Bellonen gorpua atera da Cadiztik, eta Euskal Herrira bidean da

Arkaitz Bellonen gorpua atera da Cadiztik, eta bihar goizean hartuko dute Elorrion. Egindako bi autopsiek ondorioztatu dute berez hil dela. Hainbat froga eta azken txostena falta dira, baina Elorrioko presoak hamahiru urtean izan dituen baldintzak "erabakigarriak" izan dira heriotzean, Etxerat-ek salatu duenez. 

Bellonen argazkiak, Iruñeko gaurko bilkuran. IñIGO URIZ, ARP
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2014ko otsailaren 7a
07:16
Entzun

Ez dago heriotza berez izan ez dela erakusten duen susmorik. Hori ondorioztatu dute Bellonen gorpuari egindako atariko bi autopsietan —Cadizko Institutuko forentseek eta konfiantzazko medikuekin egindakoak —. Dena den, itxoin egin behar da azken txostenak eta falta diren frogek zer dioten jakin arte.

Toxikologia probak ere egiteko eskatu du familiak. Proba horiek jaso, Madrilgo toxikologia klinikara igorri, eta han azterketa sakonak egiten dituzte. Denbora behar izaten du horrek, eta, beraz, baita autopsiatik ateratako ondorio osatuak ere. Hortaz, denbora beharko da behin betiko txostena izan arte.

"Faktore erabakigarriak"

Behin betiko txostena jakin aurretik, baina, Etxerat-ek hau nabarmendu nahi izan du: "Harreman zuzena dauka zoritxarrekoak 13 urtean Arkaitz Bellon izan duten baldintzekin. Torturek, jipoiek, lekualdatzeek, eta etengabeko tentsioek eragin dute bere osasunean". Faktore horiek ez dira, gainera, Etxerat-en ustez, arrisku faktoreak, "erabakigarriak" baizik.

Autopsia amaituta abiatu dira Euskal Herrira senideak gorpuarekin. Ostiraletan izaten diren ohiko elkarretaratzeetan jarri du hitzordua elkarteak, eta herritarrek parte har dezatela eskatu dute, sakabanaketa hildakoen eragile dela salatzeko: Sakabanaketak gure senideak hiltzen ditu leloa izango dute arratsaldeko hitzorduek.

Atzo goizean egin zioten lehen autopsia, Cadizko Auzi Klinikan; senideen konfiantzazko medikurik gabe, haiek konfiantzazko medikuak autopsian egon zitezela eskatua zuten arren. Senideen protestaren ondoren, beste azterketa bat egitea onartu du auzitegiak, eta gaur egin diote, klinika berean, senideen konfiantzazko medikuak auzi medikuekin direla.

"Ikaragarrizko baldintza gogorrak"

Etxerat-ek, heriotza ez dela "bidezkoa" esan du, eta indarra egin du kontuan hartu beharreko hainbat datutan: 13 urte zeraman kartzelan, "ikaragarrizko baldintza gogorretan". Atxilotu zutenean torturatu egin zutela salatu zuen. Eta, ordutik, presoen beraien esanetan Espainian baldintzarik gogorrenak dituzten espetxeetan egon da: Puerto III, Sevilla, Herrera de la Mancha eta Puerto I kartzeletan.

Presondegian bereziki jazarri diotela azaldu dute haren gertukoek. Horren adibide, Etxerat-en arabera "gutxienez lau aldiz" jipoitu izana. Eta espetxerik gogorrenetan erregimenik zorrotzenetan izan dute.

Bellonekin gertatutakoak espetxe politikaren ondorenak agerian uzten dituela dio presoen senideen elkarteak. Kale eraso batean parte hartzea egotzita 13 urte eta 3 hilabeteko espetxe zigorra jarri zioten. Zigorraren bi herenak zein hiru laurdenak beteta zeuzkan arren, preso zeukaten; zigorra ia osorik betea zuen, baina lehen graduan zuten oraindik, bizi-baldintza gogorrenak dituen araudipean.

Halako baldintzetan, urtebete baino gutxiagoan hiru euskal preso hiltzea ere ez da kasualitatea senideen ustez. Ondorio argia atera dute, hortaz: "Ezinbestekoa da sakabanaketa amaitzea". Hori eskatzeko eta Elorrioko presoaren heriotza salatzeko bereziki eskatu du Etxerat-ek; protestetan parte hartzeko.

Manu Gonzalez preso ohia, zeina Bellonekin Sevillako espetxean egona den, harrituta azaldu da: "Egunero egiten zuen kirola, bere burua ahalik eta ondoen zaintzen saiatzen zen".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.