Ukraina

"Inbasioa" leporatu dio Ukrainak Errusiari, eta bilera bat eskatu dio NBEren Kontseiluari

"Inbasio militartzat eta okupaziotzat jo" du Arsen Avakov Ukrainako behin-behineko Barne ministroak Sebastopoleko aireportua inguratu izana, Krimean. Moskuk, berriz, ukatu egin du Kiev esaten ari dena. Kievek ezohiko bilera eskatuko dio Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluari Krimeako egoera aztertzeko.  

Ekintzaile errusiazaleak. ARTHUR SHWARTZ, EFE
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2014ko otsailaren 28a
15:14
Entzun

Errusiazaleek zaintza talde zibilak antolatu dituzte Krimeako Errepublika Autonomoko leku askotan, ukrainar nazionalkusten mugimenduak gertutik zaintzeko asmoz, eta hiriburuan, Sinferopolen, talde armatuek babestuta daudela esan dute Mendebaldeko hainbat komunikabidek. Errusiako Interfax berri agentziak, ordea, besterik esan du: goizaldean Sinferopoleko aireportura joan dira 50 bat lagun, baina alde egin dute handik, ingurua behatu ondoren, ukrainar paraxutisten mugimendurik ez dela baieztatu ondoren. "Ukrainatik etorri direla uste zuten, baina halakorik ez zegoela ikusita, barkamena eskatu eta joan egin dira", azaldu dio Igor Stratilati aireportuko bozeramaileak berri agentziari esan dionez.

Sinferopoleko aireportukoa baino larriagoak izan daitezke, ordea, Sebastopol hiriko aireportuan ustez gertatutakoaren ondorioak, Ukrainako Barne ministroak Errusiari inbaditzen ari dela esateak Mendebaldearen eta Moskuren arteko tentsioaren gorakada erakusten baitu. "Barruan Ukrainako militarrak eta mugako poliziak daude, baina kanpoan, kamuflaje jantzitz daude, armaturik, eta ez dute errusiar flotakoak direla ezkutatzen", azaldu du Avakov Ukrainako behin-behineko Barne ministroak. "Probokazio irekia da gatazka armatua eragiteko eta odola isurtzeko".

Moskuk, ordea, ukatu egin du Itsas Beltzeko errusiar flotako militarrak mugitu direla —mugituz gero Ukrainarekin duen hitzarmena urratuko luke—, eta "are gutxiago blokeatu" dutela. Militarrak bizi diren guneetan "terrorismoaren kontrako indarren zaintza areagotu" besterik ez dute egin, egoera nahasia delako, flotako kide batek esan duenez.

Ukrainako parlamentuak onartu du Errusiari eskatzea "lurralde batasuna eta subiranotasun nazionala" eragotziko lukeen edozein mugimenduak eta Ukrainarengandik bereizteko ekintzak. Parlamentuan onartu dute ere Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluari ezohiko bilera eskatzea Krimeako egoera aztertzeko, eta beharrezko neurriak hartzeko.

Janukovitxen esperoan

Viktor Janukovitxi begira ere badaude Ukrainan eta nazioartean, izan ere, Errusiatik hitz egingo duela iragarri zuen atzo presidente kargugabetuak. Errusian hartu du babes, eta horrek ez du lagundu baretzen tentsio diplomatikoa, nazioarteko bilatze eta atxilotze agindua ezarria baitago haren kontra. 14:00etan hitz egingo du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.