Ukraina

Legebiltzarrak Janukovitx kargugabetu du

Maiatzaren 25erako deitu du hauteskundeetara. Presidenteak dimisiorik emateko asmorik ez duela azaldu du, eta Errusiara bidean dela zabaldu dute hainbat hedabidek. Bien bitartean, manifestariek Kieveko eraikin ofizialak hartu dituzte, eta poliziek alde egin dute. Timoxenko oposizioko burua aske utzi dute, eta hauteskundeetara aurkeztuko dela iragarri du.

Oposizioko kideak, legebiltzarraren aurrean. MAXIN SHIPENKOV, EFE
2014ko otsailaren 22a
18:11
Entzun

Ukrainako Parlamentuak aho batez onartu du Viktor Janukovitx presidentea kargutik kentzea "funtzio konstituzionalak betetzeari utzi diolako", eta hauteskundeetarako data ipini du: maiatzaren 25a, Europako Parlamentuko hauteskundeekin batera. Legebiltzarra gobernuaren aldeko kiderik gabe geratu da azken orduotan, eta azkenean, oposizioko alderdiak jabetu dira ganberaz: aldeko 328 botorekin eta aurkako ahotsik gabe onartu dute presidentea kargutik kentzea.

Hark Kievetik Kharkhiv hirira jo du goizaldean, Ukrainako ekialdera, han baitu indargune nagusia bere Eskualdeen Alderdiak. Bertatik, agerraldia egin du arratsaldean: "Gure herrialdeak eta mundu osoak ikusi dituen gertakariak estatu kolpe bat dira", salatu du aurrez grabatutako agerraldi baten bidez. "Bi amnistia lege onartu genituen, herrialdeko egoera politikoa egonkortzeko urrats guztiak egin genituen, baina gertatu dena gertatu da". Parlamentuak bere oniritzirik gabe hartutako neurriek zilegitasunik ez dutela nabarmendu du, baina alferrik: oposizioko indarrek erabat hartuta daukate Kiev hiriburua eta gobernuko egoitza nagusiak, eta haren ordez neurriak hartzeari ekin diote. Ezohiko bilkuran eta aldez aurretiko eztabaida saiorik gabe, presidenteak bere betebeharrak alde batera utzi dituela eta, beraz, kargutik kendu behar dela ebatzi du legebiltzarrak.

Oposizioa parlamentuan
Eskualdeen Alderdiko hainbat diputatuk dimisioa eman dute «osasun arrazoiengatik», eta beste batzuk oposiziora igaro dira. Janukovitxen arabera, beldurragatik egin dute ihes: «Batzuek ezin zuten presioa jasan, eta kezkatuta zeuden euren familiengatik; baina badaude traidoreak ere». Ukrainako hedabideen arabera, 30 diputatuk baino gehiagok babestu dute oposizioa azken egunotan. Horrela, oposizioa nagusitu da Radan (parlamentuan), eta hark gobernuaren funtzioa hartu du.

Onartu duen lehen neurria Julia Timoxenko lehen ministro ohia askatzea izan da. Janukovitxek hauteskundeetan garaitu zuenetik espetxe zigorra betetzen ari zen hura, boterea gehiegikeriaz erabiltzea eta diru publikoa desbideratzea egotzita. Mendebaldearen alaba  besoetakoa ere bada, eta oposizioko Batkivtxina alderdiaren eskari nagusietako bat izan da hura aske uztea. Ukrainako hedabideen arabera, gaur arratsaldean geratu da hura kargurik gabe aske. Orain arteko zigorrekin, debekatuta zeukan hauteskundeetara aurkeztea; orain, indarra galdu du neurri horrek. Kievera jo du zuzenean, eta Independentziaren plazan bildutakoen aurrean hitz egin du: «Diktadura erori da». Maiatzaren 25eko bozetara hautagai gisa aurkeztuko dela ere jakinarazi zuen.

Legebiltzarreko presidentea eta Barne ministroa ere ordezkatu dituzte, eta Timoxenkoren alderdiko bi goi kargu ipini dituzte haien tokian: Aleksandr Turtxinov eta Arsen Avakov, hurrenez hurren. Gainera, parlamentuak 2004ko konstituzioa berrezartzea onartu du, hura ere presidentearen sinadurarik gabe. Janukovitxek eta oposizioko buruek ostiralean adostu zuten trantsiziorako oinarrizko bide-orri bat; besteak beste, hauteskundeak egin bitartean batasun nazionaleko gobernu bat osatzea hitzartu zuten. Kalean kontrola hartu duten talde armatu ultraeskuindarrek, ordea, ez zuten onartu, eta kargua uzteko ultimatuma eman zioten presidenteari.

Eta talde armatuak, kalean
Herrialdea banatuta dago orain. Kiev oposizioaren esku dago erabat: bertako hedabideen arabera, Polizia desagertu egin da, eta azken egunotan istiluetan nahastutako talde armatuek —Maidango (plazako) Autodefentsek— hartu dute eraikin nagusien gaineko kontrola. Russia Today katearen arabera, Mendebaldeko Lviv hiritik jende gehiago heldu da haiei laguntzera.

Eskualdeen Alderdiaren indargune den hego-ekialdean, berriz, lasaiagoa da egoera, bertako hedabideen arabera. Probintzia horietako parlamentuko dipuatutek leialtasuna adierazi diote Janukovitxi, eta "ordena konstituzionalari" eusteko eta EuroMaidanekoei aurre egiteko eskatu diete bertako herritarrei. Vadim Kolesnitxenko diputatuak atzerriko indarrei egotzi die estatu-kolpea probokatzea: "Urteak igaro dituzte Kieveko egoera prestatzen. Atzerriko eragileek hamar mila milioi dolar baino gehiago erabili dituzte azken urteotan kolpea prestatzeko: 'gobernuz kanpoko erakude' deiturikoetan inbertitu dute".

Ukrainako hedabideen arabera, «panikoa» zabaltzen ari da hainbat hiritan. Janukovitxen aldekoak ez ezik, oposizioko indarren artean dauden ultraeskuindarren beldur diren hainbat komunitate ere hiriburutk hego-ekialdeko eskualdeetara ihes egiten ari dira. Interneteko sare sozialetako dozenaka argazkitan ikus daitekeenez , ilara luzeak sortu dira elikagai dendetan, gasolindegietan eta banketxeetan, etor daitekeenari aurre hartzeko asmoz.

Errusiako Gobernuak zibilak babesteko eskatu die Kieven eta Mendebaldeko eskualdeetan agintea duten erakundeei, bereziki Errusiako herritarrak. Ostiralean, armatutako pertsona talde batek Bielorrusiako eta Errusiako turistak zeramatzan autobus bati egin zion eraso; gidaria, errusiarra, larri zauritu zuten. Bielorrusiak ere Ukrainarako bidairik ez egitea gomendatu die bere herritarrei. Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak ere "haserre" hitz egin du, berak eta Polonia, Alemania, eta Frantziako Atzerri ministroak bitarteko gobernuak eta oposizioak hitzartutakoak ez baitu ezertarako balio izan: "Ez dute ezer errespetatu".

Ukrainako armadak, berriz, ez dauka esku hartzeko asmorik, Defentsa Ministerioak atzo ohar bidez jakinarazi zuenez: "Herrialdearentzako garai zailotan, leial mantenduko gatzaie diziplina militarrari eta Ukrainako Konstituzioari, eta zorrotz jarraituko ditugu Ukrainako Indar Armatuen estatutuak".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.