Albistea entzun

KATALUNIAKO DIADA

1.800.000 kataluniar kalean galdeketaren alde

Bartzelonako Udaltzaingoaren arabera, inoizko handiena izan da aurtengo Diada. Jendetzak aise gainditu du izena eman zutenen kopurua Diagonalen eta Kale Nagusian. Azaroaren 9ko galdeketari eusteko eskatu diote Artur Masi.

V erraldoia, goitik. /
V erraldoia, goitik. / EFE-TV3

Berria -

2014ko irailak 11 07:16

Bartzelona gorriz eta horiz koloreztatu dute milaka eta milaka herritarrek, senyera irudikatuz. Diagonalen eta Kale Nagusian bi zutabe osatu dituzte parte hartzaileek, eta, espero bezala, 17:14an V erraldoi bat bistarazi dute. Hamaika kilometroko V bat. Momentu horretan, Ara és l'hora abestu du abesbatza batek, eta, jarraian, neska gazte batek azaroaren 9ko galdeketa irudikatu du hautetsontzi sinboliko batean botoa emanez, bi zutabeak elkartzen diren tokian, Les Glories plazan.

Plaza horretan, gainera, 947 hautetsontzi jarri dituzte. Hautetsontzi bakoitzarekin, Kataluniako herri bakoitza irudikatu nahi izan dute, azaroaren 9ko galdeketari keinu eginez. V-a osatu eta minutu gutxira olatua egin dute mosaikoan izan diren lagunek —GigaOnada izena eman diote—; txaloak eta independentziaren aldeko oihuak izan dira. Senyera-k ez ezik, ikurrinak ere ikusi dira. 

V-a desegiten hasi denean ireki dituzte hiru agertokiak: Votar (Bozkatu), Voluntad (Borondatea) eta Victoria (Garaipena). Hitzaldiak egin dituzte horietan, erabakitze eskubidea ardatz. Muriel Casals Omnium Culturaleko presidenteak adierazi duenez, "prest" daude azaroaren 9an bozkatzeko. Esan du ez dutela onartuko herri batean "nahi demokratikoa" zapuztea. "Askatasuna ezin da negoziatu". "Guztion proiektua da; herrialde berri bat egingo dugu guztion artean", gaineratu du. Els segadors Kataluniako ereserki nazionala abestu dute bukaeran.

Jai giroa nagusitu da Bartzelonan arratsaldean. Kataluniatik ez ezik, beste hainbat txokotatik ere iritsi dira herritarrak V-an parte hartzeko. 1,8 milioi izan dira Udaltzaingoaren arabera; Espainiako Gobernuak Katalunian duen ordezkaritzaren aburuz, 470.000 eta 520.000 artean. 17:14 gerturatu ahala, are koloretsuago bihurtu da hiria.

Ekitaldiak, goizetik

Eguerdian, Aliantza Nazionalak manifestazioa egin du Ravalen; faxismoaren aldeko banderak atera dituzte 30 bat lagunek. Ez da izan istilurik. Manifestazio horri aurre egiteko, faxismoaren kontrako elkarretaratze bat ere egin dute —hori babestu dutenen artean daude CUP eta EUiA alderdiak—. Diadako ekitaldi instituzionalean parte hartu du Artur Mas Kataluniako Gobernuko presidenteak goizean.

Diadaren arretik, Jaume Marfany ANC Kataluniako Biltzar Nazionaleko lehendakariordea itxaropentsu ageri zen Diadari begira. 530.000 inguruk emana zuten izena; iaz baino 80.000 gehiagok, beraz. BERRIAri eginiko adierazpenetan, aurtengo Diadaren garrantzia azpimarratu du Marfanyk; "azken hiru mendeetako garrantzitsuena" dela uste du, "azaroaren 9an bozkatzeko borondatea berretsi" egingo dutelako.

Diadaren aurreko ekitaldiak

Fossar de les Moreres izan da aldarrikapen gune Diadaren bezperan. Lore eskaintza egin dute 1714an Bartzelonako setioan hildako "heroien" omenez, eta horretan parte hartu dute Artur Mas Kataluniako presidenteak, Nuria de Gispert Kataluniako Parlamentuko presidenteak eta Xavier Trias Bartzelonako alkateak. Ekitaldian izan dira PSC, PP eta Ciutadans alderdietako ordezkariak ere. Gune horretan independentistek egin ohi dute urtero ekitaldia.

Masek berretsi du galdeketara deitzeko konpromisoa "irmoa" dela, eta, haren arabera, "akatsa" litzateke hura debekatzea. "Bozkalekuetan irtenbidea ikusten dutenei botoa ukatzea akats bikoitza da". Presidentearen nahia "batasuna ez arrakalatzea" da, eta, are gehiago, batasun hori zabaltzea, "gehiengoaren nahiei erantzuteko" asmoarekin.

Masen arabera, prozesu subiranista aukera bat da "Katalunia hobe bat" eraikitzeko, eta mezua igorri dio Espainiako Gobernuari: "Oraindik garaiz dabil [Kataluniako herriaren] deiadar baketsu eta demokratikoa entzuteko".

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Guantanamoko atxilotze gunearen aurkako protesta bat, Washingtonen ©ERIK S. LESSER / EFE

AEBetako epaile batek ebatzi du afganiar bat legez kanpo daukatela Guantanamon atxilotuta

Igor Susaeta

Asadullah Haroon Gulek hamalau urte daramatza preso atxilotze gunean. Gobernuaren argudioak atzera bota ditu Washingtoneko epaile federal batek, eta defentsaren habeas corpus eskaera onartu du.

Ikatz errekuntza bidezko instalazio termiko bat, Mazedoniako Bitola hirian. ©GEORGI LICOVSKI / EFE

Estu hartu dute IPCC, klimari buruzko ondorioak alda ditzan

Arantxa Elizegi Egilegor Gorka Berasategi Otamendi

BBCk zabaldutako filtrazioaren arabera, Saudi Arabia, Australia eta Japonia leudeke, besteak beste, esku hartzeen atzean. Helburua litzateke erregai fosilak alde batera uzteko presioa indargabetzea

Kolonbia: Hobietan, egiaren bila

Kolonbiako desagertuen lorratzaren bila

Aitor Txabarri

Azken 60 urteetan 100.000 desagertze salatu dituzte Kolonbian. Horietatik gehienak 1990eko hamarkadan egin zituzten paramilitarrek eta segurtasun indarrek. Baina gaur egun oraindik senideek ez dakite non dauden edo zer gertatu zitzaien bahitutakoei, eta ikertzen hasi direnetako askok erbestera joan behar izan dute mehatxuengatik.

Tripolin gaur egindak bileraren une bat ©Mohamad Abdel Kader / EFE

Libiako batasun gobernuak ez du argi ikusten bozak abenduaren 24an egitea

Igor Susaeta

Lehen ministroak hauteskundeak egitea defendatu du nazioarteko goi bilera batean, Tripolin. Aldeak «adiskidetu» arte itxarotearen alde da presidentea

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.