Arzallus: "Oso gustura sentitu naiz"

Finalistak pozik agertu dira osatutako saioarekin, eta baita Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko lehendakaria ere: "Borobila izan da". Bideoa: finalisten adierazpenak prentsaurrekoan. [berriatb]http://www.berria.info/berriatb/2003/[/berriatb]

2013ko abenduaren 15a
08:23
Entzun

Finalaren balorazio laburra egin dute zortzi bertsolariek, saioa amaitu ondoren. Amets Arzallus txapeldunak aitortu du "oso gustura" sentitu dela saioan zehar; goizean "aski tenple" izan duela azaldu du, eta arratsaldean, berriz, "apalxeago" sentitu dela.

Maialen Lujanbio txapeldunordeak eskerrak eman dizkie bertsozale eta boluntarioei:  "Zoragarria izan da. Saiatu gara lana lanarekin itzultzen". Igor Elortza ere pozik azaldu da sortutako giroarekin, eta nabarmendu du "pribilejioa" izan dela beste finalistekin kantuan aritzea.

Aitor Mendiluze "oso pozik, oso harro eta oso partaide" sentitu da, eta antzekotik jo du Beñat Gaztelumendik ere; finaleko gazteena izanik, "finalista bat gehiago" sentitu da. Egindako finalarekin eta txapelketarekin gustura azaldu da Añorgakoa.

Aitor Sarriegik ere "pribilejiotzat" jo du finalistekin kantatzea, eta Sustrai Colinak "gogo itzela" agertu du finalera itzultzeko. Unai Iturriagak, azken txapelketa zuela iragarri eta gero, txantxa artean esan du txapelketan parte hartuko lukeela berriro finalera ailegatuko litzatekeela bermatuz gero.

Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko lehendakaria oso pozik agertu da finalarekin; "asetu" egin du, eta "borobila" izan dela uste du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.