Albistea entzun

MARTXOAK 3

1976ko martxoaren 3an hildako bost langileak oroitu dituzte Gasteizen

Biktimen omenez manifestazioa egin dute arratsaldean, Espainiako Poliziak bost langile hil eta 38 urtera.

Martxoak 3an hildako langileen omenezko manifestaldia, Andra Mari Zuriaren plazan.
Martxoak 3an hildako langileen omenezko manifestaldia, Andra Mari Zuriaren plazan. / Juana Ruiz/ARP

Edurne Begiristain -

2014ko martxoak 3 07:58

Omenaldi eta aldarrikapen eguna izan da gaur Gasteizen.  1976an polizia armatuak tiroz hil zituen bost langileak oroitzekoa eta egia, justizia eta erreparazioa eskatzekoa ere. Goizean EH Bilduk omenaldia eskaini die biktimei, Gasteizko Martxoak 3 enparantzan, Zaramaga auzoan. Bertan, Belen Arrondo legebiltzarkideak adierazi du herrialdean ematen ari den "aldaketa politiko eta soziala" 1976ko martxoaren 3an borrokatu zirenei eskaini ahal zaien "omenaldirik onena" dela.  Justizia eta aitortza aldarrikatzen dutenen aurrean, Espainiako Estatuak "ahanzturarekin egia ezkutatzen" saiatu dela salatu du. "Hau ikusita, martxoaren 3ko elkartekoek Argentinara joan behar izan dute zigorgabetasunaren aurka borrokatzen jarraitu ahal izateko", gogoratu du.

Horri lotuta, Martxoaren 3ko biktimen elkarteak ohar batean salatu du Espainiak giza eskubideen inguruko nazioarteko legeria urratzen duela. Maria Servini epaileak ikerketa zabaldu du 1976ko martxoaren 3ko hilketen inguruan, eta elkarteak uste du prozesu horrekin "lehen garaipena" eskuratu dutela biktimek "Espainiaren zigorgabetasun ereduaren" aurrean. Pedro Maria Martínez Ocio, Romualdo Barroso, Francisco Aznar, Jose Castillo eta Bienvenido Pereda langileak hil zituen Poliziak gaur 38 urte. Elkarteak oroitarazi du egia, justizia eta erreparaziorako eskubideak eta gertatutakoa ez errepikatzeko bermeak betetzeke daudela. Halaber, kritikatu du inork ez duela oraindik eragindako oinazea aitortu, ezta estatuak bere ardura ere.

Arratsaldean omenaldi eta protesta ekitaldiek jarraipena izan dute.  ELA, LAB, ESK eta EILAS sindikatuek omenaldia eta manifestazioa egin dituzte, Zaramaga auzotik. "Egia, justizia eta erreparazioa" eskatu dituzte, baita errudunak ez daitezen zigorrik gabe geratu. Martxoaren 3ko biktimen elkarteak eta sindikatuek lore eskaintza egin diete bost langileei, haien omenez egindako monolitoan. Gutun bat irakurri dute gero. Espainiak errudunak edo gertaeraren arduradun politikoak babestea gaitzetsi dute, baita egun hartako hildako eta zaurituei biktima izaera ez aitortzea ere.

1976an langileak kalera aterarazi zituzten aldarrikapenak gaur egun ere bizirik dirautela salatu dute, haien ustez, patronalak "esplotazioa eta lan prekarioa normalizatu nahi du, erakundeen laguntzaz".

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.