Albistea, Guardia Zibila baino lehenago

Espainiako Barne Ministerioak operazioa egin aurretik eman du horren berri.

2014ko urtarrilaren 8a
17:27
Entzun

Oso azkar gertatu da guztia, minutu gutxi batzuetan, baina nahikoa izan dira informazioaren katean zerbait gaizki gertatzen ari zela ohartzeko. Arratsaldeko hiruak pasa berri ziren, Espainiako Barne Ministerioak ohar bat zabaldu duenean Twitterreko bere kontutik, esanez Guardia Zibilak hainbat lagun atxilotu dituela EPPK-ko abokatuek Hego Euskal Herrian dituzten egoitzetan.

Albistea berehala zabaldu da. Ordu erdi geroago, ordea, Barne Ministerioak ezabatu egin du Twitterreko bere kontutik operazioaren berri ematen zuen txioa, eta orduantxe zabaldu da susmoa: Barne Ministerioak behar baino lehenago eman du operazioaren berri, alegia, atxiloketak eta miaketak egin aurretik.

"Giro txarra"

BERRIA.INFO zenbait abokaturekin jarri da harremanetan orduan, eta jakin du Gasteizen, Iruñean eta Hernanin oraindik guardia zibilik ez zela. Gipuzkoakoan, hori bai, "giro txarra" sumatzen zuten, eta polizia uniformedunik ez bazegoen ere, kaleko arropa jantzitakoak bazirela baieztatu dute. BERRIAk jakin du, gainera, Guardia Zibilaren zortzi patrol abokatuen Bilboko egoitzara iritsi direnerako bazirela han jada zenbait kazetari. 

15:34ean Ministerioak berak gezurtatu du oharrak zioena, nahiz eta webgunean irakurgai zegoen oraindik. Ordurako, ordea, zenbait hedabide hasiak ziren esaten atxilotuak nortzuk ziren. 16:00etarako, baina, Barne Ministerioak aurreratutakoa betetzen hasi da, eta Hernaniko egoitzan ere sartu da Guardia Zibila. 

Azalpenak, Espainiako egunkarietan

Hanka-sartzea azaltzeko, El Pais Espainiako egunkariak une batean esan du Barne Ministerioaren "barne txantxa" bat zela behar baino lehenago zabaldu duten oharra. Azalpen hori, ordea, ezabatu egin dute webgunetik, esan dutenaren arabera, "informazio iturriak" horrela eskatu dielako.

El Mundo egunkariak webgunean argitaratu du Ministerioaren oharra guardia zibilak La Salveko polizia-etxetik atera baino lehen iritsi dela eta denbora eman diela horrek abokatuei frogak deusezteko. El Mundo-k dio horretan ari zirela abokatuak guardia zibilak euren egoitzan sartu direnean, eta epaileari jakinarazi diotela.

BERRIA saiatu da Espainiako Barne Ministerioarekin harremanetan jartzen gertatutakoa argitzeko baina erantzunik ez du jaso.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.