Osakidetzak eman du emakumeari eginiko azterketaren emaitzen berri. Basurtuko unibertsitate ospitalean eta Madrilgo Carlos III. Institutuaren laborategian egindako frogek baztertu egin dute pazientea ebolaren birusarekin kutsatuta dagoela.
Igande arratsaldean eraman zuten gaixoa Bilboko ospitalera, eta haren egoera egonkorra da. Hura da erreferentziako bi osasun zentroetako bat ebola birusaren gaixotasuna egon litekeela susmatutako kasuentzat ezarritako protokoloan. Donostia ospitalea da bestea.
Egindako analisien arabera, baieztatu dute pazienteak gaixotasun infekzioso bat daukala, digestioan jatorria duena, eta horretara egokitutako tratamendua ipini diote. Pazientearen sintomak ikusita eta gaixotasunak eragindako herrialde batetik, hau da, Nigeriatik etorri berria zenez, protokoloa martxan jarri zuten.
Bestalde, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak iragarri du Osakidetzak indartu egingo duela profesionalen prestakuntza ebolaren aurrean. Halaber, Madrilgo kasuaren harira "zuhur" jokatu behar dela esan du.
Abuztutik hiru aldiz aktibatu dute ebolaren kontrako protokoloa, baina batek ere ez zuen birusa.