Siria

Estatu Islamikoaren kontrako "borroka" luzea izango dela iragarri du Obamak

Bart hasi da AEB Siria bonbardatzen. Operazioan Ekialde Hurbileko beste hainbat herrialderen sostengua jaso du.

AEBetako armadaren itsasontzi bat misil bat jaurtitzen, bart. US NAVY, EFE
2014ko irailaren 23a
07:37
Entzun

"Talde terrorista hau akabatzeko egin beharreko guztia egingo dugu". Modu horretan mintzatu da Barack Obama AEBetako presidentea gaur Estatu Islamikoaren kontra abiatutako erasoen harira. Bart hasi da EIren zenbait gune bonbardatzen, beste herrialde batzuekin batera. Aitortu du luze joko duela eta zaila izango dela.

Erasoaren berri AEBetako Defentsa Departamentuko eledun John Kirbyk eman du. "AEBetako eta herrialde aliatuetako indarrek hasi dituzte Estatu Islamikoaren aurkako erasoak Sirian, bonbardariak eta Tomahawk misilak erabiliz", adierazi du. Eraso horien ondorioz, jomuga ziren guneak hutsik geratu dira, albiste agentzien arabera. Horien arabera, 70 hildako eta 300 zauritu eragin dituzte Estatu Islamikoaren indarren artean.

Washingtonek ez du xehetasun gehiagorik eman goizean, baina beste zenbait iturrik aurreratu dute Ekialde Hurbileko hainbat estaturen babesa jaso duela operazioak, besteak beste, Jordaniarena, Qatarrena edota Bareinena. Azken horrek baieztatu du parte hartu duela. Erresuma Batuko lehen ministro David Cameronek babesa agertu die erasotzaileei, eta ez du baztertu parte hartzea.

50 gune bonbardatu dituzte

Oraingoz, Washingtonen arabera, miliziek Al Raqqan eta Deir al Zur eskualdeetan dituzten gotorlekuak ari dira bonbardatzen. Orotara, 50 gune bonbardatu dituzte. Aldiz, lekukoen arabera, eskualdeko gobernadorearen egoitza eta erietxe bat ere suntsitu dituzte.

Barack Obama presidenteak aurretik nabarmendu du operazio honek ez duela zerikusirik Afganistan eta Irakeko gatazkekin, izan ere, AEBek ez dituzte lurreko tropak bidaliko. Pentagonoan, ordea, hasiak dira entzuten ahots kritikoak, askok uste baitute ez dela posible miliziak garaitzea lurreko tropak erabili gabe.

Dena den, zenbait iturriren arabera, AEBetako presidenteak baimena eskatu dio Kongresuari Siriako gerrillariak trebatu eta armatzeko, Estatu Islamikoaren aurka egin dezaten. Ukatu egin dute, ordea, Siriako presidentearekin ezer adostu dutenik.

Sirian ez ezik, Iraken ere bonbardaketak egiten hasia da Washington, Estatu Islamikoa desegiteko argudioarekin. Han, 190 gune bonbardatu dituzte abuztuaz geroztik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.