euskal herria

Desanexioak "ez dio kalterik egingo" Donostiari, Izagirre alkateak esan duenez

Dimisioa eskatu diotenei erantzutera atera da Juan Karlos Izagirre. "Ardura Donostia defenditzea" duela nabarmendu du, "inork ez dezala kontrakorik pentsa". "Heldutasun demokratikoa" eskatu dute, berriz, Itsas Aurrek eta Igeldoko Herri Kontseiluak. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialeko argitalpenean diotenez, "egiaztatuta" geratu da Gipuzkoako 89. herria "ekonomikoki bideragarria" dela.

Kartel handi bat jarri zuten atzo Igeldon. JAGOBA MANTEROLA, ARP
Berria.info
2013ko abenduaren 18a
17:09
Entzun

Gipuzkoako Foru Aldundiaren atzoko iragarpenaren ostean, zalaparta ugari sortzen ari da Igeldoren desanexioa,  oposizioko hiru alderdiek, PPk, PSE-EEk eta EAJk, Donostiako alkatearen dimisioa eskatzeraino. Alkateak ez luke "inoiz" Donostiari kalterik egingo liokeen ezer onartuko, bere ardura "defenditzea" delako. Alderdi horiei galdegin die "politikoki koherente izatea eta gehiengoak nahi duena onartzea" arrazoi diren kargua uzteko.

"Edonor libre da zentsura mozioak eskatzeko, bana zertan oinarritzen diren ikusi behar da". EH Bilduk hauteskunde programan agindutakoa egiten ari dela nabarmendu du alkateak, eta Igeldon gertatu dena "ariketa demokratikoa" izan dela. "Naturaltasun eta lasaitasun osoz" jarraitu behar da prozesua.

"Errespetua" igeldotarrei

Igeldoko herri kontseiluko eta Itsas Aurre elkarteko kideek agerraldia egin dute gaur goizean. Donostiako Udalari eta ordezkaritza duten alderdi politiko guztiei emaitza aintzat hartu eta "heldutasun demokratikoa" erakusteko eskatu diete, aldundiak hartu duen erabakiak irekitzen duen egoera berri honetan. "Elkarren arteko errespetutik abiatuta. aurrerantzean izan beharko ditugun hartuemanetan elkarrekin gizalegez jokatzea nahi dugu", esan du Iñaki Marko Herri kontseiluko kideak.

Igeldoko ordezkariak udalera hurbilduko dira, "gauza asko egongo baita hitz egiteko eta lotzeko". Elkarrizketetan lagun nahiko lituzkete Donostiako herritar eta alderdi oro. "Guk hemen ateak zabalik ditugu; herritarrei hitza eman, beraien parte hartzean eta antolaketa burujabearen alde apustu egiten jarraituko dugu", adierazi du Markok. Nabarmendu dute bideragarritasun ekonomikoaren inguruko txosten guztiek arrazoia ematen dietela.

Nabarmendu dute parte-hartze prozesua "oso garrantzitsua" izan dela herritarrak informazteko, iritziak partekatzeko, kezkak azaltzeko eta ekarpenak egiteko balio izan baitu. "Igeldoko herritarrek beren iritzia eta nahia zein den argi azaldu dute. Edozein estar demokratikoan inongo zalantzarik sortuko ez luketen emaitzek garbi erakutsi dute", esan du herri kontseiluko ordezkariak, azaroaren 10eko herri galdeketari erreferentzia eginaz.

Gipuzkoako aldizkari ofizialean

Abenduaren 17ko 46/2013 foru dekretu berriak "eraginik gabe" utzi du 6/2010 dekretua, joan den legegintzaldiko Foru Aldundiak atzera botatako Itxas Aurreren 1995eko eskaera. EAJk orduan ondorioztatu zuen ekonomikoki ez zela bideragarria, eta interes publikoaren arrazoiei ez ziela erantzuten. Gaurko argitalpenaren arabera, "komenigarria eta egokia" da "herritarren borondatea errespetatzen" duelako, joan den azaroaren 10eko galdeketaren emaitzak kontuan hartuta —%72,1eko parte hartzea izan zen, eta parte hartu zutenen %61,38kk eman zioten baiezkoa—. 

"Itxas Aurrek ekarritako dokumentu berriak" aintzat hartuta "arautegiak eskatzen dituenak bete direla egiaztatzen" du. Joan den foru dekretuak desanexioa egin ahal izateko 2.500 herritar behar dituela jaso zuen, baina argitalpenak argudiatzen duenez, "herrien kopurua eta tamaina ez da helburu bat bere horretan", baizik eta "gaitasun ekonomikoa" dela "oinarrizko helburua", udalei dagokien zerbitzu publikoetarako.

Kontrakoak eta aldekoak

Atzo Gipuzkoako Foru Aldundiak erabakia iragarri eta berehala erreakzioak bata bestearen atzetik iritsi ziren. Larraitz Ugarte Foru Aldundiko bozeramaileak desanexioaren kontra esandakoak kritikatu ditu. Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Donostiako Udaleko Oposizioko ordezkariak erabakia auzitegietara eramateko aukeraz mintzatu dira, eta Katalunian gertatzen dena ekarri du ahora Ugartek. Esan duenez, "Igeldoko herritarrei aurre egin nahi badiete, egin dezatela. Horrek gogora ekartzen dit Rajoy Kataluniarekin egiten ari dena. Nolabaiteko antzekotasunak dauzka, aldeak alde", baina erabakiari jar diezaieken helegiteak "ez dauka ibilbiderik". Haren ustez, oposizioak "ariketa demokratikoa dena eskandalu politiko bilakatu nahi" du.

Igeldoren bideragarritasuna aztertzeko diputazioak eskatutako txostenari buruz ere aritu da Ugarte. "Ez da izan foru aldundiak nahi lukeen bezain ona, zalantzak planteatzen baititu, baina aldekoa izan da", eta txostena, gainera, "ez da bete beharrekoa". "Ariketa demokratikoa" kontuan hartu duen erabakia izan da.

Oso bestelako iritziak ematen ari dira oposizioak. PSE-EEko Marisol Garmendiari "bildukeriak" derizkie horrelako erabakiei, eta salatu du "legea nahi duenerako" erabiltzen duela Bilduk. Garmendiaren ustez, 2.500 biztanleko kopurua ez du aintzat hartu diputazioak, "legeak ezartzen duen bezala".

PP "instituzioetan borrokatuko da, joko arauak errespetatuz" desanexioaren kontra, Arantza Quiroga EAEko PPren presidenteak azaldu duenez, "alderdi popularrak Igeldoren gainean eskatu dituen txostenak ez baitira aldekoak". "Kuriosoa da une hauetan legezkotasun eta segurtasun juridiko gisako hitzek nolako garrantzia hartzen duten". EAJk "beste alde batera" begiratzen ari dela ere salatu du.

EAJko Donostiako zinegotzi Eneko Goiak esan du Juan Karlos Izagirre "kontsekuente" balitz alkatetza utzi beharko lukeela: "Alkatearen egoeraren zinismo maila jasangaitza izaten hasi da", salatu du Goiak.

Udabiltzak, berriz, esan du Igeldokoa "borondate demokratikoaren garaipena" dela. "Igeldotarren borondate demokratikoa errespetatuz hartu du erabakia aldundiak, eta gorestekoa da". Herritarren borondate librean oinarritutako erabakiak "bideragarri" direla nabarmendu du Udalbiltzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.