Albistea entzun

Ziburuko IKASTOLA

Kaskaroteneari argia kenduta, ikastola hustu beharra berretsi du Poulouk

Ziburuko auzapezak dio justizia erabaki baten aplikatzea dela kontua. Gurasoei die egozten egoera blokeatuaren erantzukizuna, berak proposamenak egin dituelako.

Jai egun batzuen ostean, haurrak astelehenean itzuliko dira Ziburuko ikastolara. /
Jai egun batzuen ostean, haurrak astelehenean itzuliko dira Ziburuko ikastolara. / Sylvain Sencristo

Nora Arbelbide -

2014ko urriak 31

Mehatxua bete, eta Ziburuko Kaskarotenea ikastolari (Lapurdi) argindarra kendu zion atzo herriko etxeak. Irailaren 2an Paueko Administrazio Auzitegiak emandako agindua hartu du argudio Guy Poulou auzapezak, BERRIAri emandako azalpenetan: «Zazpi egun berantago lekuak hustu behar zituzten, erran nahi baita irailaren 10ean. Urriaren 30ean gara, eta beti hor dira». Behin eta berriz errepikatu du «justizia erabaki bat aplikaraztea» nahi duela. Mementoko Omiasainduko bakantzak dira, baina astelehenean dute sartzea haur guztiek, bai ikastolakoek, bai pareko eskola publikokoek.

Ikastolakoei buruz mintzatu da: «Iduriz, administrazio auzitegiko kondena bat ez dute aski. Ehun euroko isuna jaso dute egun bakoitzagatik; lekuak husteko obligazioa dute, baina ez da aski». Gaineratu du horregatik galdegin diola, hain zuzen, Paueko auzitegiari 100 euroko isuna 400 eurora igotzea: «Auzitegiak isuna alda dezake, eta, beraz, bai, gehiago eskatuko diet. Besterik gabe. Bestela, zenbat urtez iraungo du honek? Guk eremu horren beharra dugu». Ikastolan Polizia ikusterik izanen ote den galdetzean, erantzuna: «Ez dut pentsatzen, ez: erridikulua litzateke. Legea aplikatu behar da, sinpleki».

Auzapezak dio «ulertzen» duela haurrak errezibitzen dituen egoitza bati argindarra kendu izanak mindu dezakeela: «Baina zergatik daude hor haurrak? Hortik joatea ukatzen duten elkartea eta gurasoak daudelako. Baina bukatzen bada bukatu behar den bezala, joanen dira nik proposatu lekura». Damutzen du orain arte proposatu lokala errefusatu izana: «Autobidetik hurbilegi delako. Dozenaka familia badaude lokal horren ondoan bizi direnak, autobidetik hurbilago direnak, alta. Euskaraz mintzo diren haur txikiak HLMtan [egoitza sozialetan] bizi diren ziburutarrak baino sentiberago ote dira harrabotsari?». Beste proposamen batzuk egin izan ditu: «Hiri barnean egon nahi dute, baina hor ez dago emateko ezer».

Egoera blokeaturik ikusten du Poulouk; «murru baten aitzinean» dagoela deritzo: «Zenbait proposamen egin dizkidate, guztiak eremu publikoa okupatzen dutenak, eta ez zaigu hain zilegi eremu publikoa eskola pribatuen esku jartzea. Egin dizkidate kanore gabeko proposamenak ere». Ziburun ikastola bat izatearen printzipioarekin ados dela dio auzapezak, hala ere: «Bistan dena. Bada bi kargualdi euskara defendatzen dudala, behar duena ukan dezan egin behar den guztia egiten».

Bistan den horretan zer egiteko prest den zehazki azaltzean, ordea, hozten da: «Zergatik hiriak die eremu bat eman behar eta ikastola bat eraiki? Ez eta ez. Pribatua da. Ez dut ikusten zergatik ziburutarrek diru poltsan eskua sartu behar duten gaur egun dauden zazpi edo zortzi haurrentzat. Hara, biziki sinple da».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ibaetan duela hilabete batzuk egindako manifestazioa. ©GORKA RUBIO / FOKU

EHUko irakasle batek Ibaetan egindako eraso sexista salatu dute ikasleek

Erredakzioa

Arkitektura Fakultateko irakasle batek ikasleei eraso sexista bat egin ziela salatu dute UIB Unibertsitateko Indar Batasunak eta Arrakalak
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundeetako arduradunak izan ziren atzo BECen, estrategia soziosanitarioaren aurkezpenean. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Zaharrak etxean zaintzea sustatu nahi dute instituzioek

Edurne Begiristain

Estrategia soziosanitario berria aurkeztu dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakunde nagusiek
Hezkuntza eragile ugaritako ordezkariak bildu ziren, atzo, Gasteizko Europa jauregian. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

Ikasleen segregazioa nola utzi aparte

Irati Urdalleta Lete

'Euskal Hezkuntza Sistema: Adituekin solasean, herritarren azpimarra' sinposioa egin dute Eusko Ikaskuntzak eta Eusko Jaurlaritzak. Eskola segregazioa landu dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.