Erreakzioak. Bellonen heriotza ikertzeko eskatu dio EAJk Espainiako Gobernuari

2014ko otsailaren 6a
15:59
Entzun

EAJ

Arkaitz Bellon euskal presoaren heriotza ikertzeko eskatu du EAJko legebiltzarkide Joseba Egibarrek, eta atsekabea azaldu du presoaren heriotzaren aurrean: "Autopsiatik harago, beharrezkoa da argitzea zein egoeratan gertatu den heriotza eta aurretik artatu ote zuten". Espetxe politika "errotik" aldatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari.

EH Bildu

Eusko Legebiltzarreko EH Bilduko ordezkariek orri bana zabaldu dute gaurko osoko bilkuran, presoen sakabanaketa politika salatzeko. "Espetxe politikak hil egiten du. Sakabanaketari ez", zioen. Ondoren, Belen Arrondo koalizioko legebiltzarkideak hitza hartzean, elkartasuna adierazi dio Arkaitz Bellonen familiari.

Ernai

"Gogor salatzen dugu Espainiako zein Frantziako estatuek darabilten mendekuan oinarritutako espetxe politikaren hatzaparretan emandako hilketa hau, urtebeteren buruan hirugarrena". Hala salatu du Ernai gazte antolakundeak Arkaitz Bellon presoaren heriotza.

Urtarrilaren 11n Bilbon eginiko manifestazioa gogoan izan du Ernaik, eta kritikatu du Espainiako Gobernuak "ukazioan eta mendekuan oinarritutako" politikei eusten diela hala ere: "Gobernu horrek berak hartutako erabakien ondorio zuzena da Arkaitzen heriotza".

Egiari Zor fundazioa

"Heriotza, mina eta sufrimendu itzela sortzen duen espetxe politika krudel hau behingoz amaitzeko exijitzen dugu", esan du ohar batean Egiari Zor fundazioak. Halaber, elkartasuna adierazi dio Bellonen sendiari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.