Albistea entzun

Hezkuntza

Hizkuntz eskakizunik bako irakasleen auzian dekretua betearaziko duela berretsi du Iztuetak

Euskaraz behar duten hizkuntz eskakizuna betetzen ez dutelako egonkortasuna galtzeko zorian diren irakasleen auzian sindikatuekin adostutako dekretua betetzeko prest agertu da Anjeles Iztueta Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua; hots, bigarren hizkuntz eskakizuna egiaztatu ezean, datorren abuztuan egonkortasuna galduko dutela berretsi du. Erabaki horrekin aurrera egiteko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluaren babesa jaso duela agertu du Iztuetak, eta nabarmendu du EAEko administrazioak 11,5 milioi euro gastatu dituela kolektibo horri euskara ikasteko aukerak ematen. Haien jokabidea "lotsagarria" izan dela iritzi dio.

Berria -

2005eko martxoak 16
Erabakiarekin aurrera jarraituko duela agertzeaz gain, protesta gisa Bilboko Bertendona Institutuan itxita dauden irakasleei buruzko hainbat datu eman ditu Iztuetak gaur arratsaldean, prentsaurrekoan. Hezkuntza sailburuak esan duenez, irakasle talde horretako kideek hiru oposiziotara aurkezteko aukera izan dute, eta, beraz, lanpostu finkoa lortzeko aukera hirutan izan dute eskura. Iztuetaren iduriko, ordea, ez dute behar besteko ahaleginik egin: 2002ko Lan Eskaintza Publikoan, esaterako, 157 horietatik 102k huts egin zuten; 25 ez ziren aurkeztu, eta 51k 0-ko kalifikazioa jaso zuten azterketan. Euskara ikasteko erraztasun asko izan dituztela nabarmendu du Iztuetak, eta EAEko administrazioak —"gizarteak" azpimarratu du Hezkuntza sailburuak— 11,5 milioi euro gastatu dituela euskalduntzeko erraztasun horiek ematen. Datu horiek guztiak aintzat hartuta, egonkortasuna galtzeko zorian diren irakasle horien jokabidea "lotsagarria" izan dela uste du Iztuetak, eta, gainera, beste kolektibo batzuek ez dituzten pribilejioak dituztela. Ildo horretatik, oroitarazi du datorren abuztuan egonkortasuna galdu arren etorkizunean 2. hizkuntz eskakizuna egiaztatzen badute, automatikoki egonkortasuna itzuliko zaiela. Hezkuntza sailburuak nabarmendu du badagoela egonkortasunik ez duen 17.000 irakasleko taldea, eta haietako askok dagoeneko badutela 2. hizkuntz eskakizuna, baina, hala ere, orain protestan diren kolektibokoek luketela lehentasuna euskara ikasiz gero.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Berria

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Irakurleen babesa ezinbestekoa da kazetaritza independente eta konprometitua egiten jarraitzeko.