun

Kultura

Pultsu bat, ikuskizun

'Herritmo' estreinatuko dute Oreka TX-k, Kukai dantza konpainiak eta Kalakan-ek bihar, Bilboko Arriaga antzokian. Herri kirolen erritmotik abiatuta, dantza, musika eta txalaparta uztartzen ditu.

Gorka Erostarbe Leunda -

2013ko abenduak 10 10:45

"Ez dugu nahi herri kirolak plazatik ateratzea, baina foku baten azpian jarri nahi ditugu, ikuslea eroso dagoen leku batean, soinua eta arnasa ondo entzungo diren leku batean. Badakigu leku hori ez dela naturalki herri kirolena, baina zergatik ez jarri hor?". Harkaitz Martinez de San Vicente Oreka TX taldeko kideak azken entseguetako baten atsedenaldian esandako hitzek Herritmo ikuskizunaren osagai nagusietako batzuk aletzen ditu. Herri kirolak arte sorkuntzaren esparrura ekartzeko saioa da, ikuskizun artistiko bihurtzekoa, alegia: soinua eta arnasa, hots, erritmoa izanik lanabes nagusi.

Errenteriako Niessen antzokian (Gipuzkoa) ari dira azken entseguetako batean lanean. Ia bi hilabete daramatzate horretan Oreka Tx taldeko kideek (Harkaitz Martinez de San Vicente eta Mikel Ugarte txalapartariak, eta Mixel Ducau, Juan Jose Otxandorena eta Iñigo Egia musikariak), Kalakan ahots eta perkusio taldeak (Thierry Biscary, Jamixel Bereau eta Xan Errotabehere), Kukai dantza taldeak (Jon Maia, Nagore Indakoetxea, Nerea Vesga, Urko Mitxelena eta Alain Maia) eta Anne Anza (Dantzaz konpainia) eta Noemi Viana (Anakrusa konpainia) dantzari garaikideek. Guztiek osatzen dute Herritmo ikuskizunaren lantalde mardula. Lehendik dira elkarren ezagun. Oreka TX-ek eta Kukaik Hostoak ikuskizuna osatu zuten, esaterako. Bihar izango dute estreinaldia Bilboko Arriaga antzokian (20:00etan). Euskal Herriko antzoki handietan erakutsiko dute ondoren, eta gero… «ateratzen dena». Hala dio Martinez de San Vicente proiektuari lehen arnasa eta planteamendua eman zionak.

Entseguan ez da herri kirolaririk ikusten, baina ikuskizunean izango dira. "Oraingoz ezustekoen atalean gorde nahi dugu zeintzuk izango diren". Ez da herri kirol zale amorratu baina beti atentzioa eman izan diote: "Beti erakarri nau herri kiroletan sortzen den mugimenduak. Oso mugimendu plastikoa dute, ikus-entzunezko elementuak dituzte. Kirol moduan baino gehiago ikusi izan ditut ikuspegi plastikotik eta sentimenduzkotik. Ikustekoa baita haren inguruan sortzen den giroa ere. Oso giro berezia da". Txalapartak egin duen ibilbidearekin parekatzen du herri kirolena ere, nahiz eta baden ñabardurarik. "Biak ere lan jardunetik eratorriak dira. Txalapartak lanerako erritmo bat zeukan, eta handik aprobetxatu dena ez da mugimendua, hotsa baizik, erritmoa. Horregatik, instrumentu bilakatu da. Herri kirolek mugimendua baliatu zuten, eta horregatik, dantza eta musika ez, kirol bilakatu ziren".

Herritmo ikuskizunak erritmoa du oinarrian. Ez da ezein erritmo, ordea. Herri bati dagokion erritmoa da txalapartariaren aburuz. "Lanbide mota batzuetatik datozen jarduerak dira, bizimodu baten erakusgarri dira. Horrek guztiak tempo bat dauka, pultsu bat, gaur egun errespetatzen ez duguna… baina gure herriaren pultsua hor kokatzen dut, ttakun-herren horretan".

Ikuskizuna ez da bertan ageri den diziplina bakoitza sustatzeko sortua izan: "Haiekin gozatzen dugulako eta horrela ateratzen zaigulako sortu dugu". Txalaparta, ahots eta perkusioak, euskal dantzak, herri kirolak... tradizioari erabat loturiko jarduerak dira. "Badakigu elementu herrikoiak direla oso. Ez genuen nahi, ordea, ikuskizun folkloriko bat egiterik". Horregatik, dantza garaikideko bi dantzariren agerpena. "Protagonista da haietako bat, gainera".

