UKRAINAKO KRISIA

Bake plan bat aurkeztu du Putinek, Poroxenkorekin hitz egin ondoren

Telefonoz jardun dute Ukrainako eta Errusiako presidenteek, menia bat adosteko aukerez. Ukrainak su-eten akordioa iragarri, eta Errusiak ukatu egin du, argudiatuta ez dela gatazkaren parte. Ukrainako armada Donbasstik joatearekin baldintzatu dute matxinoek su-etena. 

Putin eta Poroxenko, Minsken. SERGEI BONDARENKO / POOL
Jon Olano - Maite Alustiza
2014ko irailaren 3a
07:48
Entzun

Su-eten bat adosteko aukerez hizketan jardun dute telefonoz Vladimir Putin eta Petro Poroxenko Errusiako eta Ukrainako presidenteek, eta Ukrainako presidentetzak ohar batean jakinarazi du ados jarri direla: "Solasaldiaren emaitza Donbassen su-eten iraunkor bati buruzko akordioa izan da". Poroxenkok berak eman du akordioaren berri, Twitterren:

Hizketaldiaren berri eman du Kremlinek ere, akordio bat lortu dutela jakinarazi aurretik. "Estatuburuek iritziak trukatu dituzte odol isurtzea lehenbailehen amaitzeko egin behar denaren inguruan", azaldu du Putinen bozeramaile Dmitri Peskovek. Gero, ordea, Kremlineko iturriek ukatu egin dute ados jarri direla, argudiatuta Errusia ez dela gatazkaren parte.

Horren ondotik, Errusiako presidenteak zazpi puntu dituen bake plan baten berri eman du, eta espero du ostiralerako su-etenerako akordio bat lortu ahal izatea Ukrainako Gobernuaren eta matxino errusiazaleen artean. Plan horrek, hain justu, bi aldeei eskatzen die erasorik ez egiteko, eta Ukrainako armadari hiri inguruetatik aldentzeko deia egiten dio. Nazioarteak menia ikuskatzea, errefuxiatuentzako korridoreak irekitzea, bi aldeek preso hartu dituztenak aske uztea eta laguntza humanitarioa bidaltzea dira planean jaso dituzten eskakizunetako batzuk.

Dmitri Peskov Errusiako Gobernuaren bozeramaileak argitu du plana ez dela "globala", "lehentasunezko neurriak" hartzeko proposamen bat baizik. "Gainerako gaietarako negoziazio gehiago egon beharko dira".

Poroxenko Ukrainako presidenteak berretsi du haren "lehentasunezko helburua" bakea dela. Matxinoek, berriz, ohartarazi dute Ukrainako Gobernuak ez duela su-etenik adostu berekin. Hain zuzen, menia Ukrainako armada Donetsk eta Lugansketik joatearekin lotu du Andrei Purginek, Donetskeko lehen ministrordearen laguntzaileak: "Kieven erabakia ezin da ezarri Ukrainako indarrek gure lurraldean jarraitzen duten bitartean".

Argazkilari baten hilketa

Bestalde, Ukrainako armadaren eraso batek hil zuen Andrei Stenin argazkilaria. Rossia Segodnia agentziarako lan egiten zuen Steninek. CIR Errusiako Instrukzio Batzordeak eginiko ikerketaren arabera, abuztuaren 6an errefuxiatu talde batean zihoan Stenin, Snezhnoye eta Dmitrovka artean, Ukraina ekialdean. Talde horri eraso egin zion Ukrainako armadak, CIReko bozeramaile Vladimir Markinek adierazi duenez.

Haren esanetan, errefuxiatuak sei miliziano errusiazalerekin zihoazen ustez Ukrainako armadako 79. brigadak eraso egin zienean. Markinek azaldu du abuztuaren 27an milizianoek CIRen esku utzi zituztela eraso hartan hildako bost lagunen arrastoak. "Horiek Errusiako auzitegi medikuen esku utzi ziren, eta ebatzi zuten aztarnetako batzuk Andrei Steninenak direla", gaineratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.