A9-aren ondorena

Generalitateak deliturik egin ote duen argitzeko ikerketa hasi du fiskaltzak

Rafael Catala Justizia ministroa, igandean. ZIPI / EFE
Adrian Garcia.
2014ko azaroaren 11
14:16
Entzun

Kataluniako zaintza auzitegiak lanpetuta ibili ziren herenegun. A-9ko prozesu parte hartzailearen aurkako makina bat salaketa jaso zituzten, baina behin-behineko neurririk ez zuten hartu, «neurriz kanpokoak» izan zitezkeelako. Justiziak, beraz, ez zuen trabarik jarri, eta, oro har, eragozpenik gabe bozkatu ahal izan zuten kataluniarrek. Baina lasaitasunak gutxi iraun diezaioke Generalitateari. Kataluniako Gobernuak desobedientzia eta prebarikazioa egin eta funtsak bidegabe erabili ote dituen ikertzen ari da Kataluniako Auzitegi Gorenaren Fiskaltza, Estatuko fiskal nagusiarekin elkarlanean. Efe agentziak atzo iluntzean jakinarazi duenez, fiskaltzak salaketa gertu du, eta «hurrengo orduetan» aurkez dezake.

Kontsultarako egoitza publikoak erabiltzea delitua ote den argitu nahi du fiskalak. Horretarako, igandean bertan Mossos d'Esquadra polizia autonomikoari eskatu zion bozkatzeko ireki zituzten egoitza publikoen zerrenda helarazteko. Gainera, egoitza bakoitzaren arduraduna, kontsulta egiteko baimena eman duena, identifikatzeko agindu zien. Unipost etxearekin ere harremanetan jarri da. Galdeketarako materiala garraiatu eta propaganda banatu du enpresak. Sinatutako kontratuak eta fakturak erakusteko eskatu dizkio.

«Fiskaltza arduradun bila badabil, nigana jo dezala». Artur Mas Kataluniako presidenteak bere gain hartu du prozesuaren ardura osoa. Generalitatearen arabera, ezin eskatu dakioke boluntarioak identifikatzea, kontsulta egiteko agindua gobernuarena delako. Mossoek ez zuten inor identifikatu, eta Joana Ortega Generalitateko presidenteordearen idatzia igorri zioten fiskaltzari: «Generalitateak eman du egoitza publikoak erabiltzeko baimena». Ortegaren arabera, ezin dute arduradunen izen-abizenik eman, ez dakitelako zein baldintza zehatzetan eman duten aretora sartzeko baimena.

Fiskaltzaren ikerketaz gain, Katalunia osoko beste auzitegietan ere abiatu dituzte prozesuak, alderdi politikoek edo herritarrek jarritako salaketengatik. Besteak beste, PP, UPD, Plataforma per Catalunya eta Falange alderdiek jo dute auzitara, galdeketa bertan behera uztea eskatzeko. UPDk egoitza publikoak husteko eta materiala atxikitzeko eskatu ez ezik, Mas, Irene Rigau Hezkuntza sailburua eta Ramon Espadaler Barne sailburuaren aurka ere salaketa jarri zuen. Plataforma per Catalunya alderdi xenofoboak, berriz, Ortegaren aurka egin zuen.

Zigorrak, «pentsaezinak»

Generalitatearen ustetan, salaketa horiek ez dira urrutira joango. «Mehatxu horiek guztiek gero eta hotzepelago uzten gaituzte», azaldu du Francesc Homs bozeramaileak. Homsen esanetan, «pentsaezina» da Kataluniako Gobernuko kideak inhabilitatzea.

Horrez gain, Espainiako Auzitegi Konstituzionalean aurkeztutako helegitea zabalduko du Generalitateak. Larunbatean Mariano Rajoy Espainiako presidenteak eginiko adierazpenak sartuko dituzte bertan. «Esan zuen A-9a ez zela ez kontsulta bat, ezta erreferendum bat ere. Orduan zergatik inpugnatu zuten?», esan du Homsek. Fiskaltzaren independentzia falta ere salatu du. «PPko iturriek hedabideetan aurreratzen zituzten fiskaltzaren prentsa oharrak. Eskandalu bat da estatuko erakundeak erabiltzea PPren mesederako».

Madrilek ez du galdeketaren emaitzei buruz hitz egin nahi izan, ez baitio zilegitasunik aitortzen. «Propaganda ekintza bat da, eta ez du inolako balio demokratikorik», esan du Rafael Catala Justizia ministroak. Haren hitzetan, justiziak «neurriko erantzuna» emango die galdeketa antolatu dutenei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.