'Badok', Bartzelonako Euskal Etxean

'Badok' BERRIAren Euskal Musikaren Ataria Kataluniako euskal komunitatearen eta euskal musikazaleen aurrean aurkeztu dute.

'Badok.info'-ren aurkezpena Bartzelona, atzo. SAIOA BALEZTENA
Berria
2014ko azaroaren 14a
11:13
Entzun

Bartzelonako Euskal Etxea izan da agertokia, Euskal Herria Sona 2014 jaialdiaren egitarauaren barnean. Euskal musikazale talde bat, hogei bat lagun, bildu da lehen eskutik ezagutzeko Badok-en proiektua eta etorkizuneko asmoak. Jon Eskisabel Badok-eko arduraduna, Ainara Lasa BERRIAko marketin arduraduna eta Pello Urzelai BERRIAko IKT arduraduna aritu dira taula gainean, Euskal Etxeko Roger Salas anfitrioiak ongietorria eman ondoren. Carles Belda kantari eta Badok-eko kolaboratzaileak zuzeneko musika jarri du. Ekitaldia hasteko, eta bukatzeko, euskal-katalan konexioa gauzatuz.

Badok euskarazko musika hedatu eta sustatzeko sortu zen, 2009an. Joan den maiatzean ataria berritu zenetik eginkizun hori “era eraginkorrago batez” betetzen ari dela nabarmendu du Jon Eskisabelek. “Euskal musikak mundu global eta digital honetan ikusgarritasun arazo handiak ditu”. “Badok-ek lagundu nahi du euskal musika ikusgarriagoa eta entzungarriagoa izan dadin. Horregatik, ekoizten ari denaren berri ematen dugu, aktualitatea jarraitzen dugu, musikariak zertan dauden eta zer adierazi nahi duten kontatzen dugu, disko berrien kantuak aurreratzen ditugu… Eta, aldi berean, azken berrogei urteotan sortutako euskal musika hobeto ezagutzen laguntzen dugu, kantu zerrenda gomendatuak eskaintzen dira, gogoeta egiten da lau blogariren eskutik, musika deskubritu egiten da...”.

“Euskal musikari ikusgarritasuna eta irismena emateko bidean, ekarpen garrantzitsua egiten ari da Badok”, gehitu du Pello Urzelaik. Ia 13.000 kantu entzungai jartzea aurrerapauso handitzat jo du. “Badok plataformak erraztu egin du euskal musikara iristea eta entzutea. Eskurago jarri dio zaleari. Badok-en bidez, 184.000 entzunaldi izan dira maiatzetik azarora bitartean. Zifra horrek erakusten du Badok plataforma on bat dela euskal musikaz gozatzeko”, azaldu du Urzelaik. Halaber, ahalik eta euskal musika gehien “eskurago” jartzeko asmoz, Durangoko Azokarako Badok aplikazioa kaleratuko dela jakinarazi du. Aplikazio ikusgarri bat, Android eta iOs sistema operatiboetarako.

BERRIA etengabe berritzen ari dela eta 2014. urtea mugarria izan dela nabarmendu du Ainara Lasak. “2014an  webgunea, paperezko edizioa eta Badok berritu egin ditugu”. Berrikuntza horiek guztiak BERRIA osatzen duen komunitateari baliabide eta eduki gehiago eta hobeak eskaintzeko egin dira. Horregatik, eduki guztiak irekita daude guztientzat. Horregatik landu da 2011z geroztik BERRIAlagunen bidea, BERRIAlagunak dira BERRIAren proiektuaren sostengu nagusia. “Horren haritik, elkarlanerako bideak lantzen hasi gara, adibidez, Bartzelonako Euskal Etxearekin, komunitate hori zabaltzeko, baita Katalunian ere”, azaldu du Lasak.

Bartzelonan aurkeztutako datuen laburpena, ondoko aurkezpenean bilduta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.