ARKAITZ BELLONEN HERIOTZA

"Hamahiru urte luze hauetan erail dute, krudelkeria neurtu eta sistematizatu baten bidez"

Agerraldia egin dute Bellonen senide eta lagunek, konfiantzazko medikuek eta Etxerat elkarteko kideek. Zuzenean eman du Aitziber Laskibar Lizarribar kazetariak agerraldiaren berri.

Arkaitz Bellonen senideak, gaur, Elorrion.
Arkaitz Bellonen senideak, gaur, Elorrion. / ARP

Berria -

2014ko otsailak 11

Gertatu denari "argitasun pixka bat ematera" joan dira Arkaitz Bellonen senide, lagun eta konfiantzazko medikuak, Etxerat-ekin batera, Elorrioko Arriola antzokira. Etxerat-eko kideek hartu dute hitza, heriotza "ulertezina" dela adieraziz. Medikuek, berriz, espetxean bizi izan duen egoerarekin lotu dute heriotza. "Arkaitz heriotzara eraman duten arrazoiek ez dute ziurrenik zerikusirik azkeneko egun eta asteetako gertakariekin bakarrik, baizik eta orain dela 13 urte hasi zen kronologia eta testigantza gogor batekin". Lagun eta senideek idazki bat irakurri dute, beren bihotzek "krak" nola egin duten azalduz.

Honela diote lagun eta senideek irakurri duten idatziaren pasarteetako batzuek: "Joan den asteazkenean jaso genuen Arkaitzen heriotzaren berri. [...] Geroztik gauza asko esan eta idatzi dira, eta Arkaitz maite genuenok badugu, zenbait argipen emateaz gainera, adierazteko beharra".

Medikuen atariko autopsiari buruz aritu dira, alegia berez eta bat-batean hil zenari aipamena egiten, eta nabarmendu dutenez, "sufrimendu keinurik gabe hil zela onar" lezakete, "baina ez bat-bateko heriotza izan denik, hamahiru urte luze hauetan erail baitute kriudelkeria neurtu eta sistematizatu baten bidez. Arkaitzen espetxealdia ezagututa nola onartu heriotza naturala dela?".

Kontaera egin dute hamahiru urteotan Belloni egin dizkiotenez: duela hamahiru urte atxilotu eta torturatu zuten. Handik hiru urtera, epaiketan fiskalak berak froga zuzenik ez zela onartu arren, kondenatu egin zuten, Andoni eta Txominekin batera, leporatzen zizkioten ekintzekin inongo proportziorik ez zuen kondena luze eta neurrigabea jartzeaz gainera".

Orduan hasi ziren ulertzen "sakabanaketaren eta urrunketaren benetako esanahia". Valdemoro, Ocaña, Herrera de la Mancha, Algeciras, Puerto... "Gero eta urrutirago beti".

Senideek izan zuten istripua nola bizi izan zuen, bakartze aldiak, jipoiak, egun oso bat lotuta ohera eskuburdinekin, biluzik. Horiek denak dira Bellonek bizi izandakoak, senide eta lagunek kontatu dutenez. "Guk badakigu horrrek denak hil duela Arkaitz; kartzela politika hiltzaile baten ondorio zuzena izan da gertatu dena, ez edozeini gerta dakiokeen zerbait".

Herritarrengandik jaso duten "berotasuna" ere eskertu dute, gertukoengandik ezagutzen ez duten jendearenganaino. "Mina, amorrua eta pena" sentitu dute, "baina baita harrotasuna ere".

"Besarkadarik sentituena ere" bidali nahi izan die "Arkaitzek espetxean utzi dituen lagun eta kide guztiei".

Medikuen lekukotza

Miren Aranak hitz egin du, senideen konfiantzazko medikuen izenean, eta gertaeraz espetxeko iturriek esan dutenaren kontaera egin du: 17:00etan Cadizko Puerto de Santa Maria espetxean zen Arkaitzen ziegara gerturatu zen bertako funtzionarioa. deiei erantzunik ez eta ziegara sartu eta ohean zen presoaren gorputza eskuz astindu zuen. Inolako erreakziorik ez egotean, espetxeko medikuari deitu zion gerturatzeko. Ez zuen bortizkeria arrastorik ikusi. Hilda zegoela baieztatu zuen.

Aranak baieztatu du bat egiten dutela Cadizko institutuan egindako lehen autopsiak eta konfiantzazko medikuekin egindakoak: "Bihotz jatorriko birika edema akutu batek ekarri zuen". Behin betiko informea ezagutu ahal izateko, ordea, zain daude, froga toxikologiko, histopatologiko, mikrobiologiko eta biologikoek zer esaten duten.

