Espetxe politika
Sortuk ontzat jo ditu hiru epailek "salbuespeneko" sakabanaketa politikaren kontra esandakoak
Jose Luis de Castro, Jose Ricardo de Prada eta Joaquin Gimenez magistratuek euskal presoen aurkako kartzela politika ezbaian jarri ostean, Hasier Arraizek esan du "poztekoa" dela ikustea Espainian ere badirela "blokeo egoera" hautsi nahi duten hotsak. "Hitzetatik ekintzetara" igarotzeko eskatu, eta urrats gehiago egitera deitu du.
"Salbuespen neurriak" amaitzearen alde agertu ziren atzo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile bat (Jose Ricardo de Prada), Goreneko bat (Joaquin Gimenez) eta Espetxe Zaintzarako beste bat (Jose Luis de Castro). Euskal presoen egoeraz aritu ziren Madrilen.
Aitortu zuten araudi eta praktika "berezi" bat dagoela eraikita haien kontra, eta oraindik indarrean segitzen duela. Adierazi zuten ETAk jardun armatua behin betiko utzi ondoren sortutako egoera politikoan "erantzun judiziala" aldatu beharra dagoela.
Balorazio positiboa egin du Sortuko presidente Hasier Arraizek, gisa horretakoak entzutea "ezohikoa" delakoan. Haren arabera, gero eta gehiago dira Espainian ere "blokeo egoera" hausteko eta normalizazio demokratikorako prozesuak aurrera egitea aldarrikatzen duten ahotsak. "Bestelako ildo politiko eta juridiko bat eskatzen dutenak". Garrantzitsutzat jo du: "Halako epaile batzuei entzutea argi eta garbi sakabanaketa politikaren kontra hitz egiten poztekoa da. Nabarmendu dute, gainera, presoek eskubidea dutela beren etxe inguruko espetxeetan egoteko".
Nolanahi ere, Arraizek ohartarazi du ez dela "nahikoa", eta aurrerapauso gehiago eman behar direla prozesuak aurrera segi dezan. "Hitzetatik ekintzetara" igarotzeko eskatu, eta urrats gehiago egitera deitu du. "Euskal preso politikoen egoera konpontzea funtsezkoa da, eta sakabanaketarekin amaitzea guztiontzako lehentasun".
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Informazio osagarria
-
"Salbuespen neurriak" amaitu behar direla esan dute hiru epailek
-
Jose Ricardo de Prada epaileari iaz BERRIAn eginiko elkarrizketa: "Torturen auzian jende guztiak nahiago du beste aldera begiratu"
-
Joaquin Gimenez magistratuari iaz BERRIAn eginiko elkarrizketa: "Terrorismoaren aurkako borroka hondamendi juridikoa izan da"
-
Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile batek "gehiegizkotzat" jo ditu ETAko presoei ezarritako zigorrak