Euskara

Hizkuntz eskakizuna bete ez duten irakasleen auzian "malgutasuna" eskatu dio Arartekoak Jaurlaritzari

Iñigo Lamarka EAEko Arartekoaren aburuz, hizkuntz eskakizuna bete ez dutelako egonkortasuna galtzeko zorian diren irakasleen kasuak banan-bana aztertu beharko lirateke dreketua aplikatu aurretik. Hain zuzen ere, auzi horretan "malgutasunez" jokatzeko eskatu dio Jaurlaritzari. Anjeles Iztueta Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, berriz, kolektibo horretako irakasleek ez dituztela beren betebehar eta konpromisoak bete azpimarratu du.

2005eko martxoaren 18a
11:23
Entzun
Iñigo Lamarka Arartekoak uste du hizkuntz eskakizuna bete ez dutelako egonkortasuna galtzeko zorian diren irakasleek taldeak badirela hainbat euskara ikasteko ahalegina egin dutenak, baina, hala ere, azterketa gainditzea lortu ez dutenak. Horregatik, auzi horren irtenbide egokiena kasuak banan-bana aztertzea dela iruditzen zaio, eta ahalegina egin dutenei beste aukera bat ematea. "Banan-banan aztertu beharko litzateke zergatik ez duten egiaztatu hizkuntz eskakizuna, eta ikusiko balitz baten batek nahi ez duelako ez duela egiaztatu, gainerako funtzionarioekin egiten den bezala, egin behar den bezala, horrek, jakina, neurriren bat ekarri behar du berarekin. Baina jakin badakigu badaudela kasuak euskara ikasteko esfortzu bat eginda ere ez dutenak lortu azterketa gainditzea. Orduan, zergatik ez kasuak banan-bana aztertu eta ahalegina egin dutenei beste aukera bat eman?", esan du Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan. Argudio horri jarraituz, "malgutasunez" jokatzeko eskatu dio Jaurlaritzari.

Radio Euskadin, berriz, Anjeles Iztueta Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua elkarrizketatu dute, eta auzi horixe izan dute mintzagai nagusietako bat. Herenegun agertutako jarrerari eutsi dio Iztuetak, eta protesta gisa Bilboko Bertendona Institutuan itxita dauden irakasle talde horretako kideak pribilejiatuak direla iradoki du. "Kolektibo horretako kideak ez dira funtzionarioak. Funtzionario izateko oposizioak gainditu behar dira, eta kolektibo horretako kdeek hiru oposizio izan dituzte. Beren ikasgaietako azterketak egin dituzte: filosofia, geografia, matematika...gazteleraz, eta hala ere, hirurak suspenditu dituzte", agertu du.

Oposizioak gainditu ez dituztenez eta funtzionario ez direnez, 'behin-behineko egonkor' izaera hartu dutela nabarmendu du Iztuetak, eta estatus hori Espainiako Estatutan EAEn baino ez dagoela. Ildo horretatik, behin-behineko egonkor izaera horrek beren espezialitatean plazarik ez dagoelako lanik egin gabe egon arren soldata osorik jasotzeko eskubidea eman diela agertu du Hezkuntza sailburuak, eta, era berean, betebehar batzuk ezarri dizkiela: zehazki, epe batzuetan (2003ko abuzturako), lehen hizkuntz eskakizuna —euskararen oinarrizko ezagutza— egiaztatzekoa. "Eta, hala ere, ez dute konpromiso hori bete. Baina gehiengo sindikalarekin adostuta, epe hori luzatzea erabaki zen, eta berriro ere ez dute konpromisoa bete", nabarmendu du. Euskara ikasteko erraztasun guztiak izan dituztela adierazi du Iztuetak, eta Jaurlaritzak 11,5 milioi euro gastatu dituela horretan. Funtsean, konpromisoa bete ez dutelako daudela irakasle horiek egoera horretan azpimarratu du Hezkuntza sailburuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.