BILBOKO ASTE NAGUSIA

Bilboko Konpartsek goitibeherak berreskuratu dituzte Aste Nagusirako

Bilboko Konpartsek Aste Nagusirako egitaraua aurkeztu dute gaur; musikak, kirolak eta gastronomiak leku garrantzitsua hartuko dute.

Konpartsen agerraldia, Bilbon. ARGAZKI PRESS
2014ko uztailaren 29a
13:57
Entzun

Festarako hitzordua ezarrita dago Bilbon. Abuztuaren 16an, 19:00etan, emango zaio hasiera Aste Nagusiari eta hantxe izango dira Bilboko Konpartsak egitarau zabal eta hamaika proposamenekin.

Dagoeneko Aste Nagusian izango diren hainbat ekimen aurkeztu ditu Udalak, baina horiei konpartsek antolatuko dituzten “ekintza mordoa” gehitu behar zaizkie orain. Hiri krosa, bertso-bazkariak, ginkanak, dantza ikastaroak, zuzeneko irrati-saioak, musa, kukaña, txalaparta, suzko zezena, trainerak, kalejirak, arrantza eskola, xakea, azokak, erakusketak... izango dira etenik gabeko bederatzi festa egunetan. Eta Aste Nagusiak adinik ez duenez, jubilatuentzako bazkaria eta umeentzako puzgarriak, emanaldiak eta jolasak ere egongo dira.

Berritasun gisa, konpartsek goitibeherak berreskuratu dituzte eta abuztuaren 23an, 11:00etatik aurrera, inertziako kirolen modalitate ezberdinak ikusteko aukera izango da Zumalakarregiko bihurguneetan behera.

Musika

Urtero legez, musikak espazio garrantzitsua hartuko du eta Udalak aurkezturiko kontzertuez gain,  erromeriak, DJ-ak, Willis Drumond, Poco Bravo, Nuevo Catecismo Católico, Cobra, Gose, Kashbad, Las Tea Party, McOnak, The Cherry Boopers, Pablo Hasel, Las Fellini, Erramun Martikorena eta Anje Duhalde ere izango direla adierazi dute Bilboko Konpartsek.

Gastronomia

Gosea kentzeko ekintzak ez dira faltako. Beste behin, janari eta edari dastaketak ugariak izango dira eta, betiko moduan, sukaldaritza txapelketa bat prestatuko dute konpartsek. Areatza lapikoz beteko dute asteartetik igandera. Egun horietan zehar, haurrentzako sukaldaritza eskolak antolatuko dira eta berritasun moduan, konpartsen arteko lehenengo pintxo-lehiaketa prestatuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.