KATALUNIAKO PROZESU SUBIRANISTA

Litekeena da Konstituzionalak gaur uztea bertan behera galdeketa, behin-behinean

Helegitea aurkeztu du Espainiako Gobernuak. Antidemokratikotzat jo du Rajoyk. Masek azaldu du Kataluniako alderdiekin adostuko duela balizko debekuari nola erantzun. 

Mariano Rajoy, Ministroen Kontseilu osteko adierazpen instituzionalean. BALLESTEROS / EFE
Jon Olano - Jon Ordoñez
2014ko irailaren 29a
20:03
Entzun

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ezohiko bilera egingo du gaur arratsaldeko zazpietan. Espainiako Gobernuak goizean aurkeztu duen helegitea tramitera onartuz gero, une horretan bertan geratuko da bertan behera Artur Masek larunbatean galdeketara deitzeko sinatu zuen dekretua, baita Kontsulta Legea bera ere, behin-behinean. Ordu berean agerraldia du Masek, Kataluniako Trantsizio Nazionalaren Liburu Zuria aurkezteko.

Espainiako Ministroen Kontseilua 10:00etan bildu da, Mariano Rajoy presidentea buru duela, aurkeztu beharreko helegiteak adosteko. Onartu egin dituzte helegiteak, eta adierazpen instituzional bat egin du Rajoyk. Galdeketaren legezkotasuna izan du hizpide, batez ere. Haren esanetan, kontsulta "ez da bateragarria Espainiako Konstituzioarekin", eta arau horren kontrako "erasotzat" jo du ekimena.

Antidemokratikotzat jo du Rajoyk

Rajoyk gogorarazi du Espainiako Konstituzioaren arabera subiranotasuna "Espainiako herri osoarena" dela eta "zati batek" ezin duela erabaki espainiar guztiei eragiten dienari buruz. Hori horrela, galdeketa "antidemokratikotzat" jo du: "Ez dago inor subiranotasun printzipioa hauts dezakeenik".

Gainera, Kataluniako Gobernuak izandako jarrera kritikatu du: "Aldebakarreko erabakiak hartu dira, gainontzekoek besterik gabe onartzea nahi izanda". Zentzu horretan, Artur Masi "lege barruan elkarrizketa osoa" eskaini dio, baina "batere ez lege kanpoan".

Espainiako Estatu Kontseiluak atzo babesa eman zion Espainiako Gobernuak Kataluniako Kontsulten Legearen eta galdeketara deitzeko dekretuaren kontra helegiteak aurkezteari. Espainiako Gobernuak eskatu zion kontseiluari iritzia larunbatean, eta bi eguneko epea eman zion erantzuteko.

Artur Masi elkarrizketa

Larunbatean onartu zuen Artur Mas Kataluniako Gobernuko presidenteak independentziari buruzko galdeketara deitzeko dekretua. La Sexta Espainiako telebista katean elkarrizketa egin diote; azaldu duenez, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak galdeketa bertan behera uzten badu gainerako alderdiekin adostuko du debekuari nola erantzun.

Desobedientziaren bidea baztertu du, baina eskatu du "ez gaitzesteko" desobedientzia zibila, argudiatuz hari esker lortu izan direla eskubide ugari. Halaber, Madrili ohartarazi dio Katalunian "arazo bat" duela, eta Kataluniako Gobernuak deitutako galdeketa legez kanpokoa bada, eskatu dio Espainiako Gobernuak berak antola dezala galdeketa bat kataluniarren iritzia jakiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.