Hori guztia jakin aurretik zera baieztatu nahi izan du Aranak: "Espetxeko bizi-baldintzek ez dute sekula presoaren osasunaren alde egiten". Zenbait aldagaik, gainera, eragin zuzena dute, haren arabera: "Behar bezalako osasun laguntzarik ezak, tentsio eta estres egoera iraunkorrek, elikadura guztiz desegokiak, ariketa fisikoa garatzeko mugek, benetako atsedenerako aukerarik ezak... Horrek guztiak presoaren egoeran eragin zuzena dauka".

Etxerat-ek ateratako ondorioak

“Espetxe politika ankerra” bizi dutenen izenean hitz egin du Etxerat-ek. “Salbuespeneko espetxe politika preso dagoen pertsonaren erabateko suntsipen eta deuseztapenera zuzendua dago, horretarako edozein neurri delarik baliagarri”. Baina gogoratu du instituzio publiko batek egiten duenean, nazioartean erabiltzen den tortura kontzeptupean egiten dela. “Inongo zalantzarik gabe ondoriozta dezakegu, beraz, zuzeneko eragina izan duela zorigaiztoko amaiera honetan; arrisku aldagai bat baino gehiago erabakiorra izan da”.

"Are mingarriagoa" egiten da, Etxerat-en ustez, ordezkari politiko batzuk "giza eskubide urraketa agerikoenak" ez babestea: "Noiz arte jipoiak? Noiz arte isolamendua? Noiz arte kilometroak? Noiz arte neurrigabeko bortizkeria hau?", galdegin du Etxerat-ek. "Egoera bidegabe eta krudel hauekin amaitzea denon ardura" dela nabarmendu du Etxerat-ek.

Otsailaren 5ean hil zen Bellon, Puerto de Santa Mariako espetxean, ziegan. Bazkalondoko atsedenaldiaren ondoren ohiko zenbaketa egitera joan zirenean, 36 urteko bizkaitarra ohean etzanda zegoela ikusi zuten espetxezainek. Cadizko Auzi Klinikan egin zioten lehen autopsia, senideen konfiantzazko medikurik gabe, haiek konfiantzazko medikuak autopsian egon zitezela eskatua zuten arren. Senideen protestaren ondoren, beste azterketa bat egitea onartu zuen auzitegiak, eta ostiralean egin zioten, klinika berean, senideen konfiantzazko medikuak auzi medikuekin zirela.

Bellon bat-batean eta berez hil zela ondorioztatu zuten bi autopsien atariko emaitzek. Etxerat-ek esan zuen Elorrioko presoaren heriotzan eragin zuzena izan dutela kartzelan hamahiru urteotan jasan dituen bizi-baldintzek.

Larunbatean heldu zen gorpua sorterrira, Elorriora (Bizkaia), eta harrera egin zioten bertan. Arratsaldean, berriz, jendetza batu zen Bellonen heriotza salatzeko eta espetxe politikaren kontra egiteko manifestazioan.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Sindikatuen protesta, gaur, Donostiako Amara Berriko lehen arretarako zentroan. ©Gorka Rubio / FOKU

«Sakoneko arazoei heltzeko» eskatu diote sindikatuek Osakidetzari

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Azken urteotako murrizketek «osasun publikoaren ahultze kezkagarria» ekarri dutela salatu dute SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek lehen arretako zentroetan egindako protestetan. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak erantzun diete osasun publikoa «sendotzeko konpromisoa benetakoa eta erabatekoa» dutela.

PCR probak, Gurutzetako ospitalean. ©Luis Jauregialtzo, FOKU

Gutxitu egin dira egun bakarrean atzemandako kasuak

Uxue Rey Gorraiz

Beste 793 positibo detektatu dituzte Hegoaldean, aurreko egunean baino 14 gutxiago. Ospitaleratzeek ere behera egin dute: 56 gaixo erietxeratu dituzte azken egunean. Hiru gaixo zendu dira, Nafarroan.

Ikasgela huts bat, artxiboko irudi batean. ©Jon Urbe, FOKU

Jaurlaritzak 80 ikasgela itxi ditu egun bakarrean

Uxue Rey Gorraiz

172 ikasgela daude itxita Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian. Guztira 111 ikastetxetan dute eragina itxiera horiek.

Mekanikari bat lanean, iragan apirileko irudi batean. ©Jon Urbe / FOKU

Ekonomia %19,5 jaitsi da bigarren hiruhilekoan, aurreikusi baino pixka bat gutxiago

Imanol Magro Eizmendi

Langabezia datuetan ere arindu egin dira uztailean eginiko aurreikuspenak: %17,2 izan zen tasa

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna