Albistea entzun

HONDAKINAK

'Swap'-ek maileguari segurtasuna ematen ziotela deklaratu du Ormazabalek

Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketak errauste plantaren eraikuntza finantzatzeko maileguen harira abiatutako auzibidea da, Caixarekin eta Banestorekin aurreko legealdian itundutako akordioak kaltea dakarrela argudiatuta; erakundeko buruzagi ohiek, aldiz, ondo jokatu zutela diote.

Carlos Ormazabal, epaitegira iristen. /
Carlos Ormazabal, epaitegira iristen. / Jon Urbe/ARP

Arantxa Iraola -

2014ko otsailak 26 08:02

Donostiako Lehen Auzialdiko 4. zenbakiko epaitegian egin da epaiketa. Bi aldeek hartu dute hitza. Goizean Antton Lete GHK-ko egungo zuzendari nagusiak, Carlos Ormazabal lehendakari ohiak eta Iñaki Etxezarreta zuzendari nagusi ohiak deklaratu dute, eta Maite Etxarri finantza arduradun ohiaren azalpenekin hasi da arratsaldeko saioa.  

Ormazabalek azaldu duenez, egitasmo "handia" zen errauste plantarena, eta proiektua ordaintzeko maileguari "segurtasun juridikoa" emateko hitzartu zituzten swap-ak. Gainerakoan, gainera, interesak asko igotzeko arriskua zegoela ohartarazi du. Gaineratu du ez zirela produktu espekulatiboak; planta ez egiteko erabakiak ekarri ditu ondorio espekulatiboak, haren ustez. Maite Etxarrik ere defendatu egin du kreditua eskuratzeko hitzartutako akordioa; "teknikoki" lan ona egin zutela dio, eta hartu zituztela aintzakotzat sor zitezkeen ezusteko eta arriskuak. 

2008an ebatzi zuen GHK-k 358 milioi euroko inbertsioa egitea Gipuzkoako hondakinak tratatzeko azpiegiturarako, eta 319 milioi Zubietara bideratzea, bereziki bertan egin asmo zuten errauste plantarako. Orduan hasi ziren diruaren zati bat —68 milioi euro— bankuetatik eskuratzeko negoziazioak. Eta legealdi honetan proiektu hori bertan behera laga badute ere, zorraren zama hor da.

Ikusmina eragin du auzi honek. GHK-ko egungo arduradunek egotzi izan diete aurrekoei, Zubietako errauste plantaren egitasmoa “atzera bueltarik gabea” izan zedin hitzartu zituztela swap produktuak. GHK-k egindako eran, beste hainbat elkartek ere salatu dute horiek espekulazioan oinarrituta daudela eta soilik bankuentzat direla mesedegarri.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Egin BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna