G.H.

Maria Giovanna Manieri (PICUM nazioarteko plataforma): "Migrazio politika mugen kontrolean oinarritu da, ikuspegi ia militar batetik"

Norbanako eta elkarteen sarea da PICUM Agiririk Gabeko Migratzaileen Lankidetzarako Plataforma, Europan egoera irregularrean dauden etorkinei laguntza eta babesa ematen diena. Maria Giovanna Manieri plataformako idazkaritza taldeko kidea da (Bologna, Italia, 1986).

2014ko martxoaren 14a
17:42
Entzun

Lampedusa, Ceuta eta beste zenbait tokitan gertatutakoaren argitara, esan daiteke Europako politikek porrot egin dutela migrazioaren esparruan?

Desberdindu egin beharko genuke, alde batetik, zein zen Europako Batasunaren asmoa politika komunak ezartzen hasi zirenean, eta, beste aldetik, benetan zer gertatu den. Beharrezkoa da migrazioari buruzko politika bakar eta adostu bat Europa osorako, eta, hortik, estatu guztiak onuradun gerta zitezkeen. Arazoa da politika hori orain arte gehiegi oinarritu dela mugen kontrolean, ikuspegi ia militar batetik, migrazioa kontrolatu beharreko arazo bat balitz bezala.

Beti izan da horrela?

Guk Europako Batasunaren migrazio politika guztiak aztertu ditugu hasieratik gaur arte, eta, aurrerapauso batzuk egon diren arren, adibidez terminologian, ikusten dugu oraindik ere "legez kanpoko migrazioaren kontra borrokatu" eta horrelakoak erabiltzen direla. Gure ustez, hizkera oso garrantzitsua da, baina hizkera hori gero errealitatean gauzatzen da. Migrazioaren gaia gero eta gehiago kokatu dute mugen kontrol, Poliziaren zaintza eta delinkuentziaren kontrako borrokaren testuinguruan, eta ez luke hala izan behar. Gure ustez, oinarriak beste bat beharko luke: migratzaileek Europara legez iristeko aukera izatea, alegia.

Ceutan gertatutakoaren inguruan ekinbideren bat egiteko asmoa du PICUMek?

Aste honetan mintegi bat antolatu dugu Europako Parlamentuan, immigrazioari buruzko Europako politiken inguruan [joan den ostegunean egitekoa zen], eta batez ere Greziako kasua aztertuko dugu, Farmakonisin gertatutakoaren harira, baina gure asmoa da Espainiakoa ere aipatzea, migrazio politiken ondorio negatiboen beste adibide gisa. Litekeena da maiatzean beste mintegi bat egitea, bereziki Espainiako kasua aztertzeko.

Zuen plataformak behin baino gehiagotan salatu du baimenik gabeko etorkinak gaizkile gisa hartzea.

Horixe delako Europako Batasunaren zein estatuen politiken joera. Zigor neurriak lehenesten dira, orain Erresuma Batuan gertatzen ari den bezala. Hizkerak eta terminologiak ere laguntzen du horretan, edo atxilotzeek, baita etorkinak gune berezietan atxikitzeak eta antzeko neurriek ere. Izan ere, atxiloketak, hain neurri larria izanik, ondo arrazoituta egon behar du beti, baina askotan erabiltzen da migratzeaz pentsatzen ari direnei atzera eragin edo asmoa kentzeko neurri gisa.

Laster izango dira Europako Parlamenturako hauteskundeak. Horren aitzakiatan diskurtso xenofoboek gora egingo ote duten beldur al zarete?

Migrazio irregularraren gaiak oso eztabaida polarizatuak sortu ohi ditu, eta argi dago garrantzi handia daukala herrialde bakoitzaren hauteskundeetan zein Europakoetan. Kontu handiz erabili beharko genuke gai hori, inork eztabaida publiko hori balia ez dezan ideia xenofobo edo arrazistak hedatzeko. Horretarako, onena da datuak ematea. Adibidez, frogatuta dago Europan etorkinek agiririk ez edukitzearen arrazoi nagusia ez dela legez kanpo sartu izana, ezpada zenbait arrazoi direla medio lan egiteko baimena galtzen dutela. Horretaz hitz egin beharko genuke eztabaida politikoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.