joxerra senar
Nafarroa. Gobernuaren egoera. Analisia

Barcina bere bakardadean

2012ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Etzi, urtea beteko da Yolanda Barcinak presidente kargua hartu zuenetik. Ekaineko egun haietan UPNk eta PSNk gobernu akordioa aurkeztu zutenean, kazetari gehienek abortuaren harira bi alderdiek azaldutako lehen desadostasunak azpimarratu zituzten. Alabaina, dokumentu hura irakurrita jada antzematen zen munduko materia gogorrena papera dela. Dena eutsi dezake. Akordioak zioen gobernu hark defizitaren muga bete, murrizketa handirik gabe zerbitzu publikoak bermatu, zergarik igo ez, enplegua sortu eta hazkundea suspertuko zuela... Neurritasuna zen hitz magikoa. Administrazioaren «eraginkortasun hutsarekin», goi kargu batzuk kenduta aurreztuko zela esatera ausartu ziren Yolanda Barcina eta Roberto Jimenez akordioaren aurkezpenean.

Urtebete geroago txiste txar bat da ituna. Errealitateak hankaz gora utzi du koadraturaren zirkulua ixteko euren iragarpen ezinezkoa. Orain, gobernua hautsita dago, eta elkarri mokoka ari dira bata eta bestea. Trapu zaharrak ateratzen hasi dira. Oraingo istilu erretoriko horretatik harago, komeni da azpimarratzea zein oinarri labainkorrekin jaio zen gobernu hori.

UPN eta PSN ez dira serioak. Egonkortasuna, erantzukizuna eta Nafarroaren hobebeharra eta gisako hitzak darabiltzate beti ahoan, baina, hasiera-hasieratik, ez dute inongo planik izan. Komenientziak soilik batu zituen gobernuan, eta interes horrek berak banandu ditu. Iazko maiatzeko hauteskunde porrotaren ondoren, aurreranzko ihesean gobernuan sartzea erabaki zuen PSNk, eta litekeena da oker politikoaren neurriaz jabetu izana orain. Kaleko presioak eta barne giroak eraginda PSNk ontzitik jauzi egitea erabaki duen edo UPN gogaituta ote zegoen gutxienekoa da. PSNren bataila politiko nagusia orain Nafarroako kontuen gaineko egoera da. Aterako duten zarata guztiak ezingo du ezkutatu, ordea, euren ardura. Kudeaketa zuzena UPNk izan badu ere, hamarkada oso batean Sanzen gobernuko erabaki garrantzitsu gehienak babestu ditu PSNk, eta iraganeko erabaki haien isla dira kontuak.

Orain, UPN bakarrik dago. Babes politikorik gabe, hauteskundeak aurreratzeko botoia soilik du esku artean Barcinak. Nafarroako komunikabide handiena lagun, oposizioaren oposizioa egingo du. Jada hasi dira. Ezegonkortasunaren mamua haizatuz, inkestetan PPrekin gehiengoa osa dezakeela antzematen duenean sakatuko du botoia.

Propagandak propaganda, inprobisazioa etengabea da, bai arlo ekonomikoan bai politikoan. Jimenez gobernutik bota eta PSNren babesa bilatu nahi izateak ez du zentzurik. Alvaro Miranda karguan sostengatzeak gero kargutik kentzeko zentzurik ez duen bezala —ez da sinesgarria Mirandak otsailetik asmo hori zuen argudioa—. Iparrorratzik gabe, UPNren iparrorratz bakarra bere interesa baino ez da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.