Folkloretik harago

Eta elementu folklorikoen agerpen huts izatetik harago joateko kanpoko begirada bat lortzen saiatu zen Oreka TX-eko txalapartaria. "Lanak ikuspegi unibertsal eta garaikidea izan dezan nahi genuen". Eta Hansel Cereza koreografo eta performance egile katalanari eskaini zion ikuskizuneko zuzendari artistiko lanak egin zitzan. Fura dels Baus konpainiaren sortzaile izan zen, eta 20 urtez aritu zen harekin lanean kontzeptuen sortzaile, zuzendari eszeniko eta sortzaile artistiko gisa. Martinez de San Vicentek egindako proposamena gustatu eta onartu egin zuen. Orduz geroztik, Euskal Herrian izan da, bi hilabetetik gora jada. "Ni erreminta bat gehiago naiz egitasmoan", dio umiltasunez, baina harena da ikuskizunari "egitura kontzeptuala" eskaintzeko eta eszenaratze egokiaz janzteko ardura. Horretarako, "errespetutik" abiatu da: "Ezezaguna zaidan kultura batez jabetzen saiatu naiz, baina euskal kultura ezin da bere osotasunean atzeman ez hilabete batean, ez bitan, ezta hirutan ere...". Halere, lanean aritu den asteotan ikuskizuneko adierazpide guztiak lotzen dituen ezaugarri komun bat atzeman du: desafioa. "Guztietan oso garrantzitsua da erronka pertsonala. Herri kirolean, nahiz eta izan erakustaldi hutsak zenbaitetan, beti dago erronka bat. Txalapartak ere badu horretatik, baina berezitasun batekin. Bi lagunek jotzen dute. Hor garrantzitsua da ikustea besteak zer egiten duen, zer sentitzen duen, nola uztartzen diren".

Erronka pertsonaltzat hartu du Cerezak Herritmo ikuskizunaren zuzendaritza artistikoa ere: "33 urte daramatzat honetan, eta uste nuen jada ez zitzaidala erronkarik geratzen. Arriskatu egin naiz egitasmo honetan sartzean. Erronka handia da, baina gogo handiz hartu dut". Eta ikuskizunaren ildo nagusia ere erronkak eta desafio pertsonalek bideratuko dute: "Hiru munduak, musika, dantza eta herri kirolak, mundu bakarrean sartu ditut, eta mundu horretan elkarrekin bizi daitezela".

Ikuskizunak 90 minutu inguru irauten du. "Benetan 85 minutukoa da, baina bisarekin ordu eta erdira iristea espero dugu", azaldu du Hansel Cerezak umorez. Musika konposaketa guztiak ikuskizunerako sortu dituzte beren-beregi, eta dantza koreografia osatzeaz Jon Maia arduratu da.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

Miren Agur Meabe saritutako lana aurkeztu zuen egunean ©Jagob Manterola/Foku

Miren Agur Meabek Espainiako Poesia Saria irabazi du

Iñigo Astiz

‘Nola gorde errautsa kolkoan’ liburuagatik saritu dute egilea, eta 20.000 euro jasoko ditu. Euskarazko liburu batek sari hori jasotzen duen lehen aldia da

Miren Agur Meabe. ©Monika del Valle / Foku

«Gorputzaren idazketatik aldentzen ari naiz; horren isla da liburua»

Aitor Biain

Pozik eta hunkituta jaso du Espainiako Poesia Sariaren berria Miren Agur Meabek (Lekeitio, Bizkaia, 1962). Bidaide izan dituen guztiei eskaini die.

Donostiako Zinemaldia | Laburpena, irailaren 20a

'Vous ne désirez que moi', 'Distancia de rescate' eta 'Crai nou' filmen aurkezpena

BerriaTB

Donostiako Zinemaldiko laugarren egunaren bideo laburpena.

Maria Valverde, Clara Llosa, Samanta Schweblin eta Dolores Fonzi, gaur, Donostian. ©Jon Urbe / Foku

Amatasunaren hariak eta izuak

Ainhoa Sarasola - Mikel Lizarralde

Claudia Llosak Distancia de rescate filma erakutsi du Sail Ofizialeko lehian. Vous ne désirez que moi (Claire Simon) eta Crai Nou (Alina Grigore) pelikulak ere aurkeztu dituzte.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Egin BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna