Politika

Abokatuen ustez, "ez da kasualitatea" haien aurka iragarritako polizia operazioa

Euren lana indargabetzeko eta polizia etxe, auzitegi eta espetxeetan egiten diren eskubide urrekaten lekukoak "paretik kentzeko" neurri gisa ulertzen dute abokatuen aurka iragarritako polizia operazioa.

Alfonso Zenon eta Ainhoa Baglietto, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS
Aitziber Laskibar Lizarribar.
2014ko ekainaren 18a
07:43
Entzun

"Oso gogorra da, baina ez da sorpresa; ez da kasualitatea, ez da hutsetik sortua". Euskal presoen defentsa lanetan aritzen diren abokatuek euren kontra iragarritako polizia operazioaren irakurketa politikoa egin dute.

"Ez da kasualitatea", esan dute behin eta berriz Ainhoa Baglietto eta Alfontso Zenon abokatuek beste hogei lankiderekin egindako agerraldian. "Ez momentua ez jomuga, ez dira kasualitatea".

Izan ere, euren urteetako lana fruituak ematen ari denean etor daiteke atxiloketak iragartzen dituen polizia operazioa: EPPK-ko kideek Euskal Herriratzeko egin dituzten eskaerek jaso dituzten ezezkoen aurrean Europaraino joateko prestutasuna adierazi dutenean; Auzitegi Nazionalak berrogei gazte absolbitzeko kaleratu duen epaian inkomunikazio aldian egindako deklarazioak baliogabe utzi dituenean;  Estrasburgok "bizi osorako zigorra zekarren" 197/2006 doktrina baliogabetuta Espainiak dozenaka preso askatu behar izanaren "mina gainditu gabe duenean"; eta "gero eta jende gehiago hasi denean konturatzen zer gertatzen den Auzitegi Nazionalean, espetxeetan eta polizia etxeetan".

Horren guztiaren erantzun gisa kokatu dute Gara egunkariak abokatuen kontra iragarritako operazioa. "Batzuok egoera berriak aurrera egin dezan nahi dugu, baina beste batzuek gerra estrategiari eutsi nahi diote", ondorioztatu du Zenonek.

"Baina gu Auzitegi Nazionalean lanean aritzen garen abokatuak besterik ez gara. Eskubide urraketak salatzen ditugunak", adierazi dute. "Hemen gaude, ez gara ezkutatzen, eta egunero aritzen gara Auzitegi Nazionalean lanean". Hala jarraituko dutela adierazi dute, gainera.

Filtrazioaren arabera Poliziak abokatuak atxilotzeko duen asmoari buruz, "beste izugarrikeria bat" litzatekeela ohartarazi dute. Euren lana publikoki egiten dutela azaldu dute; gaur bertan agerraldi publikoa egin dutela eta aldiro egoten direla Auzitegi Nazionalean. "Zitazio bat igorri ordez, atxilotu egin nahi gaituzte, ohikoa bihurtu den moduan. Nola justifika daiteke?", galdetu du Bagliettok.

Ohiko lanean jarraituko dutela ziurtatu, eta etor daitekeen operazioa salatzeko lanari ere eutsiko diotela jakinarazi dute. Hasiak dira abokatuen elkargoei "gertatzen ari dena" azaltzen eta horien babesa eskatzen.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.