Elikadura. Hazkurri kontuak

Garagardoa

2012ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Izan gaitezen esnob: ardoaz nornahik daki, heldu biera edo gararnoari (Elikadura Hiztegia).

Paleontologoek diotenez, litekeena da garagardoa eta ogia garai bertsuan asmatuak izatea (duela sei edo zortzi mila urte), biak ere zereal edo laboreen hartziduraz ekoizten baitira. Lekukoek adierazi bezala, orain pare bat mila urteko euskaldunek edaten zuten zer hartatik biziki urrun, gaur hartzidura bidez erdiesten den urre koloreko (lasto horitik gorrien barna beltzeraino doaz garagardoak) edari alkoholdun (9º-12º) mikatz eta karboniko samarra da; ur, malta (hozituriko laborea garagarra eta, inoiz, gari edo zekalea) eta, Erdi Aroaz geroztik, lupuluz ekoizten da.

Garagardoaren oinarrizko laboreak ez azukrerik, ez urik ez duenez, lehenik laborea malteatu eta ur epeletan murgilduko da. Azukre, proteina eta labore kondarrak dituen likidoari, iragazi eta bizi irakin ondoren, lupulua gehituko zaio; azkenik, legamiak garatzeko moduko tenperaturara epeltzean hasiko da hartzidura. Osagai horiek ez ezik, hauek ere gehitzen zaizkio garagardoari: malteatu gabeko hazi gordin, xigortu edo egosiak, espeziak, eztia, laranja azalak… Badira orain glutenik gabeko garagardoak (sorgo, arroz eta arto beltzez eginikoak), alkoholik gabekoak, etab.



Hartziduraren araberako garagardo mota erdiesten da:

- hartzidura motelekoak (lager edo pils motako edaria; hori edo gorriak, gehienak),

- hartzidura bizikoak (ale; alkohol gradu altuago eta aroma konplexuagokoak, hazitako legamien bidez hartzitutakoak),

- hartzidura espontaneokoa (lambic motakoa; inguruneko eguratsean dautzan legamiek eraginiko hartzidura nozitu du honek),

- hartzidura mistokoak (hartzidura bizi eta espontaneoa uztartu dituztenak). Garagardo batzuek beste hartzidura bat nozitzen dute, botilan sartutakoan.

Kolorearen arabera:

- beltzak, oinarrizko malta arruntari hamarren bat beltz gehiturik;

- horiak, malta hitsekin eginak, apartsu eta lurrintsuak;

- anbarkarak eta gorriak malta xigortuaz ekoitzi direnez, karamelu, hur edo erregaliza iradokitzen dute;

- zuriak, gehientsuenak iragazi gabeak, gaingariz eginak dira.

Sukaldaritzan errezeta asko osatzeko ez ezik, gazta batzuk fintzeko eta haragia kontserbatzeko ere baliatzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.