Lagun Onari saria eman dio Urkulluk Selma Huxley historialariari

Bereizgarriaren bidez ikerlariak "kanpoan izandako euskaldunen hedapen historiko eta kulturalari egindako ekarpena" azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak. 

Urkulluk Huxleyri Lagun Onari saria eman dion unea. RAUL BOGAJO, ARP
Maialen Unanue Irureta.
2014ko martxoaren 11
21:44
Entzun

Iñigo Urkullu lehendakariak Lagun Onari saria eman dio Selma Huxley historialariari. "Hari esker gaur gure historia hobeto ezagutzen dugu euskaldunok, eta kanadarrei ezagutzen ez zuten zerbait agerrarazi die", adierazi du Urkulluk. Huxleyren liburu eta hitzaldiek euskal herritarren ezagutza "aberastu" dute; "horiei esker gehiago ezagutzen dugu euskaldunek Ameriketan utzitako arrastoa".

Huxleyren "ekarpen historiko eta kulturala" azpimarratu du Urkulluk, eta haren lanak "Euskadik munduan duen proiekzioa" zabaltzen lagundu duela baieztatu du. Eskerrak eta zorionak eman dizkio egindako lanagatik.

Domina jaso ostean, hunkituta hitz egin du historialariak: "Oso pozgarria da niretzat hemen egotea, lagunartean. Asko ez baititut ezagutzen, baina Oñatin ezagututako zenbait badira hemen". 1972an joan zen Huxley Oñatira (Gipuzkoa), bertako artxibora, XVI. mendean Kanadara joandako arrantzale euskaldunen inguruko informazio bila. "Euskal Herrira iritsi nintzenean, duela 42 urte, artxiboetan informazioa bazegoen susmoa nuen, baina ez nuen uste hainbeste aurkituko nuenik". Aitortu duenez, euskaldunen eta kanadarren arteko lotura beti bilatu izan du, eta, beraz, "oso pozik" dago: "Eta ez soilik lortutako emaitzengatik. Beti ez da erraza izan, baina nire seme-alabek eta hirurok bidaian lagun onak egin ditugu". Unescok Red Bay gizateriaren ondare izendatu zuen, baina Kanadan bada euskaldunentzako leku gehiago ere haren ustez: "Badira beste leku batzuk oso interesgarriak eta garrantzitsuak izan zirenak arrantzale euskaldunentzat". Hara joateko gonbita eginez, eta euskaraz, hunkituta, amaitu du historialariak: "Mila esker, bihotz-bihotzez".

Donostiako Urrezko Domina

Iazko ekainaren 24an, Donostiako Urrezko Domina jaso zuen Huxleyk, "Ternuako euskal arrantzaleen gorabeheren ezagutzan egindako ekarpenarengatik". Euskal itsas historia ezagutzeko lanean aitzindaria izan zen Huxley.

Huxleyk (Londres, 1927) 1530etik 1700era Kanadako Labradorren eta Ternuan izandako euskal arrantzaleak aztertzen eta ikertzen eman du bizitza. Huxley Ingalaterran bizi da orain, eta bizitzaren zati bat Oñatin eman zuen.

Irune Lasa BERRIAko kazetariak hura elkarrizketatzeko aukera izan zuen. Hona bideoa:

[berriatb]http://www.berria.info/berriatb/1823/[/berriatb]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.