ekialde hurbila

Nazioartearen babesa eskatu dute Abbasek eta Arabiar Ligak

Gauean erasoaldiarekin jarraitu du Israelek Gazan. NBEk erasoak bertan behera uzteko eskatu die bi aldeei.

2014ko uztailaren 14a
08:08
Entzun

Israelen Hegi babesgarria operazioa dela eta, nazioarteari mezua igorri dio Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak. Babesa eskatzearekin batera, Israelen jarduna ikertzeko batzorde bat sortzea ere galdegin du. Hanan Axrawi PAEko goi karguduna ere ildo beretik mintzatu da. Jakinarazi duenez, Gaza jasaten ari den egoerari aurre egiteko hainbat neurri hartzen ari da Abbas.

Arabiar Ligak ere beharrezkotzat jo du nazioartearen esku hartzea. Bonbardaketak amaitu eta palestinarrak babesteko premia aldarrikatu du.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak, ordea, argi du nazioartearen "presioak" ere ez duela Gazaren aurkako operazioa geldituko. Erasoak aurrera jarraituko du, harik eta Israelera "bakea itzultzen den arte".

Ban Ki-moon Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak, berriz, erasoak bertan behera uzteko eskatu die israeldar eta palestinarrei. "Berehalako neurriak" hartu behar dituztela uste du, biktima gehiago ez egoteko. "Palestinako zibil gehiegi hil dira, eta lurreko edozein erasok biktima kopurua handituko du, dudarik gabe".

Gogorarazi du palestinarrei denbora askoan ukatu zaiela "merezi duten askatasun eta duintasun sentsazioa". Horrez gain, Hamasek suziriak jaurti izana ere gaitzetsi du. "Nazioarteko legediaren urraketa" dela iritzi dio. Gazako Osasun Ministerioak eta Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluak ere eskatu du erasoak gelditzeko.

Gauean ere izan dira erasoak. Beste bost palestinar hil dituzte, eta gutxienez hamar lagun zauritu. Samoan, HebronĀ  hegoaldean, 21 urteko palestinar bat hil dute, Israelgo soldaduek eraso egin eta mediku arreta hartzea galarazi ondoren. Operazioa hasi zenetik, gutxienez 182 lagun hil dira. Biktimen artean 36 haur eta 32 emakume identifikatu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.