mundua
Anaia Musulmanen alderdia desegiteko agindu du Egiptoko auzitegi batek
2013an Anaia Musulmanen jarduna debekatu zuen Justiziak, baina ez zuen aipatu Askatasuna eta Justizia alderdia.

Egiptoko auzitegiak itxi egin du orain arte Anaia Musulmanek zabalik zuten atea. Iazko irailean emandako epaiarekin, Anaia Musulmanen jarduna debekatu zuen, baina ez zuen aipatu Askatasuna eta Justizia alderdia. Beraz, gaurko epaiaren aurretik alderdiak aukera izango luke Parlamenturako hauteskundeetara aurkezteko. Askatasuna eta Justizia desegitearekin batera, haren ondasun guztiak desjabetzeko agindu du epaitegiak. Ezin zaio helegiterik jarri erabakiari.
Azken hilabeteetan, Anaia Musulmanen kide ugari atxilotu eta ikertu egin dituzte. 2013ko uztailean Mohamed Mursi presidentea kargutik kendu zutenetik, agintariek "talde terroristatzat" hartu dituzte Anaia Musulmanak.
Anaia Musulmanen erakundea 1928an sortu zuen Hasan el-Bannak, eta islamaren doktrina du oinarri. 1954an, legez kanpo utzi zuen orduan agintean zegoen buruzagiak, Gamel Abdel Naserrek.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.