Saturrarango drama entzungai dute gaur Madrilgo kontsulatuan

Saturrarango kartzelan preso egon zen andre baten bilobak salaketa egingo du Argentinak Madrilen duen kontsulatuan.

4.000 emakume inguru izan ziren preso Saturrarango kartzelan, 1938tik 1944ra. BERRIA
urtzi urkizu
2014ko apirilaren 25a
14:35
Entzun

Josefa Davila Alvarez zuen izena. «Matxinadari laguntza ematea» izan zen haren delitua, tropa frankisten arabera. Sei seme-alabaren ama zen, eta haurdun zegoen preso hartu zutenean. Pravian eta Uvieun (Asturias, Espainia) izan zuten gatibu lehenbizi. Ondoren, Saturrarango espetxera eraman zuten —Ondarroa (Bizkaia) eta Mutriku (Gipuzkoa) artean—, 1938ko irailean. Han preso zela, handik urte batera fusilatu zuten senarra gerra kontseilu baten ostean: Jose Abargues. Alaba txikiena Asturiasera bidaltzea lortu zuen Davilak, lagun baten bitartez. Andreak 1943ko apirilaren 29ra arte jasan zituen Saturrarango espetxearen baldintza krudelak, zazpi seme-alabak Asturiasen senideekin ziren bitartean. Josefa Davila Alvarez. Haren eta senarraren istorioen testigantza emango du gaur Maria Jose Martinez bilobak Madrilen, Argentinako kontsulatuan. Asturiasko beste zazpi biktimak emango dituzte lekukotzak. Frankismoko krimenen aurkako koordinakundearen parte den Comuna d'Asturies taldearen bitartez egingo dituzte salaketak.

Josefa Davilaren eta Jose Abarguesen bilobak «harrituta» hartu du komunikabide baten deia. Hitz sentituak egin dizkio BERRIAri amonaz oroitzean. «Amonak gutxi hitz egiten zuen Saturrarani buruz. Espetxeko bizitza oso-oso gogorra zela kontatzen zuen. Haur asko txertoa jartzeko eraman eta desagertu egiten zirela. Amonaren alaba txikiena behintzat ez genuen galdu. Baina argi dago kartzelaren baldintzak beldurgarriak zirela. Mojen tratua oso-oso txarra zela ere kontatzen zigun». Davila 64 urterekin hil zen, fisikoki «aguretuta» zegoela. «Espetxealdiaren eraginez, beldurtuta bezala egoten zen».

Saturrarango kartzela izen bereko hondartzaren ondoan zegoen bainuetxean eraiki zuten frankistek. 4.000 emakume baino gehiago egon ziren han preso, 1938tik 1944ra. Denbora tarte horretan, 120 emakume eta 57 haur hil ziren. Haurren artean, 32 aste bakar batean zendu ziren, gehienak goseak jota. Emakumeek ez zeukaten ziegarik, eta pilatuak izaten zituzten gela handietan, pasabideetan eta komunetan. Han bertan lo egin behar izaten zuten, zoruan etzanda.

2010. urtean, espetxeari buruzko liburu bat argitaratu zuen Ttarttalo argitaletxeak. Eduardo Barinaga eta Maria Gonzalez Gorosarri dira egileak, eta azken horrek azaldu du Saturraranen sexu erasoak izaten zirela. «Mojen egitekoa emakumeak 'berriro heztea' zen. Haien krudelkeria gerrako irabazleenaren bera zen». 2010. urtean bertan, kartzelan jasandakoaren inguruko Izarren argia euskarazko filma eta Prohibido recordar dokumentala (Debekatuta dago oroitzea) estreinatu zituzten.

«Itxaropenerako leiho bat»

Argentinako justiziari testigantza ematea lehen eta azken aukera gisa ikusten du Martinezek. «Espainiako Estatuak ez digu aukera bakar bat ere eman gertatutakoa salatzeko. Justizia eta erreparazioa eskatzen ditugu». Horrenbestez, Argentinako justiziak ontzat jo du frankismoko krimenak ikertzea. «Daukagun itxaropen bakarra da. Itxaropenerako leiho bat zabalik. Espainiako Estatuak ez du beste irtenbiderik ematen». Ez zaio iruditzen salaketen bidez «gauza handirik» lortuko denik, baina gustura dago norbaitek entzungo dituelako: «Erakunde batek entzungo gaitu, eta Argentinako Errepublikari babes hori eman izana eskertzen diot».

Urte hauetan guztietan frankismoko biktimak ahaztuak egon direla salatu du Martinezek. «Dauden biktima guztien artean ahaztuenak izan gara gu. Biktimatzat ere ez gaituzte hartzen». Bere ustez Espainiak demokrazia iritsi zenean ikertu behar zituen krimenak.

Comuna d'Asturies taldea egiten ari den lanaren bitartez, salatzaileek espero dute jende gehiago animatzea diktadura garaiko krimenak salatzera.

Gaur, esate baterako, Faustino Sanchezek eta Vicente Gutierrezek Pascual Honrado de la Fuente polizia ohia salatuko dute, torturengatik. Kereilako abokatuek Maria Servini epaileari emandako azkeneko zerrendan dago Honrado de la Fuenteren izena —Gerardo Iglesias PCEko eta IUko presidente ohiak salatu zuen—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.