ENPRESAK

TS Fundiciones itxi egingo dute

Enpresako jabeek enpresa likidatuko dutela jakinarazi diete langileei, haiekin berregituratzeko akordioa lortu ez dutelako.

Langileen protesta bat. A.CANELLADA/ ARP
Iker Aranburu.
2014ko otsailaren 14a
16:59
Entzun

"Akordiorik ez egoteak ez du ez itxaropenik ezta etorkizunik ere uzten", dio TS Fundicionesek zabaldutako agiriak. Haien arabera, 50 langile kaleratu eta besteei soldatak jaitsi eta lanaldia luzatu gabe ez zegoen enpresa bideragarri egiteko planaren bigarren urratsa indarrean jartzerik, hots, hornitzaileekin, erakundeekin eta bankuekin negoziatzea. 

"Badira hilabeteak ez direla aurrera pausorik egin lan arloko negoziazioan, enpresa batzordeak eskatzen zuelako soldatak (Gipuzkoako metalgintzako hitzarmenaren %50 handiagoak) eta 35 orduko lanaldia mantentzea", dio TS Fundicionesek.

Negoziaketak hasi zituztenean susmo txarrak adierazi zituzten Ts Fundicioneseko langileek: "Beldur gara oraingoz zuzendaritzak TS Fundiciones itxi nahi duela, eta errua langileei bota". Azaroan aurkeztutako planak langileren kaleratzea aurreikusten zuen, eta geratuko ziren 110 langileek %25 gutxiago kobratzea, urtean ehun ordu gehiago lan egin —Gipuzkoako metalgintzako itunarekin parekatzeko— eta lanaldi malguagoa izatea. Enpresak azaldu zuenez, neurri horiekin, enpresa "lehiakide europarren pare" jarriko da, eta luze gabe jarduerari eutsiko zion.

Eskaeren jaitsiera

Industria eolikoarentzako osagaiak egiten ditu Ts Fundicionesek, baina asko gutxitu zaio lana azkenaldian. Batetik, sektore horretan inbertsioek geldialdi bat izan dutelako, eta, bestetik, bezero askok Txinako produktuak erosten hasi direlako edo beren fundizioak sortu dituztelako. Iaztik hona %43 tona gutxiago ekoiztu du, eta fakturazioa 20 milioira jaitsi da, prezio txikiagoak eskaini behar izan dituelako bezeroei eusteko. Diru gutxi da hori, kontuan hartuta 28 milioi euroren zorra pilatu duela. "Zor hori ez da bideragarria enpresa berregituratu ezean", azaldu du enpresak. Hornitzaileekin eta bankuekin duen zorra berriro negoziatu nahi du zuzendaritzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.