Hezkuntza

Ehunka kulturgilek bat egin dute Sopuertako herritarren eskariarekin

Lehen Hezkuntza eredu publikoan eskaintzeko eskubidea aldarrikatzen dute herritarrek, eta kultur eragileek babesa azaldu diete gaur.

Ainhoa Larrabe -

2014ko martxoak 6

Herritarrek hasi zuten mobilizazioa, eta orain kulturgintzak azaldu die sostengua. Sopuertan (Bizkaia) Lehen Hezkuntza publikoa izateko eskubidearen aldeko agerraldia egin dute gaur Bilboko Kafe Antzokian. Sopuertako herritarrak eta kultura arloko hainbat eragile izan dira bertan; besteak beste, Joseba Tapia, Josu Zabala, Gotzon Barandiaran, Anje Duhalde, Maria Rivero eta Rafa Rueda. Eta agerraldian egon ez diren ehundik gora kultur sortzailek ere eman diote atxikimendua eskariari. Txuma Murugarren musikariak hartu du hitza: “Sopuertako biztanleen seme-alabei ukatzen zaie udalerriko eskola publikoan Lehen Hezkuntza egiteko eskubidea”.
Sopuerta da Lehen Hezkuntza publikoa eskaintzen ez den Bizkaiko udalerri bakarra. Haur Hezkuntza bukatuta, bi aukera dituzte gurasoek: haurrak herriko San Viator itunpeko ikastetxean matrikulatzea edo Zallako eskola publikora eramatea, Sopuertatik 26 kilometrora. Hori ikusirik, herrian eredu publikoa izateko eskubidea aldarrikatu dute gaur.

Betoa, donazioa dela eta
Gotzaintzak Sopuertako Udalari donazioan emaniko lur batean eraiki zuten La Baluga haur eskola publikoa. Dohaintza horren klausula batean, eraikin horretan Lehen Hezkuntza jartzeko debekua aipatzen zen. “Elizbarrutiko eskolak herrian lehiakiderik izan ez dezan jarri zen muga hori”, adierazi du Txuma Murugarren musikariak.
Udalaren eskariz, klausula horiek aztertzeko txostena egin du Iñaki Lasagabasterrek, EHUko Administrazio Zuzenbideko katedradunak. Murugarrenek eman du hark egindako ikerketaren berri: “Espresuki Lehen Hezkuntza ez emateko klausula hori ez dela agertzen esan du Lasagabasterrek”.
Pausuak emateko eskatu diote aldarrikapenarekin bat egin duten kulturgileek Eusko Jaurlaritzari: “Eskubide pribatuen gainetik, eskola publikoaren alde agertu beharko luke administrazioak”, nabarmendu du Murugarrenek.
Datorren ikasturterako, La Baluga eskola publikoan zazpi haur aurrematrikulatu dituzte. Oraindik ez da Lehen Hezkuntza eskaintzen bertan: “Administrazioek erantzun bat eman beharko dute berandu baino lehen”. Argi utzi dute eredu publikoa lortu arte lanean jarraituko dutela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna