jon ordonez garmendia
Euskarabildua topaketak. Analisia

Bitarteko naturala

2012ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Albert Cuestak atzoko jardunaldietan esan zuena gurera ekarriz, esan daiteke gure hizkuntzaren parte bat Interneten erabiltzen den euskara bada, teknologia berrien garapena aintzat hartuta, geroz eta handiagoa izango dela euskararen erabilera osoan zati horrek duen proportzioa. Internet ez da fikziozko mundu bat: errealitatearen parte bat da, eta hor ere bizkarra ematen zaion aldiko, benetan ematen zaio.

Beste hizkuntza batzuk aurretik nagusi diren arloetan lehiatu behar izan du euskarak beti. Zorionez, ordea, gure aurrekoek egindako lanari esker, euskara kalean, unibertsitatean, zientzian eta literaturan erabiltzea ohikoa da azken belaunaldientzat. Internetek, baina, are eta ataka zailagoan jarri du hizkuntza. Euskara jada ez da soilik lehiatzen gutxietsi eta desagerrarazi nahi dutenen aurka; lehiatzen da gero eta gehiago euskara existitzen dela ere ez dakitenen kontra: nazioarteko konpainiak. Adibide gisara, atzo Cuestak berak emandakoa: sakelako telefonoak egiten dituzten zenbait etxek sakelakoetan euskara hizkuntz aukeren artean jartzeko modua izan arren, kendu egiten dute horien artetik, merkatura atera aurretik.

Lander Arbelaitzek atzo esan zuen bezala, euskaldun gazte eta ez hain gazte askorentzako Dragoi Bolak marrazki bizidunak arraroak dira erdarazko bertsioan, euskaraz ezagutu genituelako eta gure burmuinak euskaraz jaso zituelako. Zerbait ezagutzen duguneko hizkuntza bitarteko natural bihurtzen da horren erabileran. Gauza berri bakoitzak badu berezko hizkuntza bat, hain zuzen, ezagutzen dugunean erabiltzaileok naturaltasunez ibiltzen duguna. Horregatik oso garrantzitsua da sortzen den teknologia berri bakoitzean euskara hasieratik egotea, eta horregatik da hain garrantzitsua ahalegin horretan administrazioek eta eragileek exijitzea erreminta horiek euskaraz egotea, bezero direla baliatuz. Euskaldunok euskaraz ezagutu behar ditugu teknologia berriak, eta euskarak teknologia berriak behar ditu.

Eta beharrak premia du, Cuestak berak esan zuenez ahotsaren erronka datorrelako. Ahotsaren bitartez erabiltzen diren hiru gailu erakutsi zituen: kafea egiteko makina, telebista eta autoa. Inor gutxik jarriko du zalantzan horiek ingelesez erabiltzen ikasiko dugula. Baina, horren ondoren, gaztelerarekin eta frantsesarekin euskara egoteak baldintzatuko du zein dugun bitarteko natural.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.