Mundua

45 lagun hil dira Nigerian, ustez Boko Haramek egindako eraso batean

Herrialdearen iparraldean izan da erasoa, eta zibilak dira hildako gehienak.

2014ko uztailaren 15a
11:08
Entzun 00:00:0000:00:00

Nigeriako komunikabideen arabera, astelehen goizaldean eraso zioten Dille herriari, Borno eskualdean. Hogei bat ibilgailutan heldu ziren milizianoak, eta nori jotzen zioten begiratu gabe, tiroka hasi ziren. Ondoren, su eman zieten hainbat etxe eta saltokiri. Orotara, 45 lagun hil zituzten, gehienak zibilak.

"Ezustean harrapatu gintuzten. Gehienak lo zeuden, eta otoitzek eta tiroek esnatu zituzten", azaldu du herritar batek. Hark beste askorekin batera mendira ihes egitea lortu zuen.

Erasoa amaitu eta bi ordura gerturatu zen armada herrira. Hegazkin batek ingurua aztertu zuen, baina ez zuen ezer aurkitu.

Nigeriako Gobernuak larrialdi egoera iragarria du Bornon, bertan egiten baitituzte eraso gehienak Boko Haram miliziakoek; horrek, baina, ez du indarkeria gelditzeko balio izan. Aurtengo urte hasieratik 4.000 pertsona hil ditu miliziak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.